Sentipenak ardatz hartuta

Sentipenak ardatz hartuta

Beñat Alberdi

Haurra gaizki portatzen bada, zer zigor jarri behar zaio? Aurretik ere landu izan dute gai hori Arrasaten, gizarte zerbitzuen eskutik, baina oraingoan harago doa hausnarketa: haurrak zer dela-eta jokatu du horrela? Edo zer sentipenek eragin dio erreakzio hori? Eta gurasoek edo hezitzaileek nola erantzun dute jokaera horren aurrean? Educando La Emocion elkartearen eskutik, otsailaren 3tik ekainaren 16ra hiru tailer antolatu dituzte Arrasateko Kulturateko Jokin Zaitegi gelan.

0 eta 5 urte bitartekoa da aurreneko adin tartea; 6 eta 12 urte bitartekoa bigarrena, eta 13 eta 18 urte bitartekoa hirugarrena. Bost saio izango dira adin tarte bakoitzean, asteazkenetan; hilabetean bat, gutxi gorabehera. Otsailaren 3an izango da 0-5 eta 6-12 urte bitartekoen lehen saioa —urtarrilaren 27ra arte egongo da zabalik izena emateko epea, nahiz eta lehen adin tartean ez dagoen tokirik jada—, eta apirilaren 28an hasiko da 13-18 urte bitartekoen tailerra —martxoan irekiko dute izena emateko epea—. Adin tarte bakoitzak “estrategia jakin bat” eskatzen duelako egin dute banaketa hori.

Arrasateko Udaleko Gizarte Zerbitzuen saileko langileek esperientzia handia daukate gai horietan, prebentzio lanetan, bereziki. “Gurasoei lagundu nahi diegu seme-alaben heziketan, informazioa emanez eta hitz egiteko guneak eskainiz”, adierazi du Maite Aizpiri Arrasateko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako teknikariak.

Emozioetan jarri dute arreta oraingoan. Adituen ustez, beharrezkoa da haur eta gazteekin adimen emozionala lantzea; are gehiago pandemia egoeran. “Garrantzitsua da jakitea zirrarek zer funtzio betetzen duten”, azaldu du Aizpirik. “Seme-alaben heziketan garrantzitsua da hainbat portaera nondik datozen jakitea”.

Arrasateko Udaleko teknikariak gaian sakontzeko asmoz jarri ziren harremanetan Educando La Emocion taldearekin. Donna Apellaniz da horko dinamizatzailea. Irakasle ikasketak egin zituen Apellanizek, baina bertatik bertara ezagutu zuen hezkuntza ereduak ez zuen asebete: “Bihotzak eta emozioek ez zuten tarterik heziketa horretan”.

Begiradaren garrantzia

Bere ibilbideari ekin zion jarraian, bere burua ezagutzeko eta sentipenak kontrolatzen ikasteko. Pixkanaka joan zen bidea egiten, eta, prozesu horretan murgilduta egoteaz gain, garai hartan irakasle lanetan ere aritu zen eskoletan. “Nire barruan aldaketak eginda, ikasleengan ere aldaketak nabari zirela ikusi nuen”, nabarmendu du Apellanizek. “Beste era batera ikusten nituen euren gatazkak eta beharrak. Oinarria zen, esaterako, norbait haserretzen bazen, behar bat zeukala identifikatzea eta jakitea zer mezu transmititzen ari zen”.

Haurrei baino gehiago, helduei erreparatzen die arreta mota horrek. Ez du baztertzen haurrekin zirrarak lantzea. “Eta eragina dauka, gainera, eurengan”, zehaztu du. Baina portaera jakin baten aurrean hezitzaileek dauzkaten erantzunek ere eragiten diote haurrari. Kasurako, espero ez zen jarrera izan daiteke gurasoa haurrarekin sutzea. “Haurrak filtrorik gabe jasotzen badu emozio hori, gaiztoa dela ulertuko du”, esan du Educando La Emocion taldeko kideak. “Baina gurasoak sentipena kudeatzen badu, ez”. Gakoa litzateke ikustea jarrera guztien atzean sentipen bat dagoela, eta, behar hori asez gero, “aldaketa galanta” egongo dela. Emozioak kontzientziarekin kudeatzea sustatu nahi du Apellanizek: “Hau da, gauzak nahi dugulako egitea, eta ez bihotzak hala eskatzen duelako”.

Arrasateko tailerretan kontzientzia bera lantzea izango dute oinarri. Parte hartzen dutenek zirrarak identifikatzen ikasiko dute, eta horiek kudeatzeko estrategiak zeintzuk diren ere ikusiko dute; erantzun negatiboek haurrarengan izan ditzaketen eraginak barne.

Sentipenek badute euren konplexutasuna, ordea, eta errealitate hori ez zaio arrotza emozioen kudeatzaileari. “Prozesu bat da sentipenena, eta, hori ulertzen dugunean, pauso ikaragarria ematen dugu”. Adibide gisa, prozesu horren azkeneko etapa litzateke norbaitek ondokoa pikutara bidaltzen duenean sentitzen den amorrua.

Koronabirusaren eragina

COVID-19ak eragindako pandemia garaiotan igarri du Apellanizek zer-nolako garrantzia daukan emozioak kudeatzen ikasteak. Sentipenak beti hor egon direla gaineratu du, baina azpimarratu du gaur egungo testuinguru berri honetan zailagoa dela sentipen horiek kudeatzea. “Intentsitate handiagokoak dira orain, eta, noski, errazagoa da amorru arin bat kudeatzea, intentsitate handiko bat kudeatzea baino”. Apellaniz Gipuzkoan aritzen da lanean normalean, baina jardun izan du Bizkaian eta Araban ere.

Tailerretan parte hartu nahi duten guztiek zabalik izaten dituzte ateak, adimen emozionala landu nahi izaten dutelako, azken finean. “2015ean hasi nintzenean, ezezaguna zen gai hau, baina orain ikusten ari gara hutsuneak ditugula eta horiek lantzeko laguntza behar dugula”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.