Bertako uzta gal ez dadin

Bertako uzta gal ez dadin

Ikerne Zarate

Asko dira COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioak. Ostalaritza gogor jo du, baina ez da izan kaltetu bakarra. Baserritar asko produktuak saltzeko plazarik gabe gelditu da, azokak bertan behera gelditu baitira. Gipuzkoako udalerri askotan abiatu dituzte kanpainak udalek, tokiko saltokiak eta ekoizpena bultzatzeko asmoz. Horietako bat da Errenteriako Udala.

Udalak Talka eta Suspertze Plana jarri zuen martxan iaz, eta lehen sektoreko ekoizleak ezagutarazteko eta horien produktuak herritarrengana hurbiltzeko kanpaina abiatu du orain, Bizi Errenteria programaren barruan; Errenteriako uzta lelopean, udalerrian lanean ari diren hamalau ekoizleen eta haien produktuen gaineko informazioa zabaltzea du xede, egiten duten lana aitortuta.

Hamalau baserritar horietako bi dira Aitor Zapirain eta Arantxa Otegi. Bordazar baserrikoa da lehena; behi esnearekin aritzen da lanean, eta Donostian dituzten makinetan saltzen du ekoizpenaren zati bat. Larreaundi baserrikoa da, berriz, Otegi, eta 60 urte daramatza sasoiko barazkiak ekoizten eta azokan zuzenean saltzen. Erretiroa hartu berria da, eta Jon Ezeiza semea ari da lanean orain haren ordez Xabier Olaskoaga plazako postuan. Zapirainek eta Otegik “positibotzat” daukate udalak abiatu berri duen kanpaina. “Lehen sektorea beti gelditu izan da bazterrean; badirudi landu gabe sortzen dela janaria”, esanez kexu azaldu da Zapirain. “Baina lan handia dago atzean. Modu naturalean eta ezin bertakoagoan ekoizten ditugu produktuak, eta garrantzitsua da hori aitortzea eta ikusgarri egitea”.

Hilabete bat ere ez da igaro kanpaina martxan jarri zutenetik, eta balorazioa egiteko “goizegi” dela iruditzen zaio Bordazar baserriko jabeari; zalantzarik ez du, ordea: “Eragina izango duela sinistuta nago. Proiektu honek, gure lana eta produktuak ezagutarazteaz gain, lehen sektorean ari garenok Errenteriako ostalaritza eta merkataritzan ari direnekin harremanetan jartzea du helburu, ahal dela haiek ere gure produktuak kontsumi ditzaten”. “Itxaropentsu” dago Zapirain, eta uste du epe laburrean emaitza onak izango dituztela.

Otegi 12 urterekin hasi zen azokako bere postuan barazkiak saltzen, eta inoiz ez du falta izan bezerorik; hura ezagutzen ez duenik ia inor ez da herrian. Pandemiaren eragina sumatu dutela dio, halere. “Jatetxe eta ostalari batzuk bezeroak ditugu, eta jatetxeak itxita egon direnean haien falta sumatu dugu, bai”. Ez da kexu: “Baina plazaren aldeko aldarria egin nahi dut. Beharrezkoa da baserritarrentzat, eta baita herritarrentzat ere”.

72 urterekin hartu du erretiroa Larreaundi baserrikoak, eta hark, behintzat, etxean aurkitu du jarraipena. Belaunaldi aldaketa hori, baina, ez da ohikoa izaten; are gutxiago gazteen artean. Zapirain salbuespena da, beraz, 23 urte baititu: “Bordazarren jaioa naiz, eta gure baserriak iragan oparoa du herrian. Txikitatik ibili izan naiz aitaren bueltan baserrian, traktorean, behi artean…, eta gustura sentitzen naiz bertan”. Egunero ordu asko lan egin behar izaten dutela aitortu du. “Eta ekonomikoki ez gaude guztiz ondo, gure lana ere ez baita nahikoa aitortzen. Baldintza horiekin, zaila da gazteak baserriko lanera lotzea”.

Ingurumenaren zaindari

Kalitatezko produktuak, 0 kilometrokoak, naturalak, jasangarriak… Horiek dira baserritarrek eurek landutako produktuak erosteko arrazoietako batzuk. Gehiago ere badira, ordea, Zapirainek nabarmendu duenez: “Ederra da Aldura eta San Marko aldea txukun ikustea ere, baina hori ez da bere kasa lortzen: baserritarren lana da hori; gu ariko ez bagina, sasiak hartuta leudeke eremu eder horiek guztiak”. Izan ere, gutxik jarriko dute zalantzan baserritarrak ingurumenaren zaindari direla eta mendiak garbi edukitzen laguntzen dutela.

Bertako baserritarren produktuak ez ezik, tokiko ostalaritzako eta merkataritzako produktuak erostera ere dei egin dute Zapirainek eta Otegik. “Horri esker, herrian geldituko da gure dirua, iraunkortasuna eta kalitatea lehenetsita”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.