Angiozarrek autonomia handiagoa nahi du

Angiozarrek autonomia handiagoa nahi du

Miren Garate

“Uste dugu autogestiorako autonomia ekonomiko eta erabaki ahalmen duin batzuk izango bagenitu, hobeto erantzungo geniekeela hemengo gabeziei eta beharrei”. Tokiko erakunde txiki izatea lortzeko prozesua hasi du Angiozarrek (Bergara), eta Ainhoa Larrañagak, Ramon Loitik eta Garbiñe Elorzak esaldi horrekin laburbildu dute zergatik nahi duten aitortza hori eskuratu. Herri batzarrak izendatuta, haiek arduratuko dira prozesua kudeatzeaz, Unai Asurmendirekin. Uztailean osatu zuten taldea, eta irailean ekin zioten buru-belarri lanari.

300 biztanle inguruko auzoa da Angiozar; Bergaratik bost kilometrora dago. “Beti eduki dugu identitate propio bat, herri izaera bat”. Hori da prozesua abiatu izanaren arrazoietako bat. Bigarrena, berriz, hau: “Urte askoko harremana dugu Bergarako Udalarekin, eta beti sentitu izan dugu gure eskaera eta beharrei ez zitzaiela erantzuten, ez gintuztela aintzat hartzen. Frustrazio asko ditugu pilatuak”. Herriguneaz gain, bost auzo biltzen ditu Angiozarrek, eta, besteak beste, eskola bat —30 ikasle baino gehiagorekin, txiki geratzen ari zaie—, taberna, elkarte gastronomikoa, parkea, egun batzuetan Elgetatik joaten zaien medikuarentzako kontsulta eta abar dituzte. Falta dituzten zerbitzu eta azpiegiturak ere ugari direla diote, ordea.

Erdigunean, eliza da eremu handiena hartzen duen eraikina; elizpetik, aurrean ikusten den Goimendi auzoari begira jarri dira hirurak, aipatzen dituzten gabezia horietako batzuen adibideak emateko. “Kanpazar mendatetik horra bitartean, hamalau baserri daude. Hemendik joan nahiko bagenu, berez, 1,5 kilometrokoa ere ez da distantzia, eta baso bideak eginda daude. Baina errepiderik ez dagoenez, gaur egun hamahiru kilometro egin behar dira iristeko”. Eliza azpiko kalean, berriz, etxe handi dotore bat ikusten da, utzita. “Eraikina auzoari doan eskaini dio familiak, herriko gauzetarako, baina hori kudeatzeko ere ez daukagu ahalmenik”. Hitzordua eliza azpian zergatik den ere azaldu dute. “Ez daukagu biltzeko tokirik”. Beste adibide bat ere bai: “AHTaren obretako desjabetzeez eta abarrez egunkarien bidez enteratzen gara: ez digute abisatzen”.

Tokiko erakunde, ez herri

Tokiko erakunde txiki izatea lortu nahi dute, baina “oraingoz, behintzat” ez dute eskatzen Bergaratik bereiztea. “Hemengo behar guztiei ezin diegu bakarrik erantzun. Autonomia ekonomiko bat eta erabaki ahalmen minimo bat nahi ditugu; adibidez, diru laguntza bat eskatu ahal izateko, diputazioan bilera bat izateko, entzunak izateko, ikusten dugulako azkeneko urteetan abandonatuta gaudela”.

Larrañagak, Loitik eta Elorzak nabarmendu dute ez diotela inori errua bota nahi. Alabaina, iruditzen zaie egun dagoen logika “oso urbanoa” dela, eta kaletik begiratuta “beste maila batean” geratzen direla auzoetako arazoak. “Horregatik, deszentralizazio batek on egingo lioke Angiozarri, eta kalterik ez Bergarari”.

EH Bilduk du alkatetza Bergaran, eta haiekin eta herriko EAJko ordezkariekin bildu dira, baita Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza duten taldeekin ere —PPrekin ez beste guztiekin—. Ondo hartu dute proposamena guztiek, baina badakite bidea ez dela samurra izango. Lehen oztopoa Gipuzkoako 2/2003 foru araua dela azaldu dute. Arau horrek tokiko erakunde txiki izateko gutxieneko 500 biztanleko kopurua ezartzen du, eta Angiozarren 300 lagun daude erroldatuta. Langa hori 250era jaisteko eskatu diete batzar nagusiei.

