“Garai zail hauetan burua elikatu behar dugu, eta museoek hori ematen dute”

“Garai zail hauetan burua elikatu behar dugu, eta museoek hori ematen dute”

Imanol Saiz Gomez de Segura

Kameraren edo ikusleen aurrean egoteari utzi, eta Irungo Oiasso museoa koordinatzera egin du jauzia Aizpea Goenaga aktore, gidoilari eta zuzendariak (Donostia, 1959). Hamarkada askotan telebistan, antzerkian edo Etxepare Euskal Institutuan zuzendari gisa bildutako esperientzia hori museoan irauli du. Iazkoa ezohiko urtea izan arren, egoerari eutsi diote Oiasso museoan, eskaintza eta izaera birmoldatzen aritzen baitira etengabe.

Aktorea, gidoilaria, zinema zuzendaria… Eta, orain, Oiassoko koordinatzaile orokorra zara. Nolatan iritsi zara museo batean lan egitera?

Museoaren zuzendari izandako Mertxe Urteagak sartu ninduen erromatarren mundu honetan. Hark egin ditu hemengo indusketarik garrantzitsuenak; esaterako, Arditurrin ibilitakoa da. Aspalditik laguna dut, eta betidanik sartu izan digu ziri hori. Gogoan dut Irungo Santiago kalean garai bateko egurrak aurkitu zituztenean gertutik erreparatu niola prozesu guztiari; oso polita izan zen, oso aberasgarria. Eta, bere garaian, nik egin nuen Oiasso museoko ikus-entzunezkoa ere. Hortaz, hasieratik banuen halako lotura bat museoarekin. 2019an museoa kudeatzeko deialdia egin zuten, eta niri proposatu zidaten postu hori, museoari alderdi kultural hori eransteko, batez ere. Eta, kasualitatez, hasi eta berehala pandemia eta eromen hau guztia etorri zitzaigun.

Nola heldu diozue pandemiak eragindako egoera berriari?

Pandemia iritsi bezain laster, bi aukera genituela ikusi genuen: geldirik eta egoerari begira egon, edo gure eskuetan zegoen guztia egin museoa aktibatzeko. Eta bigarren aukera hori baliatu genuen, inolako zalantzarik gabe, gainera. Sare sozialetan asko mugitzen hasi ginen, Ficab jaialdiko [Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoa] filmak proiektatzen, bideoak eskaintzen… Eta jendeak primeran erantzun du hasiera-hasieratik. Lehenengo itxialdian, mugimendu handia nabaritu genuen gure webgunean. Gauza asko egin genituen, eta, irekiera iritsi zenean, eutsi egin genion eskaintza horri.

Egoera zaila da: oso zaila izan da museo guztientzat. Jendea ez dago oso animatuta gauzak ikustera edo zabaltzera, eta animatuta dauden askok taberna behar dute, ezta? [barrez]. Txantxaz harago, oso urte zaila izan da denentzat. Gipuzkoako museo arkeologiko bakarra da Oiasso, eta guk hasieratik oso argi izan dugu gure zeregina ez dela publiko orokorrari begirakoa bakarrik. Museo askok minimoetara jo dute, eta gu, aldiz, eskaintza indartzen saiatu gara; birmoldatzen ari gara etengabe. Ahalegin horretan murgilduta gabiltza; gauza berriak egiten saiatzen ari gara.

Zergatik animatu beharko lukete herritarrek Irungo Oiasso museoa bisitatzera?

Museo honek sekulako interesa piztu zidan lehen egunetik. Gehienok ez dakigu hemen nola bizi ginen orain dela 2.000 urte. Egiptoko gauza asko dakizkigu, baina, askotan, hemengo aurkikuntza eta aztarna asko ez ditugu ezagutzen. Guretzat oso garrantzitsua da jakintza hori gordetzea. Memoria hori jasotzen dugu, ikerlariek eta antropologoek aurkitutako hori erakusten dugu, baina baita horren gaineko hausnarketa sortu ere. Askotan ez gara kontziente izaten, baina benetako altxorrak daude hemen, ikaragarriak.

Adibidez?

