Azizentzat bizikleta

Azizentzat bizikleta

Ariane Vierbücher

Elkartasunerako deia egin du Ordiziako Goierri Eskolako ikasle talde batek. “Aziz izeneko 17 urteko mutiko senegaldar batentzat [Aziz Ndaye] egokitutako bizikleta bat diseinatzea, fabrikatzea eta eraikitzea da helburua”, eta bizikleta egiteko behar duten materiala lortzeko finantzazio bila ari dira. “2.000 euro behar ditugu”, zehaztu dute. Horri esker, Azizi “egunerokoa pixka bat hobetuko dion” bizikleta egin ahal izango dute, “eta oinarrizko hezkuntza jaso ahal izango du”, Izaskun Mateosek esan duenez. Goierri Eskolako ikasle eta proiektua garatzen ari den lantaldeko kideak dira Miriam Zabala, Asier Alvarez eta hirurak, eta eurekin ari da Juan Kerejeta Kellesensa GKE gobernuz kanpoko erakundeko kidea ere.

Hain zuzen ere, Goierri Eskolako ikasle taldeak Kellesensa erakundearekin elkarlanean garatuko du proiektu hezigarri eta solidario hori. Senegalen, Kelle herrian, giza laguntza ematea eta talde lana sustatzea da Kellesensaren helburu nagusia. Osasungintzan lan egiten du Kerejetak, Tolosako Asuncion klinikan, hain zuzen ere, eta, azaldu duenez, 2018tik ari dira inguru hartan lanean. Urte hartan joan ziren lehendabiziko aldiz Kellera lanera, jatorri senegaldarra duen klinikako lankide batek xaxatuta. Lehen bidaia egin aurretik, Kelleko osasun zentroarekin harremanetan jarri ziren, zeuzkaten behar nagusiak ezagutzeko eta zertan lagun zezaketen zehazteko. Hari horri tiraka iritsi ziren Azizenganaino, eta Kellesensa erakundeari esker iritsiko da bizikleta Senegaleraino.

AZIZ NDAYE

Hiru ataleko proiektua

Goierri Eskolan, Administrazio eta Finantza zikloan, ikasturte amaierako proiektuak egin ohi dituzte beti, eta Senegalekin sortu den hartu-emana baliatuko dute aurten lan hori gauzatzeko. “Azizentzat egokitutako bizikleta eraikitzeko sortu zen proiektu hau”, kontatu dute eskolako ikasleek eurek.

Ikasleek, orain arte, errentagarritasun planak egin behar izan dituzte ikasturte amaierako proiektuak garatzeko. “Hala nola, denda bat irekitzeak daukan errentagarritasuna aztertu behar izan dugu; AEBetan igogailuen motorra saltzeko ikerketa bat ere egin dugu; bertako produktu bat ekoizteko eta saltzeko beste ikerketa bat ere bai; eta pardelen birziklapenari buruzko beste ikerlan bat ere egin dugu”.

Kellesensaren proiektuari esker, ordea, “beste metodologia bat” erabili behar izan dute ikasturte honetan: “Eskolako hiru ziklo elkartu eta koordinatu egin behar izan dugu, irabazi asmorik gabeko proiektu bakar bat sortzeko”.

Lehenik eta behin, diseinu taldeak atalez atal diseinatu du bizikleta. Azizek altuera jakin batera igotzeko daukan zailtasuna kontuan izanda diseinatu dute bizikleta, eta zorrotz zaindu dituzte fabrikazio prozesua eta material guztiak ere. Burdina eta plastikoa erabiliko dituzte egokitutako bizikleta egiteko, eta “arina eta fabrikatzeko erraza” izan dadin saiatu dira.

AZIZ NDAYEREN BIZIKLETA

Behin bizikletaren diseinua eginda, administrazio eta finantza taldeak ezagutarazi du proiektua gizartean; herritarren eta enpresen laguntza eta finantzazioa lortzea da talde horren helburua, horri esker materiala erosteko eta bizikleta eraiki ahal izateko. Fase horretan dago proiektua une honetan.

Hainbat ate jo dituzte 2.000 euroak lortu ahal izateko, baina oraindik ez dira iritsi beharrezkoa duten kopurura. “Hainbat produktu saltzen ari gara dirua lortzeko, maskarak eta poltsak, besteak beste”. Baina hori baino gehiago ere beharko dute, eta proiektua babestu nahi duen orok, bai herritarrek, bai enpresek, ekarpenak egin ditzakete. Bizum bidez egin daitezke ekarpenak, 607-40 81 22 zenbakian, eta baita Kellesensaren webgunean ere (www.kellesensa.org).

Proiektuaren hirugarren fasean sartuko dira beharrezkoa duten diru kopurua lortu bezain pronto, eta orduan gorpuztuko dute aurrekoen lana. Soldatze taldeari dagokio azken lan hori, bizikletaren oinarrizko egitura osatzea, hain zuzen ere: ardatza, norabide tutua… Hirugarren fase horretan elkartu, zuzendu, soldatu eta muntatuko dituzte zati guztiak.

Proiektuko hiru ikasleak “gogotsu” ari dira lanean, euren formakuntzarako “oso praktika interesgarria” delako, eta, Alvarezek esan duen moduan, “lan mundura gerturatzeaz gain, arlo emozionala ere hor dagoelako”. Goierri Eskolako ikasleek aho batez onartu dute ezaugarri horri esker “are gogo gehiagorekin” heldu diotela egitasmoari. “Pertsonalki asko betetzen gaitu lan honek”, aitortu dute hirurek. “Bizikleta berezi hau egiteaz gain, eta lan mundurako prestatzeaz gain, guretzat oso sentsazio berezia da Azizi laguntzen ari garela kontziente izatea”.

Azizekin zuzeneko harremana izateko aukera ere eduki dute, gainera. “Oso pozik eta urduri dago hura, baina luze egiten ari zaiola esan digu”. Ibiltzeko zailtasunak dauzka Azizek, eta egunerokoa erraztuko dio bizikletak; eskolara joatea, esaterako.

Jaio zenetik arazoak

Hanketako arazo batekin jaio zen Aziz Ndaye, eta ondo ibiltzea galarazten dio horrek; hiru gurpildun bizikleta batekin mugitzen da egun, baina mugitzeko gaitasun mugatua dauka. Eskolara joatea galarazten dio horrek, egunero hamar kilometro egin beharra baitauzka haraino iristeko. Azizek berak hala azalduta, zailtasun horregatik, sarritan eskolan gelditzen da lotan, lurrean, hurrengo egunean bide luze eta zail hori berriz egin beharrik ez izateko.

Senegalgo osasun eta ekonomia sistemaren “egoera kaskarra” dela eta, gaztea ez da ari jasotzen beharrezkoa duen arreta. Senegalen moduko herrialdeetan errealitate horri aurre egin behar izaten diote pertsona elbarri gehienek.

“Erabat zahartuta” dago Azizek egun erabiltzen duen bizikleta berezia, “erabat gastatuta” dauzka gurpilak, eta ia ezin da erabili, materiala ere ez delako egokiena bertako bideetan barrena ibiltzeko. Horren jakitun eskatu zioten Kellesensa erakundeko kideek laguntza Goierri Eskolari, eta haiek gizarte osoari egin diote proiektua babesteko eta elkarlanerako deia.

Leave a Reply

Your email address will not be published.