Batzar Nagusietako taldeekin bilera sorta egin aurretik, Eider Mendoza Gobernantza diputatuarekin ere bildu ziren. “Esaten zigun Angiozarrek 250ekin eskaera eginez gero, atzetik beste askok egin zezaketela 150ekin”. Ez dute uste horrelakorik gertatuko denik. “Jendea, oro har, ez dago musu-truk lan kolektiboak egiteko prest. Hemen bai, eta iruditzen zaigu aprobetxatu egin beharko luketela”. Hala ere, gutxieneko biztanleriarekin batera, bestelako baldintza bat eskatzeko ere proposatu dute: antolaketari edo gobernantzari lotutako berezitasun historikoren bat izatea eskatzaileak. Beren kasuan, lau urtetik behin hauteskundeak egiten dituzte. Angiozar osoa izaten da hautesle eta hautagai, eta kaleko lau ordezkarirekin eta auzo bakoitzeko bina ordezkarirekin, herri batzarra osatzen dute, eta auzo alkatea ere badute.

Gipuzkoako araudiak Espainiako Estatuko legediarekin talkaren bat duela ere esan diete EAJko ordezkariek. “Guk uste dugu hori aitzakia bat dela”, diote Larrañagak eta. “Beste erkidego batzuek ere badute erakunde txikiaren figura hori, eta, kasu batzuetan, baita 50 biztanlerekin ere”. Talkarena argitu ostean, otsailean edo martxoan berriro harremanetan jartzekotan geratu ziren EAJkoak. Bergarako Udaleko EH Bilduko eta EAJko ordezkariekin beste bilera bat ere egin nahi dute. Gipuzkoan, gaur egun Ereñotzuk (Hernani) eta Itziarrek (Deba) dute tokiko erakunde txikiaren izaera, eta haiekin ere harremanetan daude Angiozarkoak.

Siadeco ikerketa elkarteari txosten bat egiteko eskatu diote, aztertzeko zer bideragarritasun izan dezakeen Angiozarrek etorkizunean. “Prozesu hau oso interesgarria da guretzat, gauza batzuk argitara emateko: zer dagokion herriari, zenbat diru daukagun… Prozesu mardula planteatu digute”.

Txarrenean ere, hau da, tokiko erakunde txiki izatea lortuko ez balute ere, guztiz sinesten dute prozesua eta saiakera bera ere lagungarriak izango direla Angiozarrentzat. “Eskaera ugari pilatu zaigu, eta gu ere desmotibatuta-edo gaudelako, ez dugu presiorik egiten, eta udalak ere ez du presiorik sentitzen. Prozesu honekin auzoa berraktibatu egingo dela uste dugu: batzordeak sortu, lanak banatu… Orain baino okerrago ez gara egongo”.

Udala, “entzuteko prest”

Gorka Artola Bergarako alkateari “haiek egin beharreko bide bat” dela iruditzen zaio Angiozarren hasi duten prozesua, baina azaldu du “bidelagun” izan nahi dutela. “Berba egiteko guztiz prest gaude”. Uste du bi aldeentzat izan daitekeela positiboa Angiozarrek tokiko erakunde txiki izatea lortzea, eta ikusi beharko litzatekeela nola eragingo liokeen horrek Bergarari. “Lehen pausoa foru araua aldatzeko saiakera hori izango da. Hori lortuz gero, berba egin beharko genuke zer baliabide nahiko edo beharko lituzketen, zer eskumen nahiko lituzketen, eta hori nola nola uztartuko litzatekeen Bergarako herriarekin”. Artola alkatearen esanetan, momentu batean mendeko administrazio batekin negoziazio prozesu bat hastea eskatuko luke horrek, eta oreka bat bilatzen ahalegindu beharko lukete.

Angiozarko bizilagunek aipatutako gabeziei dagokienez, Artolak onartu du auzoetan askotan izaten dituztela halako sentipenak. “Herri erditik gauza batzuk ikustea eta erantzutea kostatu egiten da, ez saiatzen ez garelako”. Tokiko erakunde izatea lortuko ez balute udalaren rola zein izango den galdetuta, kontua gehiago ikusten du Batzar Nagusietako eztabaida moduan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.