Silueta bi

Leire Narbaiza
Tapiak eta Erkorekak publirreportajea egin dute zabortegian, buzo zuriak jantzita.

Leire Narbaiza

Untzaga plaza, Eibarren, herriaren armarria den San Andresen gurutzearen gainean silueta bi Joaquin eta Alberto izenekin, margarita zuri sorta bana dutela. Euria ari du, eta euripean egin dugu manifestazioa. Lelorik oihukatu ez denean isiltasun ozena entzun da. Biko lerroan, maskarak musuan, “Zaldibar argitu!”, gure eztarrietan.

Plazan, biribilean jarri gara ixaren inguruan. Plaza zabala da gurea. Irakurri dute manifestua, urtebetean jasandakoa. Sufrimendu handia egon da, eta oraindik ere badago. Malkoak begi ertzean entzun dugu iazkoa, emozioa gainezka, erdiko siluetei begiratu bitartean. Zer ote da haien tartekoa izatea? Jaso duten tratu txarrarekin, egin dizkieten mehatxuekin, hasieran inoratu zituzten moduan. Txarrena, oraindik Joaquin ez dela agertu, zaborpean galduta dagoelako.

Zabortegiak amiltzean behargin bi hil ditu. Hondamendi ekologikoa eragin du, gure Prestige. Denok dakigu Eitzaga alde hori ehunka urtetan kutsatuta egongo dela, bertan geratuko delako bertara botatako guztia. Gertakari horiek aitatzen dira katastrofeak gogoratzean, baina inork ez du sentimenduez hitz egiten, zer sufritu zen egun horietan. Nigan eragindakoa kontatu gura dut, aldatu egin ninduelako. Akordura ekarri, ahaztu ez dakigun.

Otsailaren 6an sorpresak hartu gintuen: magala amildu zen A-8aren gainean, desagertu bi zeuden. Agintarien helburu nagusia autopista zabaltzea izan zen, eta dena horretara bideratu zuten. Langileen bila zebiltzan erreskate taldekoak jantzi arruntekin ibili ziren, amiantoa zegoela konturatu ziren arte, esku hutsik, inerteen zabortegia zelakoan. Halere, metanoak suteak sortu zituen. Larrituta, informazioa eskatzen genuen. Baina alarmista eta sarraskijale deitu ziguten. Ez genekien zer geniharduen arnasten, usain kimikoa zegoen, eta eztarrian azkura geneukan. Haatik, ez kezkatzeko esan ziguten. Baina hurrengo egunetan leihoak ixteko agindu furano eta dioxina maila altuegia zelako. Gizonezkoen Espainiako Lehen Mailako futbol partida ere suspenditu zuten; horrek larritasunaren neurria eman zigun.

Ostegunean gertatu eta asteburu osoan inongo informaziorik ez. Igandean Urkulluk prentsaurrekora deitu zuen. Zerbait esango zuelakoan, eta bai zera! Hitz erdirik ere ez. Bielorrusian gertatu izan balitz bezala. IƱaki Iriondoren galderaren ondorioz esan zuen zerbait: Twitterren egiten diren kanpainengatik, ez. Sare sozial horretan #UrkulluNonZaude galdetzen zelako. Jakin nahi genuen, eta informazioa espero genuen, lasaitzeko. Halakorik ez zen gertatu, ordea. Kontua da burua hauteskudeetan zeukatela, ez gure ongizatean. Sentitu genuen babesgabetasuna izan zen hain handia, ezen barrua irauli egin zitzaigun askori. Eta jabetu ginen ez diegula ardura Eitzaga inguruko biztanleok, 50.000 pertsona baino gehiagok. Mina, tristezia, amorrua eta dezepzioa. Abandonatu egin gintuzten.

Gestioa negargarria izan zen, inprobisazioa nagusi. Urtebete pasatu da, eta oraindik ez daukagu ez erantzunik ez erantzukizunik. Halere, asteburu honetan Tapiak eta Erkorekak publirreportajea egin dute zabortegian, buzo zuriak jantzita, iaz bata mendian eta bestea missing egon baziren ere. Lotsarik ez.

Zapatuan siluetei begira egin nuen promesa: gertaeraren memoria izango nintzela, bizi izandakoa ahaztu ez dakigun, berriro ere egin ez diezaguten. Zaldibar Argitu!