Gozamena musika bihurtuta

Los Incansables txarangak iaz bete zituen 50 urte, eta, COVID-19aren eraginez ospakizunak itzalean gelditu ondoren, disko-liburu bat kaleratu berri dute, hainbat istorio, bitxikeria, argazki eta abesti bilduta. 1970etik txarangako partaide da Joaquin Ortega ‘Canario'; Igor Agirre 2016an sartu zen taldean.

Unai Zubeldia

Boom baten modukoa izan zen hasiera hura”, gogoratu du Joaquin Ortega Canario hernaniarrak (1951). Los Incansables txaranga aipatu, eta derrigor dago azpimarratu beharra Canarioren lana; bera da hasiera-hasieratik taldean jarraitzen duen partaide bakarra. 50 urte igaro dira jada 1970ean Astigarragako Ergobia auzoan bost lagun “ia oharkabean” elkartu zirenetik.

Jose Francisco Esnaola Paotxa, Txomin Castro Sietemesino, Felipe Sagarna Zapa, Jesus Mari Zalakain Pipas eta Canario bera dira txarangaren lehen bost partaideak. “Duela 50 urte ez zegoen txaranga talde itxirik”, gogoratu du Canariok. “Saxofoi jotzaile bat hemen, tronpeta jotzaile bat han, tronboi jotzaile bat beste nonbaiten… Horrela ibiltzen ginen hasieran”. Baina 1970ean, Ergobiako jaiak igaro berritan, elkarrengana ondo samar moldatzen hasita zeudela, eta beti kide berri bila ibili gabe, pentsatu zuten elkarrekin hastea hobe izango zutela.

Pentsatu eta egin. Bonbardino bat, tronboi bat, tronpeta bat, saxofoi bat eta kaxa bat hartu, eta hantxe hasi zen sortzen iaz 50 urte bete zituen txaranga. Pandemia garai betean ia ezerezean gelditu dira Los Incansables txarangako partaideen ospakizun gehienak, baina aspaldiko proiektua gauzatuta, disko-liburu bat kaleratu berri dute txarangaren 1970etik gaur egunera arteko istorio, bitxikeria, argazki eta abestietako batzuk bilduta. Canariok berak lehen pertsonan dauka kontatuta dena —aurretik, zazpi disko dauzka kaleratuta taldeak—.

LOS INCANSABLES

Beteranoena da Canario, eta azken urteotako haize freskoa Igor Arrieta (Tolosa, 1993), gaur egun taldean gazteagoak ere badauden arren —2016an sartu zen Los Incansablesen—. “Bederatzi-hamar musikari gara taldean, eta elkarbizitza eskola bat da hau guretzat. Adin desberdineko jendea dago taldean, oso ikuspuntu eta herri desberdinetakoak, hasi Erriberritik eta Tolosaraino”. Agirrek onartu du gazteenek, hasieran, ez dutela jakiten horrelako talde profesional baten atzean zer-nolako lana egoten den. “Izan tratua, kontratazioak, errepertorioa… Canariok berak askotan esaten du 1970ean ‘angulak, txuletak eta ondo pasatu’ izaten zela euren filosofia. Guk angularik ez dugu ikusi, eta txuletarik ere apenas. Beste garai batzuk dira”. Beteranoenak onartu du, hori bai, gazteak “oso maila onarekin” iristen ari direla taldera. “Eta kalitatea ematen du horrek”.

Lehen urteetan, txarangako bost partaideak autoan joaten ziren herriz herri. “Eta, gure instrumentuez gain, bonbo bat eta txapak eramaten genituen. Herri bakoitzean beti egoten zen ezagunen bat, eta haiei esaten genien bonboa eta txapak jotzeko”, zehaztu du Canariok. 1971rako “nahiko egutegi polita” osatu zuten jada. “Gogoan daukat herri guztia etortzen zela gure atzetik, eta ume txikien pare ibiltzen ginela gu; batek abesti bat hasi, besteak beste bat, atzetik hirugarrena… gelditu ere egin gabe ibiltzen ginen”. Hain zuzen ere, Leitzara (Nafarroa) joan ziren batean, bikote bat pasatu zitzaien ondotik eta txarangak zer izen zeukan galdetu zien emakumeak. Lehen urtea zutela eta artean ez zeukatela izenik erantzun zioten. “Eta ‘tira, bada, hurrengo urtean etortzen bazarete, txarangari jarri Los Incansables izena’ esan zigun [nekaezinak]. Inoiz ez omen zuen ikusi eta entzun gurearen antzeko ezer”. Txarangari izena jarrita itzuli ziren Leitzatik etxera.

