“Ez zaio balio bera ematen baldosak garbitzeari eta galtzadak garbitzeari”

“Ez zaio balio bera ematen baldosak garbitzeari eta galtzadak garbitzeari”

Miren Garate

Esparru zabala hartzen du garbiketak, eta hainbat lan hitzarmenek arautzen dituzte jarduera horretan aritzen diren langileen lan baldintzak: epaitegi eta ertzain etxeetako ituna dago, aldundikoa, kale garbiketakoa, hezkuntza zentroetakoa… Tartean, eraikinetako eta lokaletako garbiketakoa ere bai. Huraxe da, hain zuzen, jende gehien biltzen duena, eta baldintzarik okerrenak dituena. Ezkaratzak, supermerkatuak, banketxeak, liburutegiak, industria enpresak, bulegoak, kiroldegiak eta bestelako espazioak garbitzen dituzten langileei aplikatzen zaie itun hori. Gipuzkoan, 5.000 laguni baino gehiagori.

Pandemia betean, agintariek funtsezko jardueratzat izendatu zuten beren lana, eta balkoietako txaloen bidez eskertu zitzaien egiten zutena; haiek, ordea, lan baldintzetan ikusi nahi dute aitortza, eta patronalak orain arte mahai gainean jarritako proposamenetan ez dute halakorik nabari. Hala, grebara jotzekotan dira urtarrilaren 21ean eta 22an, ELA (%54ko ordezkaritza dauka negoziazio mahaian), LAB (%17), CCOO (%15) eta UGT (%8) sindikatuek deituta —ESK (%5) ere badago negoziazio mahaian, baina ez du bat egin deialdiarekin—. Aurrez, gaur goizean, beste bilera bat izango dute Aspel patronalarekin, egoera onbideratzen saiatzeko.

Kale garbitzaileekiko duten soldata arrakala murriztea da langileen eskaera nagusietako bat. Sindikatuek emandako datuen arabera, %28ko aldea dago batzuen eta besteen artean. Azken lan hitzarmenen arabera, 17.500 eurokoa da gutxieneko soldata gordina eraikinen eta lokalen garbiketan; kale garbiketan, berriz, kategoria baxuenekoek 23.000 euro inguru irabazten dituzte, kalean lan egiteagatik duten plusa kontuan hartu gabe. Hau da, plus hori alde batera utzita ere, urtean 5.500 euro inguru gutxiago irabazten dituzte eraikin eta lokaletako garbitzaileek.

Badago alde esanguratsu bat bateko langileen eta bestekoen artean: kale garbiketan, %80 gizonak dira, eta eraikin eta lokaletan, emakumeek osatzen dute ehuneko hori. Langileen ordezkariek uste dute ez dela kasualitatea soldatetan dagoen aldea. “Ekonomikoki ez zaio balio bera ematen baldosak garbitzeari eta galtzadak garbitzeari”, esan du Haizea Solagurenbeaskoa LABeko federazio pribatuko kideak. Haren esanetan, negoziazioan, “gaia sozializatu” nahi dute. “Instituzioei eta administrazioei ahoa betetzen zaie soldata arrakala gainditu behar dela esanez, eta kasu honetan errealitate bati buruz ari gara, emakumezko garbitzaileen aurpegia duen errealitate bati buruz”.

GARBITZAILEA

Patronalak berak errealitate hori ukatu egiten duela nabarmendu du Ane Alberdik, ELAko Donostiako garbiketako arduradunak. “Esaten digute ez dagoela arrakalarik, tresna ezberdinak erabiltzen ditugunez, lanak ez direlako berdinak”. Azaldu du kale garbitzaileek badituztela plus batzuk tresna horiek erabiltzeagatik. “Eta gu ez gara plusak eskatzen ari orain, garbitzeagatik dagoen aldea murrizteko eskatzen dugu. Denok lan bera egiten dugu: garbitu. Guk eremu pribatuan, eta haiek publikoan”.

Horri lotuta, azaldu dute pandemiak pixka bat lagundu duela garbiketaren garrantzia bistaratzen. Alabaina, oro har, “ikusten ez den lan bat” da eraikinetakoa eta lokaletakoa. Txukun-txukun egon ohi dira espazioak, baina gutxitan topa daiteke garbitzaile bat lanean. “Garbitzeari uzten zaionean konturatzen gara garbiketaren garrantziaz; bitartean, balio txikia ematen zaio, normaltzat-edo jotzen da dena garbi egotea, bakarrik egingo balitz bezala”, esan du LABeko ordezkariak.

Kontratu partzialak

Lanaldi osoko kontratuak bultzatzea da langileen beste eskaera nagusia. Kale garbiketarekin alderatuta, proportzio berberak agertzen dira berriz ere: eraikin eta lokalen garbiketan, %80k kontratu partzialak dituzte; kale garbiketan, lanaldi osoko kontratuena da tasa hori. “Ordu erdiko kontratuak eta halakoak ohikoak dira eraikin eta lokaletan. Lanaldi oso bat lortzeko, askotan, emakume batek hamalau ordu pasatu behar izaten ditu etxetik kanpo: 05:00etan banketxe bat garbitu, handik ateratzean denda bat, gero ezkaratz bat, gero ordu batzuetan ezer ez, eta azkenengo lana, akaso, 20:00etan”, dio Alberdik. Enpresa bereko lanak izanez gero, joan-etorrietan egindako denbora kontuan hartzen da, baina ohikoena da langileek enpresa batean baino gehiagotan izatea kontratuak.

