“Behin baino gehiagotan esan didate motoen Argiñano naizela”

“Behin baino gehiagotan esan didate motoen Argiñano naizela”

Aitziber Arzallus

Mikel Bereziartuak (Lasarte-Oria, 1975) umetatik izan du interesa gauzek nola funtzionatzen duten jakiteko, eta bere kabuz ikasi du mekanikaz dakien guztia. Youtuben dituen bi kanalen bidez, gazte jendeari dakien hori irakasten saiatzen da.

Lanbidez, garraiolaria zara.

Bai, mandatugilea naiz, eta furgonetarekin ibiltzen naiz Zarautz eta Donostia artean, joan-etorrian; egunean bi buelta egiten ditut.

Eta autoak eta motoak gustatzen zaizkizu.

Era guztietako trasteak gustatzen zaizkit, eta batez ere gustatzen zait horiekin saltseatzea, desegitea eta muntatzea. Txikitan, jostailuekin hasi nintzen; gero, bizikletarekin; geroago, motoarekin; egin izan ditut etxeko erreformak ere… Harrapatzen dudan guztia. Baina bai, gehienbat motoak eta abiadura gustatzen zaizkit, eta, bereziki, moto zaharrak.

Garajean bilduma polita omen daukazu…

Oraintxe bertan, bi auto eta dozena bat moto dauzkat. Familian ibiltzeko, BMW X5 bat daukagu, eta gero, kapritxo gisa ekarritako BMW M3 bat. Baina izan ditut Renault 5 Turbo bat, Ford Capri bat, Volkswagen Escarabajo bat… Beti era horretako ibilgailuak. Eta, horiez gain, motoak. Erdiak-edo egongo dira osatzeko, piezen faltan, 20-30 urtean geldirik egondakoak… Pixkanaka-pixkanaka, konpondu egin behar dira, eta egiten dudana da berritze prozesu hori bideoetan jaso.

Nolatan hasi zinen bideoak egiten?

Betidanik gustatu izan zait jendeari erakustea gauzak nola egiten diren. Facebook martxan jarri zutenean, 2006an-edo, horretarako aukera polita ikusi nuen, eta hasi nintzen nik egiten nituen konponketen argazkiak han jartzen. Ikusten nuen alemaniarrek-eta nire edukia partekatzen zutela taldeetan. Nahikoa moto bereziak dauzkat, eta horregatik izango da, agian.

Ez zara mekanikaria; nola ikasi duzu dakizun guztia?

Txikitatik izan dut gauzekiko jakin-min handia. Gure etxean bazen Como funciona izeneko entziklopedia bat, eta hura goitik behera ikasi nuen: trenak, lokomotorrak, argindarra nola sortzen zen… Eta neure esperimentuak egiten hasi nintzen. 10 urterekin etxeko entxufeak aldatu nituen, eta, beste behin, irrati kontrol bidezko auto batekin eta josteko txirrikekin-eta, logelako atea urrutiko kontrol bidez irekitzen eta ixten zela jarri nuen.

Eta nolatan hasten da garraiolari bat Youtuben bideoak jartzen?

Bideoak grabatzeko aukera ematen zuten sakelako telefonoak atera zituztenean hasi nintzen; duela hamar bat urte izango zen. Bideo haiek ez ziren minutu erditik pasatzen, telefono haiei berehala betetzen zitzaielako barne memoria. Gauza bitxiak igotzen nituen. Aurreneko bideoa moto batekin egin nuen: kulata kendu nion eta martxan jarri nuen, zilindro bat gabe. Motoa piztuta ikusten zen, abian, eta kulatarik gabe. Ikaragarria iruditu zitzaidan, eta pentsatu nuen: “Hau erakutsi beharra daukat; jarri egin behar dut bideoa”. Horrela hasi nuen Youtubeko abentura.

Geroxeago, seme txikia entretenitzeko bideoak grabatzen hasi nintzen etxean. Askotan, joaten ginen norabait bazkaltzera-edo, eta bazkalondoan aspertu egiten zen. Horri erremedioa jartze aldera hasi nintzen bideoak grabatzen etxean, bere jostailuekin jolasean ari ginen bitartean. Gero, norabait joan eta aspertzen zenean, bideo horiek jartzen nizkion, eta gustura egoten zen. Bideoak telefonoan izaten nituenez, ez nuen Interneteko daturik gastatzen, orain dela zortzi urte gauza preziatuak baitziren.

Bideo haiek Youtuben jartzea pentsatu nuen, beste batzuentzat ere baliagarri izan zitezkeelakoan, eta sekulako arrakasta izan zuten. Milaka eta milaka jarraitzaile lortu nituen, eta jostailuekin egindako bideo horietako batzuek hamabost milioi ikustalditik gora dituzte.

