Iñaki Setien: “Guk alde egitea nahi dutenean, burofax bat bidali, eta kalera goaz”

Iñaki Setien: “Guk alde egitea nahi dutenean, burofax bat bidali, eta kalera goaz”

Miren Garate

Urtebete pasatu da Azora inbertsio funtsak Vascongada etxe agentziaren Donostiako 320 etxe erosi zituenetik. Azora Inquilinos elkartean bildu dira etxe horietako maizterrak. Kezkatuta daude; izan ere, Iñaki Setien elkarteko lehendakariaren esanetan, jabe berriak ez dio eusten aurrekoaren jokabideari. Hark azaldu duenez, Vascongadak, 120 urtean, kontratuak berehala berritzen zituen epemugara iritsitakoan, arrazoizko igoerekin. Hutsik geratzen ziren etxeak, berriz, berriro alokatzen zituen. Azorak, aldiz, isilbidezko luzapenak aplikatu dizkie kontratua epemugara iritsi zaienei, eta edonoiz kalean geratzeko beldur dira.

Hasieratik esan zenuten kezkatuta zeundetela, Azorak beste toki batzuetan izandako portaera ikusita okertu egin zitekeelako inbertsio funts horrek erositako etxeetako maizterron egoera. Zer gertatu da azkeneko urtebetean?

Hasiera batean, lau bizilaguni burofax bat bidali zieten, esanez kontratua amaitu egingo zitzaiela, ondore guztietara, eta automatikoki isilbidezko luzapena aplikatuko zitzaiela. Horrelakoak eragozteko, [Eneko Goia] alkatearekin hitz egin genuen, eta Azorarekin hitz egiteko konpromisoa hartu zuen. Bada, urtebeteren buruan, lau ez, hamabi daude isilbidezko luzapenean. Eta datorren urtean dezente gehiago izango gara, kontratu gehiago iritsiko direlako epemugara.

Azorak esan zuen Vascongadaren politikari eutsiko ziola. Ez da hala izan?

Inondik inora, ez. Lasai egoteko esan ziguten, baina Azorak kasu bakar batean ere ez du aplikatu Hiri Errentamenduen Legea. Deitzen diogu kontratua amaitzear dugula jakinarazteko, eta kopeta dute esateko lasai egoteko, legez beste urtebete egoteko aukera dugula. Isilbidezko luzapena aplikatzen digute, eta hilabetez hilabete goaz. Horrek esan nahi du guk alde egitea nahi dutenean, burofax bat bidaliko digutela eta kalera goazela.

Diozuenez, isilbidezko luzapenarekin, Azorak edonoiz erabaki dezake kontratuak bertan behera uztea edo baldintza guztiz ezberdinak proposatzea. Hiri Errendamenduen Legea aplikatzeko eskatzen duzue zuek. Zergatik?

Hori da. Hiri Errendamenduen Legeak agintzen duen bezala, zazpi urteko kontratuetara eta hiru urteko luzapenera itzultzea eskatzen dugu, eta, noski, prezioak erregulatzea ere nahi dugu, hau da, KPIaren araberakoak izatea prezio igoerak. Isilbidezko luzapena kode zibilean ageri den artikulu bat da, eta esaten du araurik ezean kode zibila aplikatuko dela, baina Hiri Errendamenduen Legeak baditu arauak: zazpi urteko kontratua eta hiruko luzapena. Maizterrari edo jabeari kontratua berritzea ahaztu zaienerako da, adibidez, kode zibila. Lege iruzurra da isilbidezko luzapena sistematikoki aplikatzea.

Kaleratzeko burofaxik jaso al duzue orain arte?

Kontratua amaituko zitzaiela jakinarazteko ziren hasierako burofax haiek, ez kaleratzeak agintzeko. Orain zera egiten dute: ez jakinarazi ezer; zuzenean aplikatzen dute isilbidezko luzapena. Ordainagiria bidaltzen edo kontutik kobratzen jarraitzen dute, eta, logikaz, horrek esan nahi du isilbidezko luzapena aplikatu zaiela. Noiz arte? Iruditzen zaien arte. Baina guk esaten dugu maizterrak jakin egin behar duela noiz amaitzen zaion kontratua. Ziurgabetasun hori ikaragarria da, eta jende bat egoera delikatuan dago: haurrak dituzten familiak, adinekoak, minbiziarekin daudenak…

Ezegonkortasun horren eraginez, jendeak utzi al ditu alokairuan zituen etxeak?

Burofaxa jaso zuten lau haietatik hiruk jada alde egin dute, ez zekitelako zer gertatuko zen. Badakigu beste batzuk ere joatekotan direla, eta geratzeko animatu nahian ari gara. Guk ez dakigula ere alde egingo zuen jende gehiagok.

Zer gertatu da hutsik geratu diren etxeekin?

Guk dakigula, hamasei etxe daude hutsik, eta, ez badira etxe horiek alokatzen ari, seguru asko izango da kontratuak laster amaituko zaizkigunok ere isilbidezko luzapenean sartzeko eta bidea libre izateko. Dena xurgatu, erreforma bat egin eta etxeekin espekulatu nahiko dute, ez duelako zentzurik orain arte bezala etxeak urtebete baino gehiago itxita, zigilatuta eta alarmekin edukitzeak. Horrez gain, aipatzekoa da etxeetan ez dutela mantentze lanik egiten: Ategorrieta kalean, etxe aurreko landare-hesietan arratoiak eta zomorroak daude; Osasuniturri kalean, etxe batean gasaren kontsumo handia zegoela ikusi zuten, eta teknikariari deitu ziotenean konturatu ziren gas-ihes bat zegoela, eta, beraz, pentsa zer gerta zitekeen…

Eta jendea bizi den etxeetan zein da egoera?

Batzuok diru asko gastatu dugu gure etxeetan. Nik neuk, adibidez; emaztearen izeba bat bizi zen aurrena, ondoren haren gurasoak, eta orain gu. Hor biziko ginela pentsatuz, leihoak, ateak, lurra eta abar aldatu ditugu. Beste batzuek ez dute ezer egin, eta itoginak eta abar dituzte, baina, hala ere, dirutza ari dira ordaintzen alokairuan.

Gutxi gorabehera, zenbateko alokairuak ordaintzen dituzue Azoraren etxeen maizterrok?

Grosen 650-900 euro artean, eta Amaran 650-700 euro artean [bi auzo horietan daude Azoraren etxeak]. Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, Grosen 800 euro inguruan daude etxeak, baina batez besteko hori metroak eta etxearen egoera kontuan hartu gabe ateratakoa da, prezio horretan ez dago ezer. Gure ustez, lotsagarria da alokairuaren eta, oro har, etxebizitza merkatuaren egoera Donostian.

Udalera jo duzue laguntza eske. Zer eskatzen diozue?

Hurrengo osoko bilkuran udalari interpelazio bat egitea nahi dugu, berriro Azorarekin hitz egin dezan eta guztia arautu dezala eska diezaion, eta tramitera onartu dute gure eskaera. [Mario] Yoldi Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza zuzendariarekin ere hitz egin genuen azaroan, eta esan zigun ez daukala Azoraren kontuan ezer egiteko asmorik, merkatu libreko etxeak direlako.

Leave a Reply

Your email address will not be published.