Uda, “ez sinestekoa”

“Ez entsegurik eta ez ezer. Eromena izan zen lehen hamar urte haietako erritmoa”, gogoratu du Canariok. “Urte batzuetan, herriz herriz joanda gaude abuztuko 31 egunetan, uztaileko beste 25 bat egunetan eta iraileko beste hogei egunetan. Ez sinestekoa zen”. Hainbesteko joan-etorrirekin entseguetarako denborarik ere ez zuten hartzen taldekideek, baina eurek bidea egin ahala, txaranga gehiago sortzen hasi ziren pixkanaka, eta 1981 inguruan hasi ziren serio entseatzen. “Ordutik, azken 40 urteotan astean behin, behintzat, entseatu dugu, Hernanin hasieran, Txomin Castrok Villabona-Amasan zeukan tailer batean gero, Hernanin egin ditugu azken hamar urteak, eta orain, ziurrenik, Tolosan ariko dira gehiago, bertakoak direlako txarangako kideetako bost”.

Agirrek ziurtatu du “gogorra” dela txaranga baten erritmoa. “Eta, hain zuzen ere, hori da zailena gazteak erakartzeko, konpromiso handia eskatzen duelako honek”. Festa eta lana uztartzen dituzte egunerokoan. “Gurea ez delako kontzertu bat, jendeak ondo pasatzeko bitarteko bat baizik. Inguruan daudenek ondo pasatu dezaten nahi dugu guk, lanean ari garela ahaztu gabe. Kalea eta festa dira gure lantokia”. Hori bai, kide gehienek uztartu egin behar izaten dute txarangako lana eta euren eguneroko lana. “Baina alde horretatik ere txarangan jarraitzea bermatuko digun lanposturen bat izateko apustua eginda daukagu”.

Hernaniarrak sortu eta moldatu izan ditu abestirik gehienak. “Herri musika, kalejirak, jotak, arin-arinak, musika mexikarra, saltsa, cumbia, swing pot-pourria, rock-and-rolla… Denetik pixka bat”. Baina hernaniarrari ez zaio ari gustatzen azkenaldian, “bereziki Iruñean”, gailentzen ari den reggaeton giroa. “Errazenera jotzen ari dira txarangak”. Agirrek uste du, ordea, “gaur egun jendeak eskatzen duenera egokitzen” asmatu beharra daukatela. “Taldeak daukan berezko izaera hori galdu gabe, noski”.

Iazkoa zuen Canariok 50. urtea txarangan, eta omenaldi giroan zeukan asmoa taldea uzteko. “Baina koronabirusarekin ez dakit zer gertatuko den. Kaleko animazioa noraezean gelditu da: danborrada, inauteriak… dena bertan behera gelditu da”. Agirrek gogoratu du iazko Tolosako inauteriak “salbatu” zituztela, nolabait. “Baina zaila da egoera. Ostalaritza aipatzen da beti, baina beste lan jardun garrantzitsu bat dago udako jaien bueltan; teknikariak, musikariak… 2020an galdu egin da dena, eta 2021ean ez dakigu zer gertatuko den”.

Instrumentuak ahaztuta

Bitxikerien zakua ondo beteta daukate taldean. “Herri batera iritsi, eta orduan konturatu izan gara tronpeta, tronboia edo bonbardinoa etxean ahaztuta joan ginela”, gogoratu du Canariok. “Edo hasiberria zen taldekide bati behin danborrada hamaiketan hasten zela esan genion, eta han agertu zen 11:00etan; 23:00etan zen, ordea”. Los Incansableseko kideek betidanik oso gustukoa izan dute Euskal Herriko Itzulia ere. “Eta bertan izan ginen 1976tik 2000ra. Luis Ocaña, Txomin Perurena, Laurent Jalabert, Claudio Chiappucci, Miguel Indurain… denekin ibili izan gara; baita Euskadiko Sei Orduetan ere”.

LOS INCANSABLES

Canariori lekukoa hartuta, “Frantziako herri batean hainbat fanfarrerekin gertatutakoa” ekarri du gogora Agirrek. “Los Incansables eta beste hiru banda zeuden”. Aurkezpen doinu bat jo beharra zeukan bakoitzak. “Eta, bat-batean, Los Incansables abestia jo zuen Frantziako banda batek, Canariok bere garaian sortutakoa”. Agirrek azaldu du Canariok berak Altsasuko (Nafarroa) peña bati egindako abestia jo zuela beste talde batek. “Eta Belgikako taldeak El Zapa jo zuen, Zaparen omenez sortutako abestia [Batallon Vasco Españolek hil zuen txarangaren sortzaileetako bat izan zena]. Bitxia izan zen”.

Txarangaren sortzaileak onartu du “oso gustagarria” dela jendea inguruan ondo pasatzen ari dela ikustea. “Denbora azkar pasatzen da horrelakoetan, eta oso berezia izaten da sentsazio hori”. Lana izanik ere, etxean babesa jaso izan du beti Canariok. “Musikariz inguratuta nagoelako, azken batean”. Ainara eta Joana Ortega ditu alabak. “Eta piano irakaslea da nire emaztea. Gure etxean, zorionez, badakite zein den errealitatea”.

50 urteko ibilbidean ia 60 musikari igaro dira Los Incansables txarangatik, eta oraindik ez da izan emakumezko parte hartzailerik. “Baina ez da izan utzi ez diegulako”, argitu du taldeko beteranoenak. “Jo izan dugu emakumeekin, baina ez taldeko kide gisa. Alde horretatik, emakumezkorik ez zaigu aurkeztu izan inoiz”.