Barrua mugitzeko itsas bidaia birtuala

Barrua mugitzeko itsas bidaia birtuala

Unai Zubeldia

Askorentzat etorkizuna esan nahi du itsasoak; itxaropenerako ate bat. Olatu bakoitza bihur daiteke aukera, baina baita arrisku ere. Eta ez itsasaldiengatik bakarrik. Amets baten bila hasi hala abiatu zen Jose Maria Iparragirre ere—, eta askok bukatu izan dute esklabo, euren saiakeran preso. Ateak zabaldu eta itxi; itxi eta zabaldu. Hala egin izan du itsasoak betidanik, eta hala egiten du oraindik ere.

Eta, hain zuzen ere, “migrazioen iraganari eta orainari buruzko hausnarketa bat” proposatu du Donostiako Euskal Itsas Museoak, Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoari lekukoa hartuta. Hala azaldu du Aitor Buitronek, Euskal Itsas Museoko hezkuntza arduradunak. Ekainaren 13ra arte egongo da ikusgai Leopoldina Rosa: gaur egungo istorio bat erakusketa. Doan da sarrera.

Migrazioaren bi ikuspegi eskaini dituzte erakusketan: XIX. mendekoa bata, Leopoldina Rosa ontziaren bidez irudikatu dutena. “Euskal herritarrek batez ere Hego Ameriketara egin zutena”. Eta XXI. mendekoa bestea, gaur egungoa. “Latinoamerikarra, bereziki. Baina ezin dugu ahaztu nolabait denok garela migratzaileak”, esan du Buitronek. Urte askoan itsasoa izan da migrazio prozesu gehienen agertokia. “Eta, XX. mendean hegazkinak asko eraldatu bazituen ere migrazio prozesu gehienak, gaur egun, oraindik, itsasoa da migratzaile horien iturburua”.

LEOPOLDINA ROSARI BURUZKO ERAKUSKETA

“1842an euskal migratzaileak Uruguaira eraman behar zituen fragata zen Leopoldina Rosa, baina hondoratu egin zen helmugara iristear zela”. Historiaren ispiluaren aurrean jarrita, bisitariak bere egingo du bi hilabete luzeko bidaia hori. “XIX. mendean euskaldun gehienak Kuba eta Puerto Ricora joan ziren, gainerako koloniak Independentzia Gerran murgilduta zeudelako Espainiaren aurka”. Baina Buitronek zehaztu du Lehen Karlistaldian, 1833tik 1840ra, beste norabide bat ere hartu zuela euskal herritarren migrazioak. “40.000 euskaldun baino gehiago joan ziren Uruguaira, Rio de la Platara, eta, hara iristearekin batera, Uruguaiko gerra zibilarekin topo egin zuten askok”.

Ondoren, Bigarren Karlistaldian (1872-1876), “beste migrazio prozesu bat” ere bizi izan zuten Euskal Herrian. “Gerrako galtzaileak eta soldaduska egin nahi ez zutenak ihesean joan ziren Ameriketara, baina, era berean, Industrializazio prozesua hasita, migratzaile asko iritsi zen Bilbora”. Dena den, Euskal Herria migrazioaren hartzaile, bereziki, XXI. mendean bihurtu dela azpimarratu du Buitronek. “Eraikuntza alorreko gizonezkoak iritsi ziren krisia lehertu aurretik, eta etxeetan zaintza lanak egingo dituzten edo osasun arloan ariko diren emakumezkoak iritsi dira krisiaren ondoren”. Horregatik jarri nahi izan dituzte parez pare XIX. mendeko migrazioak eta XXI. mendekoak.

“Garai gogorrak” izan ziren XIX. mendekoak, eta ez zen samurragoa izan Leopoldina Rosa fragataren bidaia. 1842ko apirilean abiatu zen Baionatik eta Pasaiatik —urtarrilean ziren abiatzekoak—, eta, bi hilabete geroago, 1842ko ekainean, hondoratu egin zen, haizete handi baten ondorioz. Hirurehun bidaiari zeramatzan, eta 70ek bakarrik lortu zuten bizirik ateratzea. “Frantziako agintaritza oso zorrotza zen jende kopuruarekin, eta ontziak geldialdia egin zuen Pasaian, jende gehiago hartzeko”. Horrek, noski, nabarmen gogortu zuen bidaia. “Gaur egun, gauza bera gertatzen da paterekin”, zehaztu du Buitronek.

LEOPOLDINA ROSARI BURUZKO ERAKUSKETA

Erakusketan bidelagun izango dira hainbat pertsonaiaren istorioak, arrazoi politiko eta ekonomikoek bultzatutako migrazio prozesuak ulertzen laguntzeko. Hala nola, Juan Manuel Besnes, Lesmes de Bastarrika, Jose Fructuoso Rivera, Manuel Oribe, Francisco Brie de Laustan, Samuel Fisher Lafone eta Elisabeth Salaberri. Eta testigantza gordinek, orduko kronikek eta ikus-entzunezkoek ere laguntzen dute garai bateko zein egungo migrazio mugimenduak ulertzen: gobernuek sustatutako migrazioak, itsasontzi enpresa askoren interesak, engantxadoreak, bidaiak hasi aurreko itxaronaldi luzeak, bidaietako baldintzak, elikadura arazoak, helmugara iritsi ondorengo esklabotza… “Barrua mugitzeko erakusketa da”.

Haurrentzako esperientzia

Leo eta Dina bidelagun hartuta, haurrentzat ere bada Leopoldina Rosa: gaur egungo istorio bat erakusketa. Lehen solairura igota, pasaporte bana jasoko dute guztiek, eta maletan ezinbestekoa den hori sartzea izango da lehen betebeharra. Antzararen jolasaren gisan, 2090. urtean eta Donostian kokatuko dira parte hartzaileak, eta taulaz taula ibiliko dira, helmuga duten herrialdera iritsi arte. “Migrazio prozesuan sor daitezkeen arazoen inguruan hausnarketa egitea da helburua”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.