Soinuarekin, trikitiaz harago

Soinuarekin, trikitiaz harago

Irati Saizar Artola

Xabi Malbadi albiztuztarra etxean hasi zen soinu txikia jotzen, 5 urte ingururekin. Eta, orain, etxean bertan grabatu du bere lehen diskoa: Zero. Trikiti doinuetatik aldendutako lana da, ordea. “Soinua dominatzen hasi nintzenean, trikiti doinuak ez bestelako musika aukeratu nuen, kanta bereziagoak”, azaldu du. Horren adibide dira, besteak beste, lehen diskoan jaso duen Mozarten eta Bachen pieza bana edota Super Mario Bros jokoko abestia. Zazpi abesti dira guztira.

2010etik 2015era “kapritxoz” ikasitako abestiak sartu ditu diskoan. “Nonbait bilduta geratzea nahi nuen, edozein soinujolek ikus dezan jo daitezkeela trikitiaz aparteko pieza kuriosoak ere”. Trikiti doinuetatik aldentzean, ordea, hainbat mugarekin egin izan du topo Malbadik. “Instrumentuak berak muga asko ditu trikiti doinuetatik aldentzean; esaterako, soinuak ez dituelako zenbait nota, eta ezin delako jo edozein abesti”.

Muga horietako batzuk nabaritzen dira disko berriko abestietan, baina, hala ere, “era batera edo bestera” muga horiei “aurre egiten saiatu” da albizturtarra. Abestiren batean baxuko melodia jo ezinda geratu da, soinuak barne biltzen dituen notetatik goiko edo beheko notak falta izan zaizkio, edota abestia bere horretan jotzeko beharrezko nota bat falta izan zaio. Baina arazo guztiei aurkitu die erantzuna. Sare sozialetan bideo bat argitaratu du, abestiz abesti esplikatzeko zer mugekin egin duen topo eta nola egin behar izan dien aurre.

Muga horiez jabetzen hastean, aldaketa bat egin zion soinuari. Haren aita Iñaki Malbadi trikitilaria arduratu zen aldaketa hori egiteaz, “gauza horietan artistagoa baita eta esperientzia handia baitu soinuak konpontzen”. Tekla zuri guztien artean beltz kolorekoa du bat, eta tekla horri dagozkion notak, ixtekoa eta irekitzekoa, trukatu egin zituen, “aukera gehiago izateko jotzeko orduan”. Hala ere, zehaztu du soinuari aldaketa horiek egin beharrik gabe jo daitezkeen piezak sartu dituela Zero diskoan.

1996koa da diskoko abestirik berriena eta 1790ekoa zaharrena. “Denetariko musika gustatzen zait, baina gehiago entzuten dut aspaldiko musika; atentzioa eman izan didaten abestiak jotzea gustatzen zait; beti erronkak jarri izan dizkiot neure buruari, ea gai ote naizen pieza berezi batzuk soinuarekin jotzeko”. Gainerako soinujoleei mezua bidali nahi die Malbadik: “Diskoak balio diezaioke norbaiti abestiak entzuteko eta ikasteko, zailagoa baita beste instrumentu batzuekin jotako abestiak soinura ekartzea; errazagoa da soinu batekin jota dagoenetik ikastea”.

Albizturtarrak “mikrofono arrunt batekin” grabatu ditu lehen diskoko lanak. “Baina etorkizunean inork eskainiko balit estudio batean grabatzeko aukera, gustu handiz egingo nuke”, aitortu du. Ez du ezer zehaztu, baina aipatu du etorkizunean, “akaso”, beste disko batean bilduko lituzkeela soinuari egindako aldaketekin soilik jo daitezkeen piezak, bestela jotzeko aukerarik ez daukatenak.

Soinua eta trikitia

Soinuari trikitia deitzen diote askok. Malbadik, ordea, esan du ez direla gauza bera eta badu argitzeko erantzuna: “Adituek diote panderoak ateratzen duen hotsaren onomatopeia dela trikitia hitza; hortaz, hasiera batean, panderoarekin sortzen den musika estilo horri erreferentzia egiteko erabiltzen zen trikitia”. Urte askoan, soinua musika estilo horretan ikusi izan da plazaz plaza, eta, azken batean, horregatik deitu ohi zaio instrumentu horri ere horrela. “Gure etxean, hala ere, betidanik soinua deitu izan diogu instrumentuari”.

Malbadik berak soinua trikiti bidez ikasi izan du umetatik, aitak horrela erakusten ziolako. Anaia Ander ere soinua jotzen hasia zen bera ikasten hasterako, eta oinarrizko piezak jotzen ikasi zuten hasiera batean. Gogoan du, ordea, 15 urte ingururekin “serioago” jotzen hasi zela bera. “Piezak gure erara ikasten hasi ginen, eta lagun batzuei soinua jotzen irakasten ere ibili nintzen”.

Urte batzuk atzera eginda, anaiarekin eta beste hainbat kiderekin Zesuma erromeria taldearekin ibili zen plazaz plaza, trikiti doinuak eta modako abestiak joz. Bidea eginda, esku artean du orain bere lehen diskoa, eta beste bide bat ere hartu du: iaz hasi zen sare sozialetarako abestiak grabatzen. “Sarean zabaldu nahi nuen soinuarekin bestelako musika ere jo daitekeela; abesti batzuk grabatuak nituen, eta Durangoko Azokan parte hartzera animatu nintzen”. Azaro erdirako besapean zuen disko berria, eta horrela, azoka birtualean ale batzuk saltzeko aukera izan zuen: “Aurrez ez nuen izan aukerarik lana gehiegi zabaltzeko, baina espero baino harrera hobea izaten ari da egia esan; pozik nago”. Hala nahi duenarentzat, sare sozialen bidez eskaera eginda, oraindik ere baditu ale batzuk salgai.

Leave a Reply

Your email address will not be published.