Azken urteetan, ordea, batez ere motoak dira zure bideoetako protagonistak.

Bai, pentsatu nuen niri gustatzen zaizkidan gauzak jarri behar nituela nire kanalean, eta nire afizioa beti izan da autoekin eta motoekin trasteatzea; beraz, afizio horri lotutako bideoak jartzen hasi nintzen. Hasieran, ez nion kamerari zuzenean hitz egiten, nire ahotsa entzuteak-eta lotsa ematen zidalako, baina pixkanaka-pixkanaka hasi nintzen motoei lotutako tutorial batzuk egiten. Ikusten nuen jendeak jarraitu egiten ninduela, nire bideoak ikusiaz ikasi nahi zutela, eta gazte jendea hasi zitzaidan gauza jakin batzuk azaltzeko eta zalantza jakin batzuk argitzeko eskatzen.

Eta sekulako arrakasta izan duzu: 500.000 jarraitzaile baino gehiago dituzu Youtuben orain. Espero al zenuen horrelako arrakastarik?

Egia esan, ez. Jarraitzaile kopurua hazten hasi zenean, pentsatu nuen ikaragarria izango zela egunen batean 100.000 jarraitzaile izatera iristea, eta, halako batean, ailegatu egin nintzen horra, eta etxean ospakizun festa ere prestatu zidaten. Gaur egun, 375.000 jarraitzaile ditut Rekadista kanalean, eta ia 130.000 Txatarrista kanalean.

Baten faltan, bi kanal dituzu, beraz. Zertan desberdintzen dira?

Rekadista kanalean jartzen ditut niretzat interesgarrienak diren edukiak: batez ere, motoen eta autoen ingurukoak, bidaiak, tutorialak, konponketak… Esan dezagun, bideorik txukunenak, editatutakoak. Baina ikusten nuen grabatzen nituen beste bideo pila batek ez zuela lekurik kanal horretan, argitaratu gabe gelditzen zirela, eta haientzat beste kanal bat sortzea erabaki nuen. Kanal horrek Txatarrista du izena, eta edozer gauza jartzeko erabiltzen dut: kalean aurkitzen dudan auto zahar baten irudiak, errepidean zerbait gertatu zaidan unea, bitxikeriak… Grabatu, eta zuzen-zuzenean jartzen ditut horiek, batere editatu gabe.

Bi kanaletan 100.000 jarraitzaile baino gehiago dituzunez, Youtubek zilarrezko bi botoi eman dizkizu. Bada zerbait.

Bai, youtuber gutxi egongo dira bi botoi dituztenak…

Zerk bihurtzen zaitu hain erakargarri jendearentzat?

Ez dakit zer den, baina badut jendearen gustukoa den zerbait. Gustatu egingo zaie, agian, nolakoa naizen, eta, gainera, nire bideoekin gauzak ikas ditzakete. Behin baino gehiagotan esan didate motoen Argiñano naizela.

Ez da izango Youtuben lehiarik ez dagoelako…

Ez, ez. Hasi nintzenean ez zeuden nire moduko edukia eskaintzen zuten kanal asko, baina orain pila bat dago, eta nik baino hobeto egiten dutenak asko: bideoak ondo editatuta, musikarekin, argitasuna zainduta… Nire bideoak ikusi, eta askotan pentsatzen dut jendeak nolatan ikusten dituen, baina bai, ikusten ditu.

Youtuberra izateaz gain, garraiolaria eta aita zara. Nola moldatzen zara denera iristeko?

07:50ean hasten dut lan eguna, 08:00etarako Zarauzko lantegietara materiala eramateko, gremioak lanean has daitezen, eta 19:30-19:45 aldera bukatzen dut. Eguerdian etxera etortzen naiz bazkaltzera, eta bazkalondoan izaten dudan tartetxoa baliatzen dut telefonoan dauzkadan bideoak ordenagailura jaitsi, editoretik pasatu, eta Youtuben jartzeko. Rekadista kanaleko bideoekin horrela egiten dut, eta, Txatarrista kanalekoak editatu ere egin gabe jartzen ditudanez, bideoak editatzeak eta jartzeak ez dit denbora asko kentzen. Ikusten badut bideo batek ordubeteko edizio lana baino gehiago behar duela, ez dut egiten. Badira bideoak editatzen bizpahiru egun pasatzen dituzten youtuberrak, baina nik ia-ia zuzenean jartzen ditut. Grabatu, berriz, garajera jaisten naizen tartetxoetan grabatzen ditut: afalondoan, asteburuetan…

Bideoak grabatzean inoren laguntzarik izaten al duzu?

