Ahal den heinean, ohiko martxari eutsi nahian

Ahal den heinean, ohiko martxari eutsi nahian

M. Garate

Ezin dira homogeneizatu herri txikiak: alde handiak daude ia 5.000 biztanle dituen baten eta berrehun biztanlera iristen ez den baten artean. Landa eremukoak dira batzuk; herri handien artean daude beste batzuk. Posible da herrian bertan izatea beharrezko zerbitzu guztiak, eta posible da herrian ezer ez egotea ere, denda bakar bat ere ez. Guztietara iritsi da, ordea, COVID-19a. Gaur-gaurkoz, Beizama da kasu gutxien izan duen Gipuzkoako herria: bakarra martxotik. Hala, handietan bezala, egoerara ahalik eta ondoen moldatu nahian ari dira herri txikietako elkarte, negozio, eragile eta abarrak.

Herri guztiek ez dute eskolarik, baina, dagoen kasuetan, garrantzi handia izan ohi du herriko bizitzan. Leire Lazkano Errezilgo San Martin eskolako irakasleak kontatu duenez, “kezkaz eta zalantzaz beteta” hasi zuten ikasturtea. “Baina, behin hasita, nahiko ondo dabiltza ikasleak, eta gu ere, gustura”. 0-12 urte bitarteko 50 ikasle inguru dituzte. “Eskola txikion bereizgarrietako bat adin ezberdinetako haurren arteko harremana izaten da: handiak txikiengana joaten dira egiten ari direna aurkeztera; txikiek handiei ipuinen bat kontatzen diete…”. Aurten hori dena aldatu egin behar izan dutela kontatu du, burbuiletara mugatu behar direlako ekintzak.

Errezilen, bi urteka banatu ohi dituzte ikasleak geletan: 2 eta 3 urtekoak, batera; 4 eta 5 urtekoak… “Gelarik handiena ere hamabi ikaslekoa da, eta edozer gertatuta ere, ikasle gutxi izanda, errazagoa da kudeatzea”. Orain arte, gela bat konfinatu behar izan dute. “Justu zaharrenena, eta ondo moldatu gara, autonomia handiagoa dutelako etxean bakarrik lan egiteko ere”. Aldian-aldian, izan dituzte konfinatuta egon behar izan duten ikasleak ere, baina nahiko martxa normalean ari dira lanean.

Haurtzaindegia eta jangela ere badituzte, eta eskolaz kanpoko jarduerei eusteko moduan izan dira —dantza, soinua eta panderoa eta ingelesa—. Bestelako ekintza batzuk, berriz, bertan behera utzi behar izan dituzte, hala nola eguneko zentroaren erabiltzaileekin egin ohi zituzten gaztaina jana eta Gabonetako kantaldia. Udalekuak antolatzerik ere ez dute izan, eta itxita dute Aker Txoko haur eta gazteen biltokia ere.

Oro har, ordea, Lazkanok “ondo” ikusten ditu ikasleak. Galdeketa bat ere egin zuten, eta, haurren esanetan, maskara erabili behar izatea da egoera berriko gauzarik okerrena, baita burbuilak mantendu behar izateagatik patioan lagun batzuekin ibiltzeko aukerarik ez izatea ere. “Baina erraz moldatu dira. Hasiera-hasieratik jarrera ona izan dute ikasle, guraso eta irakasleek, eta ez gara aparteko arazorik izaten ari”.

Bisitariak, gertukoak

Sarri nekazaritzarekin bakarrik lotzen diren arren, jarduera ekonomiko zabala izan ohi dute herri txikiek ere; besteak beste, turismoari edo aisialdiari begirakoa ere bai. Igartubeiti baserri museoa dute, esate baterako, Ezkion. Museo ia guztietan bezala, herritik kanpokoak izaten dira bisitari gehienak, eta eskoletatik joaten zaizkien taldeekin ere lan asko egiten dute berez. Kizkitza Ugarteburu koordinatzaileak esan du koronabirusaren eraginez hainbat aldaketa igartzen dituztela: “Orain, inguruko herrietako jendea etortzen da gehiago, eta Espainiatik eta atzerritik, gutxiago”. Kanpoan egin ohi diren jarduerek ere arrakasta handiagoa dutela uste du.

Lan egiteko modua aldatu zaie; bisitetan, gidaz gain, gehienez ere bost pertsonakoak izan daitezkeelako taldeak. Baina jarraitzen dute gauzak antolatzen. Sagardo astea egin ohi dute urrian, eta dolarea martxan jartzen dute; egunero bete zituzten plazak aurten ere. Hilean bi larunbat arratsaldetan, familientzako jarduerak antolatzeko ohitura ere badute, eta bisitei ere eusten diete.

Bostehun biztanle inguruko herria izanik, Igartubeitik badu garrantzia Ezkiorentzat. Alde batetik, han antolatzen diren jardueretara joateko ohitura dutelako herriko familiek. Bestetik, kanpotik joaten diren bisitariei herria ezagutarazten ere laguntzen duelako. “Bisitariek askotan galdetzen digute non bazkaldu dezaketen, eta kilometro batera dagoenez Ezkioko ostatua, jende asko bideratzen dugu hara edo inguruko jatetxeren batera”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.