2046

Juan Luis Zabala

Esne-mamitan haziak ginela esaten zigutenan guri —esango diot, hemendik 25 urtera, 2046an—, historia osoan bizimodu onena izandako belaunaldia zela gurea. Baina, gurearekin alderatuta, gaurko gazteena bai pagotxa! Landakandak Laja zenarekin batera kantatzen zuenak ederki balio din gaurko ere: “Gaur gaztea denak dauka loteria!”. Eta hala ere kexatu egiten ditun!

—Gaztea beti gazte eta inoiz ez konforme. Hala izan duk beti, eta zerurik balego, eta zeruan gazterik, hala izango lukek.

—Zeruan ez luken egongo zaharrik eta gazterik, ezta? Zeruan, denak berdinak denean. Nik hala ulertzen dinat zerua.

—Ez ditiat zerua agintzen duten erlijioetako liburu guztiak irakurri, baina ez diat uste inon hainbesterainoko zehaztasunekin deskribatua dagoenik zerua.

—Entzuten direnak entzun eta gero, esango nikek zeruan ere kexatuko liratekeela gazteak, orain ere kexatzen diren bezala. Ez omen dun parte onekoa makinen agindupean bizitzea, erosotasuna, osasun arreta eta gizaki guztion arteko gutxieneko parekotasuna ziurtatua izan arren. Horiek denak huskeriak balira bezala.

—Baduk ikuspegi hori zalantzan jartzen duenik, eta ez arrazoirik gabe. Gizateriaren historian arazo latzak izan direnak konponduta zeuzkatek eta hori abantaila handia duk, baina arazoen konponketak berak ematen duen plazera nahiko galdua zeukatek gazteek, eta zeuzkaagu denok, horretaz AGK Aginte Global Konputerizatua arduratzen denetik. Jolas birtualak ikaragarri sofistikatu dituk, eta sekulako sinesgarritasun errealista zeukatek, eta horiek arazoen konponketari adimentsu eta trebeari atxikitako pozetarako aukera ematen ditek. Baina, azken batean, errealitatean isla zehatzik izango ez duen arazo birtual bat konpontzea, zaila eta meritu ikaragarrikoa izanagatik ere, inoiz ezin izango duk benetako arazo bat konpontzearen parekoa izan.

—Ezer ez eta kexa! Hori dun gaur egungo gazteen burubidea!

—Egon hadi isilik, marmarti alaena! Ez al haiz ohartzen heu ere kexatzen ari haizela, gazteen kexez kexatzen, egokitu zaigun bizialdi ederraz aseta eskertuta egon beharrean?

—Ni ez naun kexatzen izan dudan bizimoduaz. Esaten dudana dun gaur egungo gazteei hobea egokitu zaiela eta ez daudela kexatzeko moduan. Guk ere zortea izan dinagu, ez dinat ukatuko hori, baina gaztetan gerra nuklear baten beldurrez bizi izan gintunan. Gure kasuan, Hego Euskal Herrian, Francoren mendean eta sekulako errepresioarekin, eta gero borroka armatua eta haren ondorioak nozituz, Espainia zakar baten mende beti. Mundua gerraz josia ezagutu dinagu, immigrazio oldeak han-hemenka, berotze globalaren mehatxua, birus kutsagarrien eraso bortitzak… Horiek denak konponduta, bizitzaz gozatu besterik ez, eta ezin bakean bizi, alajaina! Gaur egun gozatzeko dugun adina aukerarekin, gainera…!

—Ez ahaztu, ordea, AGKren mende bizi garela, hark hartzen dituela erabaki garrantzitsu guztiak gure ordez, eta hark ateratzen dizkigula babak eltzetik, baita geuk eskatu gabe ere, baita atera behar direnik ez dakigunean ere. Hori itogarria duk, bereziki gazteentzat. Gizakiak beti izan dik, bere barneko muinik barrukoenean, mendekotasunaren aurkako sen berezkoa. Eta gehiago esango diat: ni poztu egiten naik jakiteak gaurko gazteek ez dutela sen hori erabat galdu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.