Gisa horretako kontratuek emakumeen bizi baldintzetan duten eragina aipatu du Solagurenbeaskoak, lanaldi txikiagoak soldata ere proportzionalki txikiagoa izatea ekartzen duenez, ekonomikoki mendekotasun egoeran geratzen direlako. Emakumeei “gizarteak edo sistemak ezartzen dizkien lan kargak” ere ezin direla ahaztu nabarmendu du, horien eraginez, are lanaldi txikiagoak eta soldata txikiagoak eduki behar izaten dituztelako askotan. “Soldata duintzeak bizitzako beste aspektu batzuk duintzen ere laguntzen du. Pribatizatutako lan bat da garbiketa, eta LABen oso argi dugu egoera bestelakoa izango litzatekeela lan horiek publikoak balira eta bestelako aitortza bat balute”.

Negoziazio mahaian, hirugarren eskaera bat ere badute sindikatuek: berdintasun planak legeak agindu baino hobeak izatea. Legearen arabera, gaur egun, 150 langiletik gorako enpresak daude behartuta berdintasun planak egitera, eta martxotik aurrera, ehunetik gorakoek izango dute betekizun hori. Plana langile batzordearekin kontsultatu behar izaten dute enpresek, baina indarrean jarri ahal izateko, ez da ezinbestekoa akordio bat egotea. “Guk esaten duguna da berdintasun plan horiek langile batzordearekin negoziatu behar direla, lan hitzarmenak bezala”, esan du Alberdik.

Orain arteko bileretan, berdintasun planetan legeak agintzen duena baino harago joateko asmorik ez duela esan die patronalak, eta soldata arrakalari eta lanaldi partzialei lotutako puntuetan ere urrun daude jarrerak. “Ez diogu ikusten negoziatzeko batere borondaterik, dena da gauzak atzera botatzea, mehatxuak, tonu desafiatzailea…”. ELAko nahiz LABeko ordezkariek diote “patronalaren blokeoa” ikusita mobilizatu beste aukerarik ez daukatela.

Orain arteko bidea

2018koa da azkeneko lan hitzarmena. ELAk, CCOOk, UGTk eta ESK-k sinatu zuten, urtebeterako. Negoziatzen aritu ziren arren, akordiorik gabe joan zen 2019a, eta iaz, pandemia medio, bertan behera geratu ziren hartu-emanak. Urrian hasi ziren berriro negoziatzen. “Gure funtsezkotasuna onartzen du patronalak, baina hara non proposatzen digun %0ko igoera 2019rako eta 2020rako. Urtekoa ez bada sinatzen, urte hori desagertu egiten dela esaten du, eta hori onartezina da”. Sindikatuen esanetan, enpresek ez dute aparteko galerarik izan COVID-19agatik; are gehiago, ugaritu ere egin zaie lana, garbiketa zerbitzua indartu egin dutelako bezeroek. “Norbera babesteko ekipamenduetan diru asko inbertitu dutela esaten digute, eta hori adarjotze bat da”. Alberdik gogoratu du salaketa ugari jarri behar izan dituztela Lan Ikuskaritzan musukorik ere ez zietelako ematen langileei.

Orain arteko azkeneko bilera abenduaren amaieran egin zuten, eta ordurako pixka bat aldatu zuen proposamena Aspelek. %0,1eko igoera proposatu zuen 2019rako, %1ekoa 2020rako eta %1ekoa urte honetarako. “Noski, urrun dago guk eskatzen dugun eta sektoreak merezi duen horretatik”, nabarmendu du Solagurenbeaskoak.

Hasieran, zazpi urterako lan hitzarmena proposatu zuten sindikatuek, KPI+%28ko soldata igoera biltzen zuena, soldata arrakala desagertzeko. Alberdik azaldu duenez, akordioa lortu nahian, mugimenduak egin dituzte langileen ordezkariek, eta, gaur-gaurkoz, KPI+%14 eskatzen dute, zazpi urtera; hau da, urtero KPI+%2ko igoera zazpi urtean. “Patronalak esaten du KPIaren erreferentzia ez duela inoiz sinatuko, ehunekoak bakarrik planteatuko dituela. Guk beti egiten ditugu proposamenak KPIari lotuta, baina hori entzunda, oraingoan bestelako proposamen bat ere egitea erabaki genuen”. KPI gabe, %21eko igoera eskatu dute, urtean %3koa.

Langileek badute beste beldur bat ere. Aurreko krisi ekonomikoan ikusi zuten garbiketa dela aurrena murrizten den zerbitzuetako bat. Osasun arloko krisi bat izanik, uste dute balitekeela oraingoan ez hala izatea, baina badaezpada ere eskaera bat egin diote patronalari: lanaldi txikienak dituzten langileei are gehiago gutxituz gero lanorduak, kalte-ordain bat emateko konpromisoa hartzea enpresek. “Gure helburua ez da kalte-ordainak lortzea, baizik eta enpresek murrizketarik ez egitea. Nafarroako hitzarmenean jasota dago neurri hori, eta patronala berbera da, baina guri ezetz esaten digu. Dena da ez hemen”, adierazi du Alberdik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.