Dibulgazioak bere tokia du Goierrin

Dibulgazioak bere tokia du Goierrin

Kerman Garralda Zubimendi

Infinituaren sinboloari esaten zaio lemniskata. Zortzi etzan baten itxura du, eta amaierarik ez duela irudikatzen du. Amaitu orduko, berriz hasten da. Goierriko zientzia sarea ere, Lemniskata, urtea amaitu orduko hasten da hurrengoa prestatzen, urte osoan antolatzen baititu ekintzak. Urtarrila, matematikaren bila zikloarekin ekiten diote urteari. Matematikaren inguruko hitzaldiak eskaintzen dituzte bertan, eta gaur izango da lehendabizikoa, Marta Macho EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslearen eskutik. Datozen bi ostiraletan ere izango dira hitzaldiak Beasainen, Igartzako jauregian guztiak, 19:00etan hasita. Matematika Argazki Lehiaketako sari banaketarekin eta erakusketaren irekierarekin itxiko dute zikloa, urtarrilaren 29an.

Lemniskata sarea 2012an hasi zen lanean: “Zientziaren dibulgazioa eta hausnarketa bultzatu nahi genuen: jakinduriarena, alegia”, azaldu du Jose Luis Etxezarreta elkarteko kideak. “Ikusten genuen gizartean gero eta teknologia eta zientzia gehiago erabiltzen dela, baina gero eta gutxiago dakigula. Dibulgazioak bere lekua behar zuela iruditzen zitzaigun”. Etxezarretak azaldu du garai batean bazirudiela zientzia AEBetan bakarrik egiten zela, “Urruti. Baina bertatik bertara ari gara. Ordizian Lortek dugu; Donostian zenbat laborategi eta ikerketa zentro ditugu? Zientzia gure artean dago, eta hori dena zabaldu egin behar dugu”. Etxezarretak uste du gizarteak dibulgatzaile horien beharra duela. “Baina dibulgatzaileek ere behar dute gizartea. Zer lan egiten ari dira? Zer egoeratan? Hori guztia jakin egin behar du jendeak”.

Euskal Herriko zientzialariei oholtzara igotzeko aukera eskaintzen die Lemniskatak. “Urteak daramatzagu hiruzpalau hitzaldi eskaintzen. Ez genuen espero horrenbeste jende egongo zenik gure inguruan; jende asko dago, baina gertatzen dena da ez dutela izan erakusleihorik”. Orain arte, hasiberriak zein izen handiko zientzialariak aritu dira hizlari lanetan. “Erraztasun handiak eman dizkigute denek. Zientzialariek ahalegin handia egiten dute dibulgazioaren mesedetan”. Euskara eta parekidetasuna bermatzeko saiakera ere egiten dute antolatzaileek.

Sare zabala daukate sortuta

Laurogei bazkide inguru ditu Lemniskata sareak, nahiz eta antolaketa lanetan hamar bat aritzen diren. “Gustura egiten dugu lan hau, eta, badakizu, gustura egiten dena errazago egiten da. Momentu batzuetan bada neketsua, lana ez delako txantxetakoa”. Baina Etxezarretak uste du egindako lanarekin taldeak bere lekua lortu duela herritarren kultur eskaintzan, eta ohiko bilakatu dela. “Gaiaren arabera, aretoa gehiago edo gutxiago betetzen da. Hitzaldietan beti elkartzen dira 40-50 lagun, baina berrehun entzule baino gehiago ere izan ditugu”. Eurena “talde txikia” dela azpimarratu du Lemniskatako kideak: “Xumeak gara, eta hala izaten jarraitu nahi dugu. Gure xumetasun horrekin ahalik eta gauzarik handienak egin nahi ditugu”.

Sareko kide egin nahi duenak Lemniskataren sare sozialen bidez egin dezake, edo hitzaldiren batera joanda. “Besoak zabalik hartuko ditugu guztiak. Askotarikoak gara: unibertsitate arloko jendea dago, langile soilak… Jakin-minak bultzatzen gaitu guztiok”. Etxezarretak azpimarratu du zientziarekiko interesa zuten askok elkar ezagutu dutela Lemniskatari esker. “Lehen ere egongo zen zientziarekiko interesa izan eta mugitzen zen jendea, baina ez genuen elkar ezagutzen”.

Sarea osatu, eta eskualdean zientziaren kultura zabaldu dute; Etxezarretaren ustez, zientziaren makulua beharrezkoa delako garatzen jarraitzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.