Oiasson ikusgai dauden pieza batzuk bakarrak dira: munduan horrelako bat edo bi gehiago aurki daitezke asko jota. Milaka urteko egurrezko mortero bat dugu, adibidez, berezitasun horiek dituen bakarra. Gure museoan ez dago arte edo eskultura pieza ikaragarririk, bizitza dago. Nola bizi ziren lehen? Zer objektu erabiltzen zituzten? Galdera horiei erantzuten diegu guk.

Beste adibide bat: duela 2.000 urteko arrantzarako soka bat dugu, sekulako balioa daukana, garai hartan nola arrantzatzen zuten erakusten baitigu. Hondarribiko sare konpontzaileekin egon ginen, haiek elkarrizketatu genituen, eta erromatarrak ziren piezak eraman genizkien. Minutu eta erdi kostatu zitzaien horiekin moldatzea. Gaur egungoen oso-oso antzekoak dira. Baina kontua da memoria hori galduz joango dela; izan ere, gaur egun sareak puskatu, eta zakarretara botatzen dira. 2.000 urteko tradizio bat pikutara doa; ikaragarria da hori. Garai bateko memoria hori mantendu egin behar dugu, memoria edukitzea baita daukagun altxorrik preziatuena.

Memoria honi lotuta, museoan esnea berotzeko harriak ditugu ikusgai egun, betidanik erabili direnak, baina gaur egun jada galdu direnak. Historiaurretik erabili izan dira. Urrian jarduera batzuk izan genituen; helduekin eta gazteekin bildu ginen. Eta, halako batean, adineko emakume bat ikusi genuen, hunkituta, gaztetxoei harri horiek zer ziren kontatzen. Gazteek ez zuten ezagutzen; harriak soilik ziren haientzat. Hori da museoek duten gauza ederrenetako bat: memoria berreskuratzen da hemen, memoria bizi hori, belaunaldiz belaunaldi igarotakoa.

Berreskuratze lan horretan, zertan ari zarete orain?

Irungo meategien inguruan ari gara lanean azkenaldian. Irun meategi gune ikaragarria izan da historikoki, sekulako garrantzia izan dute hemengo meategiek, eta orain ia inork ez daki hori existitu zenik ere. Gure aitona-amonek han egin zuten lan, eta hori ere desagertu da. Meategien memoria bizi hori ere jasotzen ari gara, bertan lan egin zutenen lekukotasunak izateko.

Oraindik altxor asko dago aurkitzeke Irunen?

Museoaren inguruan eta Irunen denetik aurki daiteke oraindik. Bizilagun askok deitzen jarraitzen dute, txanpon edo piezaren bat aurkitu dutelako. Erne egonez gero, konturatzen zara aztarna asko daudela inguruan, uste baino gehiago. Pandemia iritsi aurretik, paseo historikoak egiten genituen, eta txundituta geratzen zen jendea.

Aisialdi eta kultur eskaintza murritza da egun. Behar hori betetzeko aproposak dira museoak?

Uste dut aukera onenetakoa dela, zalantzarik gabe. Museo bat baino leku seguruagorik aurkitzea zaila da egun. Ez duzu ezer ukitzen eta neurri zorrotzak hartzen dira. Aireztapena dago, espazio handiak dira, eta ez dira leku masifikatuak. Askotan pentsatzen dut supermerkatura egunero joaten garela, jende gehiagorekin, eta gauzak ukituz, gainera. Eta bada oso garrantzitsua den beste gauza bat ere: garai zail hauetan burua elikatu behar dugu batez ere, eta museoek aukera hori ematen dutela uste dut. Museora joatea izugarrizko plana dela uste dut. 45 minutu edo lau ordu pasatu ditzakezu museoan, paseoan. Pandemia garai hauetan funtsezkoa da jakin-mina piztea, burua elikatzea, pentsatzea… eta ez denbora guztian birusaz hitz egiten aritzea.

Pentsarazteko aukera ematen dute museoek; mimo hori ematen dute, denbora hori. Historiaren gordailuak dira, baina oso biziak. Egia da museoa kontenedore moduko bat dela, baina, era berean, espazio aktiboak dira; ezin dute eduki pasibotasun hori. Jendearekin hartu-emana izan behar dute: kultur eragileak dira, neurri batean. Askotan ez da izan behar historiarekiko zaletasunik; izan daiteke burdinarekiko zaletasuna, tresnekikoa, ontziekikoa… Jakin-mina piztu dezaketen milaka gauza daude.