Ez. Dena neuk egiten dut, sakelako telefonoarekin. Android telefonoek aukera ematen dute grabatzen ari zaren bitartean etenaldia egiteko eta gero berriz bideo berarekin jarraitzeko, eta hori erabiltzen dut; horrela, bideoak ia eginda gelditzen dira. Jendea harritu egiten da hori esaten diedanean; “Nola liteke horrenbeste jarraitzaile dituen youtuber batek bideoak sakelakoarekin grabatzea?”, galdetzen didate. Nik hala egiten dut.

Inoiz pentsatu al duzu laguntza eskatzea eta bideo profesionalagoak egitea?

Ez, nire jarraitzaileek naturaltasunagatik segitzen naute. Nik badakit nire bideoak kaskarrak direla, beste batzuenekin konparatuz gero, bai, behintzat, baina maila igoz gero, mailari eutsi egin behar zaio. Gainera, bideoak beste batek editatu behar badizkizu, haren zain egon beharra daukazu, eta denbora galtzen duzu. Ez du merezi; nik orain arte bezala jarraituko dut, behintzat.

Bideoetan espainolez hitz egiten duzu. Sekula ez duzu pentsatu edukiak euskaraz sortzea?

Egia esateko, hirugarren kanal bat ere badut: Rekadista euskaraz. Hasi nintzen bideoak euskaraz egiten, eta batzuk baditut, baina ez daukat denerako astirik. Horregatik, denbora gehiago eskaintzen diot gaztelerazkoari, haietan askoz jarraitzaile gehiago ditudalako, eta mundu guztitik ikusten nautelako. Gazteleraz hitz egiten den toki guztietako jarraitzaileak ditut: Mexiko, Argentina, Uruguai, Ekuador, AEBak… Azkenean, euskaraz dakienak gazteleraz ere badaki, eta… Gainera, euskaldun batzuei gazteleraz ikasteko ere balio omen die.

Bizi al daiteke Youtuben bideoak jartzetik?

Orain dela urte batzuk, bai, baina orain ez dute lehen adina pagatzen.

Sekula pentsatu al duzu horretan jartzea? Alegia, furgoneta utzi eta Youtubetik bizitzea?

Gustatuko litzaidake honetatik bizitzea, baina furgonetarekin nabilen bitartean zaila da, ez dudalako astirik. Lana, bideoak, garajeko zereginak, jarraitzaileen mezuei erantzutea, kanaleko kideei primizian erakusten dizkiedan edukiak… Ez naiz gehiagora iristen. Egia da enpresetatik mezu pila bat iristen zaizkidala diruaren truke beraien produktuak promozionatzeko eskatuz, baina kasurik ere ez diet egiten. Duela bi urte-edo hasi nintzen, baina sekulako lana eskatzen zuen; 200 euroko kontu batengatik, 30 bat mezu bai gutxienez, eta utzi egin nuen. Hortik bizitzeko, furgoneta utzi egin beharko nuke, eta ordu batzuk eskaini beharko nizkioke publizitatea bilatzeari. Baina iruditzen zait neuretzat kaltegarria ere izan daitekeela hori, jarraitzaileek pentsa dezaketelako saldu egin naizela, nahiz eta ulertu beharko luketen nire bideoei esker eurek ere diru asko aurrezten dutela. Agian, hemendik pixka batera jarri beharko nuke horretan, baina, oraingoz, furgonetarekin jarraituko dut. Gainera, furgonetak askatasun handia ematen dit; aukera ematen dit leku asko ezagutzeko eta jende askorekin egoteko, eta nire edukietako asko horri esker sortzen ditut. Furgoneta utziko banu, etxetik garajera eta garajetik etxera, ez nituzke bideoen erdiak ere egingo.

Horrenbeste jarraitzaile izanda, ezagutuko zaituzte han eta hemen. Zer moduz daramazu famaren kontua?

Duela hiru urte Huescara [Espainia] joan ginen, eta, bat-batean, hiru pertsona hurreratu zitzaizkidan sinadura eta argazki eske. Harrituta gelditu nintzen, baina ordutik ohikoa bihurtu da. Zarautzen eta Donostian, berriz, ondo, dagoeneko ezagutzen naute, baina Nafarroan, eta Madrilen, Burgosen, Errioxan [Espainia]… Jendeak kalean ikusten nau, eta harritu egiten dira. Errepidean, berriz, klaxona jotzen didate, furgoneta handi batekin ibiltzen bainaiz. Ez didate trabarik egiten horrelakoek, baina dena bere tamainan; nik nahiago dut egiten dudanagatik ezaguna izatea, famatua izatea baino. Dena dela, egia da zenbait gauza egitean tentuz ibili beharra daukadala. Adibidez, lehen, Rekadista enpresako egutegiak ateratzen nituen, nire telefono zenbakia jarrita; baina orain ezin dut horrelakorik egin, jende askok nahiko lukeelako nire telefonoa.

Leave a Reply

Your email address will not be published.