Berezkoa duen izaerarik gabe

Berezkoa duen izaerarik gabe

Unai Zubeldia

Iazko martxoan okertu zen egoera. COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz, kolpetik gelditu zen bertso plaza. Itzali egin ziren fokuak. Ez ikuslerik eta ez bertsolaririk. Isiltasuna sortu zen bat-batean. Xenpelar Dokumentazio Zentroak bildutako datuen arabera, 2019an 829 bertso saio antolatu zituzten Gipuzkoan, eta iaz, 368 besterik ez, horietako gehienak lehen hiruhilekoan, pandemiaren aurretik. “Saio kopuruan %55,6ko jaitsiera izan zen”, azaldu du Eneritz Artetxek, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak, “sektorearentzat horrek dakarren galera ekonomikoarekin, eta ez plazatik bizi diren bertsolarien kasuan bakarrik”.

Artetxek zehaztu du bereziki “entzuleak gertu izatea eskatzen duten saioak” galdu zirela iaz Gipuzkoan: “Lagunartekoak, otordu bueltakoak… Eta bertsolaritzari plazak ematen dio hauspoa”. Egoera lehengoratzen hastetik “urruti” dago oraindik, eta Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak “kezkaz” bizi du errealitate hori. Adibide gisa, gaurtik hurrengo ostegunera bitarte bi saio besterik ez daude programatuta Gipuzkoan, bihar —kultur bitartekari gisa Lanku kultur zerbitzua duten saioak dira horiek—: Villabona-Amasan, Eñaut eta Unai Agirre ariko dira bertsotan, Auskalo zeinek jarriak bertso musikatuetan, Amasako elizan, 19:00etan; eta Bergaran, Miren Amuriza, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Jon Maia eta Ane Zuazubiskarrekin osatuko dute jaialdia. 19:00etan hasiko da bertso saio hori ere, Seminarixoan.

Urtarrila bukatu arte, berriz, beste saio bat bakarrik dago programatuta: hilaren 31n, Erradikalak ginen, Ane Labakaren eta Beatriz Egizabalen emanaldia izango da, Anoetako auditoriumean, 18:00etan. “Egituratutako bertso eskola edo talde antolatzaile bat duten herrietan saioak mantentzen saiatzen ari dira. Herri mailako antolatzaile funtzio horri eusten ari dira, eta, festarik gabe ere, udal batzuk ere saiatzen ari dira bertso programari eusten”, dio Artetxek.

BERTSO SAIOA

Bertso eskolen berezko izaera horri esker, Gipuzkoak “hainbestean” eutsi dio pandemiak eragindako jaitsiera handiari, baina hilabete askoko egoera aztertuta, Plaza Biziberritzen egitasmoa jarri zuen martxan Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak, neurri bereziak hartuta saioak bultzatzen jarraitzeko. Villabona-Amasako Subijana etxean bertso saioak grabatuta, antolatzaileei online emisiorako aukera eskaintzea izan zen aurreneko pausoetako bat.

Tokian tokiko egoera aztertuta, jaialdiak pixkanaka ari dira tokia egiten, eta, horren erakusgarri, Bertsozale Elkarteak hiru bertso egun antolatuko ditu aurten, Hazparnen (Lapurdi), Iruñean eta Gipuzkoako Getarian. Alde horretatik, Artetxek gogoratu du elkartearen lana ez dela txapelketa antolatzea bakarrik. “Askotan hala uste izaten dugun arren”. Aldaketarik ezean, martxoaren 27an izango da Getariako bertso eguna, Balentziaga museoan, eta sarrerak salgai daude dagoeneko, saioa aurrez aurre ikusteko edo streaming bidez jarraitzeko. Unai Iturriaga, Uxue Alberdi eta Alaia Martin ariko dira kantuan, eta Maite Berriozabal gai jartzaile.

Baikortasunari eutsi nahian

Larritasunak larritasun, fokua txarrean bakarrik ez, onean ere jartzen saiatu da Artetxe. “Balioa eman nahi diogu herriz herriko antolatzaileak egiten ari diren ahaleginari; izan bertso eskolak, izan kultur elkarteak… Erantzukizunez ari dira antolatzen bertso saio guztiak”. Eta bertsolariak saioz saio egiten ari diren ahalegina ere goratu du Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak. “Gaitegi berrira egokitzen eta entzuleekiko hurbiltasun horren faltan saioak aurrera ateratzen ari dira, nahiz eta haientzat oso hotza den bertsotan aritzeko egoera berri hau”.

Entzuleak bertan direla antolatzen ari diren saioetan mugatuta egoten da sarrera kopurua, baina Artetxek azpimarratu du “izugarria” izaten ari dela jendearen aldetik jasotzen ari diren erantzuna. “Sarrerak azkar saltzeaz gain, nik uste dut entzuleek bertsolarien lana inoiz baino gehiago eskertzen eta baloratzen dutela saio bakoitzean”. Alde horretatik, aurrerantzean ere saioetara joaten jarraitzeko dei egin die Artetxek entzuleei. “Gune seguruak dira bertso saioak, eta gertuko saioetara joateko gonbidapena bidali nahiko genieke bertsozale guztiei”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.