Antzeko egitasmoak

Ereñotzu. «Auzo bizitza handiagoa ikusten da»
M. Garate
Bost urteko prozesu baten ostean, Ereñotzuk (Hernani) 2011n lortu zuen tokiko erakunde txiki izatea. Auzotarrek osatutako kudeaketa talde bat aritu zen lanean aurrena, eta urte hartako udal hauteskundeak baliatuz sortu zuten lehen udal batzarra. Handik ia hamar urtera, egindako urratsaren «oso balorazio positiboa» egiten du Unai Erroitzeneak, gaur egungo auzo alkateak. «Autonomia lortu dugu. Ez ditugu auzo udal batek izan ditzakeen eskumen guztiak, baina bai guretzat interesgarrienak direnak».
Hitzartuta dauzkaten eskumenen artean daude, esate baterako, hauek: obra txikiak; eraikinen mantentze lana; herri bide, bide publiko eta berdeguneen zaintza; kale garbiketa… Kultur ekitaldiak ere herri batzarrak antolatzen ditu. «Alde horretatik lan asko egin da, eta auzo bizitza handiagoa ikusten da». Hirigintza kontuak, berriz, Hernaniko Udalaren eskumena dira.
Formula bat dute ezarria, eta, Hernanik urteko aurrekontuak onartzen dituenean, automatikoki kalkulatzen dute zenbat dagokion Ereñotzuri. Bi langile dituzte, eta Hernaniko udal teknikarien laguntza ere badute.
Erroitzenearen esanetan,
administrazio publikorako laguntzetara aurkezteko aukera da tokiko erakunde txiki izateak ekarritako abantailetako bat, nahiz eta arlo horretan ere baduten «borroka txiki» bat: irizpideak aldatu direnez, laguntza batzuetara udalak bakarrik aurkez daitezke orain.
Hernaniko lur eremuaren ia %65 dago Ereñotzun. Hobetzeko gauzak beti egoten diren arren, Hernaniko Udalarekin harreman «ona» dutela dio. «Eta kondenatuta gaude hala izatera, gauza batzuk elkarlanean egin behar izaten baitira».

Itziar. «Mamuak joaten ari dira»
M. Garate
2015ean lortu zuen tokiko erakunde txiki izatea Itziarrek (Deba), Arantxa Egaña auzo alkatearen esanetan, «30 urteko segregazio nahi baten ostean». Herri izateko ahalegina egin zuten aurretik, baina ez zen posible izan. Gaur-gaurkoz, Debarekin harreman ona dutela dio, baina orain gutxi arte ez da hala izan. Kontatu duenez, Debako lurren %80 Itziarren daude, eta Itziarrek tokiko erakunde txiki izatea lortzeak beldur ugari eragiten zuen herrian. «Auzo udala gutxiesteko kanpaina bat ere egon zen, baina kudeaketa ona eginda, mamuak joaten ari dira».
Bost kilometrok bereizten ditu bata eta bestea, eta, Egañaren hitzetan, oso izaera ezberdina dute. «Eta uste dut hori oso inportantea dela tokiko erakunde bat sortzeko. Hondartza ondoko herrigunea da Deba, kalea; Itziar, berriz, landa eremua,
eta zaila da behetik hemengo beharrak ikustea». Erakunde izaera lortu zutenetik bertako premiei irtenbideak errazago ematen zaizkiela uste du.
Horrez gain, aurrekontua zertan gastatu erabakitzeko duten ahalmena nabarmendu du. «Diru gehien ohiko gastuetan joaten da, baina zati bat izaten da inbertsioetarako ere, eta guk erabakitzen dugu zer egin. Festak ere, aurrekontu propioarekin, gehiago molda ditzakegu gure nahietara».
Foru Aldundiarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta beste erakunde batzuekin zuzenean harremanetan jartzeko duten eskuduntza ere aipatu du onuren artean. «Beste udalerri batzuen mailan jartzen gaitu izaera honek. Debako Udalak ere ezin du edozer egin orain Itziarren; gurekin hitz egin behar du aurrez».
Egañaren iritziz, tokiko erakunde txikien kopurua handitzea mesederako izan daiteke Itziarrentzat. «Gertatu izan zaigu diru laguntza batzuk udalentzat bakarrik izatea, aldatzeko eskatu, eta hurrengo urtean guretzat ere jartzea. Horregatik, zenbat eta gehiago izan, orduan eta indar handiagoa egiteko moduan izango gara».