Ahal denari eutsita

Ahal denari eutsita

Unai Zubeldia

Amore ematea zen beste aukera bat. “Baina betiko dinamikari eusten saiatu gara gu”, azaldu du Jose Luis Gonzalezek, Eibarko Udaleko kultur teknikariak. 44. aldia dute jada Eibarko Antzerki Jardunaldiek, baina berezitik dezente izango du aurtengoak, besteak beste eibartarrek bakarrik gozatu ahal izango dutelako emanaldiekin. “Iaz, pandemiaren eraginez, bertan behera utzi behar izan genituen ikuskizun batzuk, eta saiatu gara horietako gehienak berreskuratzen”. Coliseo antzokian izango dira ikuskizun gehienak —bakarra izango da Portalea kultur etxean—, hurrengo asteartean hasi eta martxoaren 23ra arte.

Helburua argia da: “Une arraro honetan betiko antzerki jardunaldiak egitea”. Osagaiak lau multzotan sailkatu ditu Gonzalezek: “Batetik, beti bezala, Euskal Herriko konpainiak izango ditugu. Bospasei aritzen dira normalean, eta hamar bat izango dira aurten”. Madrilera ere jotzen dute urtero, Espainiara. “Eta hortik ekarri dugu, adibidez, Los Hijos antzezlana. Azken uneko aldaketa bat izan da, gainera, eta Elena Iruretak rol garrantzitsua jokatuko du ikuskizun horretan”. Espainiako beste probintzia batzuetako lanak ere zaintzen dituzte urtero, eta aurten ere izango dute tokia horietako batzuek. “Eta, laugarrenik, aktore berrien lanak ekartzen ere saiatzen gara beti, eta, adibide modura, Pabiloi 6 gazte konpainia gonbidatu dugu aurtengo jardunaldietara”. Getari Etxegarai da Bizkaiko konpainia horren zuzendaria.

Antzezlanei heldu aurretik, hitzaldi bat izango da hurrengo asteartean, hilaren 9an, Coliseo antzokian, 19:00etan: Avatares de un festival. Roberto Herrero, Fernando Bernues, Juan Ortega, Ane Gabarain, David Barbero eta Pedro Barea izango dira hizlariak, eta Erika Rodriguez Horrillo Narruzko Zezen taldeko kideak aurkeztuko du.

Egitaraua aztertuta, hemeretzi emanaldietatik bost izango dira euskaraz: Kutsidazu bidea Ixabel (musikala), Lurrun minez, Ameriketako bidaia, Atzerrian lurra garratz eta Ez dok ero. Gutxitxo, akaso? “Estatistikarik ez daukat eskura, baina Txalo Produkzioak konpainiak, esaterako, Eibarren aurkeztu zuen Konpromisoa antzezlana, urtarrilean; iazko azaroan, berriz, Nerea Ariznabarretaren ekoizpen bat eskaini genuen: Adela eta Martirio Bernarda Albaren etxean…”.

Kantitatetik kalitatera

Urtean zehar euskarazko saioak programatzen dituztela esan du Gonzalezek. “Gutxi edo asko? Batzuetan ez diogu begiratu behar hainbeste kantitateari, produktuari berari baizik. Eta Patxo Telleriaren Ameriketako bidaia-ren kasuan, adibidez, aukeran geneuzkan euskarazkoa eta gaztelaniazkoa, eta euskarazkoa aukeratu dugu”. Kritika egiten duten batzuek Coliseoan sartzen ez dituela ikusten gaineratu du Gonzalezek. “Ados nago eskatzearekin, baina askotan bestelakoa izaten da errealitatea”.

Pandemia giroan, antzokiak “toki seguruak” direla adierazi du udaleko kultur teknikariak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.