[Urtekaria] Metalgintzak ituna berritu du

[Urtekaria] Metalgintzak ituna berritu du

Miren Garate

Historikoki, euskal negoziazio kolektiboko hitzarmenik gatazkatsuenetako bat izan da Gipuzkoako metalgintzakoa. Liskar handirik gabe lortu dute akordioa oraingoan, baina ezin esan prozesua samurra izan denik. Izan ere, hamar urtean egon da agortuta. Azkenerako, ELAk, LABek eta CCOOk eman diote oniritzia patronalaren eskaintzari, eta negoziazio mahaiko sindikatuen artean, UGT izan da sinatu ez duen bakarra. Hala ere, batasun sindikala egon denik ere ezin da esan. 2022ra arte egongo da indarrean itun berria, eta, besteak beste, soldata igoerak, lan erreformaren aurkako blindatze klausulak eta aldi baterako lan enpresen bidez egindako kontratuak gehienez urtebetekoak izatea biltzen ditu.

Pandemiaren atarian izan zuten sindikatuek eta Adegik metalgintzaren ituna berritzeko lehen bilera, otsailaren amaieran. Udaz geroztik hasi ziren berriro aldeen arteko negoziazioak. Hainbat hartu-emanen ostean, urriaren hasieran iragarri zuen ELAk prest zegoela patronalaren proposamena onartzeko. Horrek oso gertu jartzen zuen lan hitzarmen berria sinatzeko aukera, sektorean gehiengo zabala duelako sindikatu horrek, ia %49koa. Nolanahi ere, haren oniritzia ez zen aski hitzarmenak eragin orokorra izateko.

Iragarpen horren aurrean, gainerako hiru sindikatuek esan zuten artean hobekuntza gehiago nahi zituztela, eta negoziazioa arriskuan jartzea egotzi zioten ELAri, proposamena alde bakarrez onartu zuelako. Adegik esan zuen bi asteko epea emango zuela beste sindikaturen baten babesa lortzeko, bestela, proposamena behin betiko erretiratuko zuela. Baina tarte horretan, hobekuntza batzuk ere eskaini zituen patronalak, batez ere generoaren arloan, eta, aurrerapauso horiek medio, LABek eta CCOOk ere ituna sinatzea erabaki zuten.

Genero arloko hobekuntzak

Sektore oso maskulinizatua da oraindik metalgintza. Sindikatuek dituzten datuen arabera, hamar langiletik bakarra da emakumea. Gainera, lanpostu jakin batzuetan aritu ohi dira emakumeak: bulegoetan, garbiketan… Adostu duten lan hitzarmenaren arabera, berdintasun planak egiteko, enpresek legeak agintzen duena baino informazio gehiago eman beharko diete sindikatuei, eta garaiz, legeak jartzen duen gehienezko epe mugara iritsi baino sei hilabete lehenago, gutxienez.

Aurtengo martxoaren 7tik, 150 langile baino gehiagoko enpresa guztiak berdintasun plan bat edukitzera behartuta daude; 2021eko martxoaren 7tik aurrera, 100-150 langileko enpresek ere bete beharko dute baldintza hori; eta 2022ko martxoaren 7tik aurrera, 50-100 langileko enpresek ere bai. Sindikatuen ustez, berdintasun plan eraginkorragoak egiten lagunduko du enpresari buruzko informazioa edukitzeak. Arantza bat ere geratu zaie, ordea. Izan ere, enpresa batek berdintasun plan bat onartzeko, legeak dio zuzendaritza behartuta dagoela langileekin negoziatzera, baina ez da ezinbestekoa bi aldeen arteko akordioa. Sindikatuek nahi zuten derrigorrezkoa izatea langileen oniritzia, baina Adegik ez du onartu puntu hori.

Generoari lotutako beste berrikuntza nagusia da berdintasunerako batzorde bat sortuko dutela patronalaren eta sindikatuen artean, hitzarmena indarrean sartu eta hiru hilabete igaro baino lehen. 2007-2009 urteetarako sinatutako hitzarmenean ere ageri zen neurri hori, baina, azkenean, batzordeak ez zuen bilera bakar bat ere egin. Epeak zehaztu direnez, orain bestelako bidea egingo duela uste dute sindikatuek.

Garrantzi handia du metaleko lan hitzarmenak Gipuzkoan. Alde batetik, langile ugariri eragiten dielako, 40.000 ingururi, hain zuzen. Bestetik, erreferentzia bat ere izan ohi delako, eta hari erreparatu ohi zaiolako beste itun batzuk negoziatzean ere.

Leave a Reply

Your email address will not be published.