Beraz, kultura, orokorrean, segurua da.

Horixe baietz! Kultura erabat segurua da, eta beharrezkoa, gainera. Kulturak elikatu egiten du; bihotza, arima, eta, batez ere, gogoa, bizitzeko gogo hori. Egoera honetan jende asko oso triste dago, oso bakarrik, eta kulturari esker egoerari bira ematen ari dira. Norbera garatzeko erremintak ematen ditu kulturak, eta horregatik da hain garrantzitsua antzerki obra bat, film edo telesail bat ikustea, liburu bat irakurtzea edo museo bat bisitatzea. Lehentasunezko gauza bat beharko luke izan kulturak. Eta, horretarako, beharrezko baliabideak jarri behar dira, noski.

Kultur arloan denetik egin duzu azken hamarkadetan. Zerk bete zaitu gehien?

Gauza ezberdinak egiteak betetzen nau ni; egindako guztiak eman dit gauza bereziren bat. Baina antzerkia oso kutuna dut, eta museoan antzerkia egitea da nire ametsetako bat. Hemen tailerrak eta emanaldiak eskaintzea gustatuko litzaidake. Antzinako munduan eta mundu klasikoan antzerkiak sekulako garrantzia izan zuen, eta hori berreskuratzea gustatuko litzaidake. Ea osasun egoerak baimentzen duen, baina beste bide bat hartuko dugu bestela.

Nola ikusten duzu zure ogibide kutun horren egoera? Zer diote kideek?

Oso-oso beldurgarria da panorama. Antzerkiaren munduan bertan behera gelditzen ari dira emanaldiak, eta arrisku handia dago filmetan eta telesailetan ere. Kezkatuta nago, baina betiko kezka da, ez oraingoa. Sortzaileek betidanik izan dute arrisku hori, beti mugan bizi izan gara. Diru laguntzak egon daitezke, baina ez daude espazioak produzitzeko, probatzeko edo arriskatzeko. Zail dago egoera. Eta beldurra ematen du batzuetan.

Horrelako krisialdi batean dena bihurtzen da oso prekarioa, eta sortzaileek, askotan, mugak jartzen dizkiote euren buruari, prekaritate horri aurre egiteko. Eta arriskutsua eta penagarria da hori. Burua eta espiritua elikatzea hain beharrezkoa den momentu honetan, uste dut garrantzitsua dela sorkuntza, kulturak beste estadio batean egon beharko lukeela. Asko pozten naiz arrisku guztien gainetik jendea gauzak egiten ari dela ikusteak. Norabidea aurkitu ezinik dabiltza lagun eta ezagun asko, etsita, neurri batean. Beste batzuk, ordea. ez. Eta pozgarria da hori. Baina, oso kontziente izanda, zailtasun handiak daudela.

Pena handia ematen didate gure adinekoek ere, eta jende gazteak ere bai. Gazteei ez zaie tokatzen egoera hau pairatu behar izatea. Nire mezua ez da pesimista batere, errealista da. Egoera zail honi buelta emateko, borrokan jarraitu behar du kulturak, eta lan horretan alboan izango naute ni.

Ziur baduzula proiektu berriren bat esku artean…

Hala da, bai. Besteak beste, antzerki gida bat egiten ari naiz eskoletarako, nahi duten guztiei modu librean eskuragarri jartzeko. Uste dut oso garrantzitsua dela txikitatik antzerkia egitea. Neska-mutilek berezkoa duten zerbait da imitazioz edo errepikapenez ikastea. Eskola askok sartzen dute antzerkia euren curriculumean, baina indartu egin behar dela uste dut. Denetik behar da, eta hori guztia irakatsi nahi dut gida honetan.

Nolako 2021a aurreikusi duzue?

Inork ez daki zer gertatuko den, baina argi dugu iazko espiritu berberarekin jarraituko dugula lanean. Garai gogorra izan arren, ilusioz gaude, berritzeko gogoz.

Leave a Reply

Your email address will not be published.