Poesia, era dinamikoagoan

Poesia, era dinamikoagoan

Erik Gartzia Egaña

Interneten bila eta bila aritu ginen, baina ez genuen erreferentziarik aurkitu. Umiltasun osoz esan dezakegu formatu honetan publikatu den lehen poesia sorta dela gurea”. Azken uneko okerrik ezean, Ana Mendiola donostiarrak Besarkadarako olerkiak izeneko poema sorta argitaratuko du, hilabete honetan bertan. Gaztelerazko Poemas para el abrazo-ren euskarazko edizioa izango da. Kartek tarotekoen tamaina dute —nahiz eta ez duen zerikusirik gai horrekin—, eta alde batean ageri da Mendiolak idatzitako poema.

Beste aldean, berriz, Angela Carrascok egindako ilustrazioak ikus daitezke. Zaragozakoa da irudigilea (Espainia), eta Guadalajaran (Espainia) bizi da egun; Mendiolaren semeetako batekin ikastaro bat egin zuen Artelekun, Donostian, eta han ezagutu zuten elkar. “Transzendentala” eta “minimalista” bezala definitu ditu Carrascoren ilustrazioak. “Haren lanak-eta ikusi genituen, eta, ilustrazioak aztertuta, nire poesia estiloarekin bat zetozela ikusi genuen”, gaineratu du.

Mendiolak urteak daramatza gazteleraz poesia idazten. Orain arte ez du ezer publikatu, baina lan asko ditu gordeta etxeko tiraderan. Joxe Arregi Olaizola teologo eta Deustuko Unibertsitateko irakasleak eman zion lana euskaratzeko bultzada, duela urte batzuk. Patxi Ezkiaga zenaren (Legorreta, 1948-2018) kontaktua eman zion Arregik, “duela zortzi bat urte”. Ezkiaga euskarazko poetarik emankorrenetakoa izan da: hemezortzi poesia lan utzi zituen legorretarrak, literatur generoko beste hainbat lanen artean.

Mendiolak esker oneko hitzak ditu Ezkiaga zenarentzat: “Hark itzuli zituen nire poemak. Osasunez ez zegoen oso ondo, baina buruz, bai; ederra izan zen ikustea gizon batek, bere bizitzako azken urteetan zegoenean, euskararekiko zuen sentimendua”. Idazle legorretarraren omenezko lana dela ziurtatu du donostiarrak. “Asko eman zidan trukean, ezer eskatu gabe”, zehaztu du. Horrez gain, Ezkiagarekin “beti” euskaraz aritzen zela nabarmendu du, “terapia moduan”. Izan ere, euskaraz ikasi zuen arren, urte asko eman zituen kanpoan, eta hizkuntza horretan aritzeko gaitasuna apaldu egin zitzaion.

Mendiolak bere poemak euskaratzeko beste arrazoi bat ere eman du: seme zaharrena soroslea da Donostiako Egia auzoko kiroldegian, eta euskaltegiko irakasle bat joan zitzaion behin, gaztelerazko poemadun karta horiek euskaraz argitaratuz gero, ikasleentzako material bezala erabiliko zituela esanez.

Mendiola dantza irakaslea da aspalditik, eta harentzat dantza ez da espresio bide soil bat: “Dantza beti ikusi izan dut sentimenduarekin lotuta, eta ez teknika soil moduan bakarrik. Poesia idazteak osatzen du alde hori. Bihotzaren dantza elkartea sortu nuen, gorputz adierazpidea eta kontzientzia emozionala nahasten dituena”. Mendiolarentzat “adierazpide erritmiko bat” da poesia, “dantzaren antzekoa. Dantzatzen ari naiz idazten ari naizen aldiro”, zehaztu du.

44 kartetan bildutako poemek jorratzen dituzten gaiak zerrendatu ditu egileak: amodioa, desamodioa, gai sozialak, nostalgia, natura… “Oiartzunen idatzi ditut poema asko, han bizi izan naizelako. Hango paisaia, etxe inguruko erreka… Naturaren edertasunaren oihartzuna da beste kanaletako bat”, gaineratu du. Esan duenez, ez da poesia estilo bitxi bat, nabarmena izateko joera daukana, baizik eta “barrutik” atera zaion zerbait. Jakinarazi duenez, inoiz ez du eduki idazle izateko bokaziorik. “Barrutik atera zaidan poesia hau ez nekien nire gaitasunen artean zegoela ere”.

Besarkadarako olerkiak poema sortaren formatua “berritzaile” bezala definitu du Mendiolak. “Dinamikoagoa da formatu hau: karta bat har dezakezu, bikotekideari pasa diezaiokezu eta poema irakurri, truke hori egin… Poesia hobeto irits daiteke horrela”.

Hil bukaerarako, prest

Ideia gauzatuta, argitaletxe baten ateak jo zituztela azaldu du Mendiolak, eta uko egin ziotela lan hura publikatzeari. “Ez zela komertziala esan ziguten”, gogoratu du. Egileak defendatu du ohiko poemek baino “aukera gehiago” ematen dituela poema ilustratuak dituen karta jokoak; jolaserako, esaterako. “Adibidez, 1etik 44ra bitarteko zenbaki bat esan, eta poema hori irakurtzea da aukera bat. Poemak eraman ditzakezu zure esperientziaren momentu batera. Zure burua azter dezakezu, eta, agian, bizi izandako zerbaitekin lotura egin”.

Gaztelaniazko edizioa “Donostiako hainbat liburu dendatan” aurki daitekeela azaldu du Mendiolak. Euskarazko bertsioa, berriz, Leitzaran Grafikak inprimategiko labetik atera zain dago jada. Ehun aleko tiraldia egingo dute, eta, egileak berak zehaztu duenez, Donostiako hainbat dendatan jarriko dituzte salgai.

Leave a Reply

Your email address will not be published.