2041

Juan Luis Zabala

Sututa nagon! —esango diot 2041eko urtarrilaren 8an—. Ilargian lan egitea eta ilargira itzultzea debekatu ez zidan ba AGK Aginte Global Konputerizatuak! Niri! Han bost urtez lanean aritu eta gero! Nire onena ematen AGKren aginduetara eta gizateriaren alde! Algoritmo malapartatu bihozgabeak!

—Eta haserre al hago horregatik? Heuk ere askotan esan didak AGKren aginduei men egitea dela gizateriaren salbabide bakarra, AGKrik gabe aspalditik ginela izarren hauts bihurtu eta espaziotik desagertuak! Pandemietatik salbatu gaituela, berotze globalaren eraginetatik, gerra nuklearretatik eta bestelakoetatik, pobreziaren hedapen hilgarritik… Zertara dator orain sumindura hori?

—Adiskide onak zeuzkanat ilargian, eta AGK-k uzten zien hara joaten hango lana utzia duten beste batzuei.

—Motiboren bat izango dik horretarako. Azaldu al dik zergatik hiri ez dian utziko?

—Adina eta osasun arazoak ditun aitzakia. 78 urte ditudala eta bihotzeko bat izan nuela duela bost urte. Bidaian beste bat izateko arriskua omen zeukanat… Kaka zaharra!

—Arrazoizkoa ematen dik debekuak. Seguru hala dela.

—Bai zera! ONO Osasun Neurgailu Orokorraren tunelean egin zidaten azken proban dena ondo zegonan, kezkatzeko motibo bat ere ez zidanan atzeman konputagailuak. Gainera, desfibriladore bikainak izaten ditun ilargirako espazio-ontzietan…

—Baina AGK-k horrelako mugak ezarri beharra zeukak nahitaez. Parametro batzuk, algoritmoa… Heuk ere askotan defendatu duk hori. Gizateriaren iraupenaren eta ongizatearen aldekoak dituk AGKren erabaki guztiak, batzuetan gizabanakoaren kalterako izan daitezkeen arren. Hiri egokitu zaik orain alde txarra eta onartu egin behar duk.

—Teoria hori guztia ondo neureganatua eta irentsia zeukanat, baina praktikan norberari egokitzen zaionean… Sekulako amorrazioa zeukanat! Behin bakarrik joateko baimena eskatu zionat AGKri, azkeneko aldiz, hango lagunak agurtzeko, baina hori ere ukatu egin zidan.

—Ezin dik salbuespenik egin.

—Egiten ditin ba!

—Bai, baina salbuespen horiek ere algoritmo adimendunek ezarritako arau subsidiario bati lotuta zeudek, araudi zurrunegi baten mendean itota senti ez gaitezen. Hire hitzekin ari nauk esaten. Askotan azaldu didak heuk horixe bera. Gezurra ematen dik!

—Hala dun, bai. AGKren aldeko amorratuenak ere haren aurkako amorruak hartzen gaitin gure aurkako erabakiak hartzen dituenean.

—Hiltzeko prest daudela diotenei ere antzeko zerbait gertatzen zaiek tenorea iristen sumatzen dutenean. Hi bizirik hago behintzat, eta osasun ona daukak gainera, ONOk egiaztatua. Eta, azken batean, ilargiko lagunekin bideokonferentziaz hitz egitea daukak nahi duanean.

—Bideokonferentziaz!? Egon hadi isilik! Ez ditun ba konparatuko ilargiko festak bideokonferentzien tristurarekin! Zer esan ez dakidala geratzen nauk horrelakoetan pantailari begira…

—Ez geundean askoz hobeto duela 20 urte, 2021ean. Ahaztua al daukak? Orduan ilargira joaterik ere ez genian, eta Lurrean festak debekatu zizkigutean orduko estatu-gobernu zaharkituek, COVID-19aren pandemiaren ondorioz. Eta ez festak bakarrik, kalera irtetea bera ere bai ordu jakin batzuetatik aurrera, elkarrekin egotea eta elkar besarkatu eta elkarri musu ematea… Utzi kexuak eta eskatu bi garagardo!

Leave a Reply

Your email address will not be published.