Krisi hotsak baretzeko erremedioa

Krisi hotsak baretzeko erremedioa

Unai Zubeldia

“Oso harrera ona izan du orain artekoak, bai sortzaileen aldetik, bai areto eta antzokien aldetik, eta baita publikoaren aldetik ere”. Aitor Bengoetxea Euskal Herriko Musika Bulegoko lehendakaria gustura dago Beste bat! zuzeneko arteen zirkuituak sortu duen mugimenduarekin. “Egoeraren larritasunari erantzunez, azaro amaieran azkar batean aurkeztu genuen proiektua”. Musika Bulegoak eta Euskadiko Antzokien Sareak elkarlanean, eta Eusko Jaurlaritzak diruz lagunduta, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan hirurogei bat ikuskizun eskaini zituzten azaroan eta abenduan. Lehen pauso sendoak emanda, berrehunen bat ikuskizun daude programatuta urtarril-otsailerako, horietatik ia erdiak Gipuzkoan.

Musika emanaldiak izan dira eta izango dira gehienak, %80 inguru, baina dantzak, antzerkiak eta zirkuak ere bere tokia izango dute herriz herriko eskaintzan. Adibide gisa, gaur bertan, Mug-Mus eta Eider Rodriguezen emanaldia izango da Errenterian; igandean, Goazen 7.0! ikuskizunarekin gozatu ahal izango da Oñatin; hurrengo asteazkenean Suakairen txanda izango da Tolosan; eta, biharamunean, bost emanaldi eskainiko dituzte Gipuzkoan: Amaia Elizaran ariko da Donostian, Korrontzi eta Xabier Amuriza Eibarren, Rafa Rueda Lezon, Eñaut Elorrieta Villabona-Amasan, eta Amorante Zarautzen. www.beste-bat.eus webgunean ikus daiteke urtarril eta otsaileko agenda guztia.

Kultura kontsumitzeko deia

Sona handia daukaten artistak, hasiberriak…; denetik dago Beste bat! zirkuituaren eskaintzan. “Eta emanaldietako askotan agortu egin dira sarrerak. Horrek erakusten du jendeak badaukala kultura kontsumitzeko nahi hori, modu seguruan kontsumitzekoa, noski”, ondorioztatu du Bengoetxeak. COVID-19a iritsi zenean, kolpea hartu zuen kultur arloak, eta laguntza eskatu zien erakundeei. Laguntzaz gain, ordea, herritarren erantzuna behar zuten aretoak betetzen hasteko. “Eta pixkanaka beldur hori galtzen ari direla uste dut. Ulergarria da hasierako mesfidantza hori, baina orain jendea aretoetara nahikoa konfiantzarekin joaten dela uste dut”.

Musika Bulegoko lehendakariak azpimarratu egin nahi izan du emanaldietan euskarak duen presentzia. “Euskaraz dira saioen %71, eta hitzik gabeak beste %12”. Horrez gain, genero ikuspegia ere mahai gainean jarri du Bengoetxeak: “Bereziki zaindu nahi izan dugu zuzendari gisa emakumezkoak ari diren ikuskizunak”.

Eta emanaldien aniztasuna ere goratu du: “Pop-rocka, klasikoa, folka, jazza…; denetariko estiloak dauzkagu zirkuituaren barruan. Musikak eta antzerkiak, gainera, bizirauteko ahalegin horretan bat egin dute kasu askotan”. Pixkanaka fruituak ematen ari da “kate osoa” bultzatzeko eta kultur eszena “aktibatzeko” sortutako proiektua, eta Bengoetxeak herritarrei dei egin die “kulturaz gozatzen jarraitzeko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.