Arnasgune berriaren bila

Arnasgune berriaren bila

Erik Gartzia Egaña

Irunen euskararen erabilera %7,6koa da, Siadeco elkarteak duela urtebete egindako azterketa soziolinguistikoaren arabera. Hizkuntzaren egoera ito horri flotagailu bat eskaintzeko asmoz, herritar talde bat elkartu zen duela urte eta erdi inguru. Denek zuten ideia bera: Irunek ez zuela euskararentzako arnasgunerik edo tokirik. “Hainbat jatorritako pertsonak elkartu ginen talde hartan: euskalgintzatik gentozenak, musikaren arlotik, arte plastikoetatik, bertsolaritzatik… Zer egin genezakeen pentsatzen hasi ginen geure artean”, azaldu du Maddi Sanzek, Ziztaka taldeko kideak. Ikerketa soziolinguistikoei erreparatzea izan zen lehenengo egitekoa. “Eta kezka horretatik abiatuta hasi ginen lanean”, esan du Beñat Alzaga taldekideak; “orduan ikusi genuen desoreka izugarri handia dagoela euskararen ezagutzaren eta erabileraren artean”.

Euskararentzako gune bat beharrezko ikusten zuten denek, “erabilera eta transmisioa bermatzeko”. Hala ere, Alzagak azaldu duenez, arnasgunearen proiektua ez da sortu euskararentzako aterpe gisa: “Euskararekiko dugun kezkagatik ekin genion Eztena prozesuari, baina hura hankamotz geratzen zela ikusi genuen”. Irunen kultur jarduerak “urriak” direla jabetu zirela gaineratu du Alzagak. “Urriagoak euskarazkoak. Eta zeudenak ere ez ziren Irungo artistentzako eginak. Hasiberrientzat ez dago inolako espazio duinik beren sormena argitara ateratzeko”. Horrela zehaztu zituzten proiektuaren bi ardatzak: euskara eta kultura. Hau da, Euskal Herrian erreferente diren kafe antzokiek biltzen dituzten ardatzak —Azpeitiko Sanagustin kulturgunea dute eredu—.

Sanzek azaldu duenez, ideia guztiak argitu ostean, hasierako proiektua irundarrekin partekatu beharra zeukatela sentitu zuten. Horretarako, moskeo kanpaina bat hasi zuten, sare sozialetan, batez ere. Hirian jakin-mina sortzen hasteko, lau itsasgarri mota sortu zituzten, hexagono formakoak, eta eztenarekin ziztada ematen duten liztorren etxea sinbolizatu zuten. Proiektuaren ardatzak idatzi zituzten bertan: kultura, euskara, elkargunea eta KA letrak —kafe antzokiaren siglak—. Itsasgarriak Irungo auzo guztietan itsatsi, eta sare sozialetan jarri zituzten argazkiak.

Bitarte horretan, herriko hainbat eragilerekin elkartzen hasi ziren talde berriaren kideak, proiektuaren berri emateko. Hain zuzen ere, moskeo kanpaina horretan konplize izan zituzten eragileetako ordezkariak. “Haien argazkiak jartzen hasi ginen, eta hala idatzi genuen: ‘Ez dakizue nor garen, baina begira nor dagoen gurekin'”, azaldu du Sanzek. Eragileek bat egin zuten Ziztaka elkartearen gabezien diagnosiarekin eta irtenbideekin.

Bi foro egin dituzte jada

Irungo eragileei eta norbanakoei foro baterako lehen deialdia egin zieten jarraian, eta Palmera-Monteroko aretoa bete egin zuten urtarrilaren 9an. “Hainbeste jende ezberdin, hainbeste tokitakoak… Denek aho batez bat egin zuten proiektuarekin. Ordurako, jada, ez zen hasierako hamar kideon ideia bakarrik”, esan du Sanzek. Otsailaren 6an egin zuten bigarren foroa, eta lehenengo saioan parte hartu ez zuten hainbat agertu ziren orduan. Bi foroak “energia ziztada” gisa definitu dituzte sustatzaileek, eta osasun larrialdia galga baino gehiago “aukera” izan dela ziurtatu dute, “zimenduak ezartzeko aukera eman baitu”.

Sustatzaileek “beso zabalik” hartuko dituzte ekarpenak. Lau lantalde sortu dituzte, oraingoz: “Komunikazioa, bai barnekoa eta bai kanpokoa; harreman bira, elkartu ez garen eragile askorekin biltzeko; proiektua bera definitzeko taldea, badago-eta zer hitz egin; eta kale ekintzak, pandemiarekin oraingoz zalantzan dagoena”, dio Alzagak.

Udalarekin elkartzeko asmoa ere badaukate. “Irunentzat mesedegarria izango da egitasmo hau, gabeziei erantzungo baitie, eta, alde horretatik, udalak badu zeresana. Elkarlanean aritu nahi dugu”. Hori bai, funtsezkotzat jo dute gune berri hori herritarrek modu autonomoan kudeatzea eta parekidea izatea, bai antolaketan eta bai jardueretan. Sare sozialetan ziztaka_irun gisa egin daiteke bat mugimenduarekin, eta baita ziztakairun@gmail.com helbidera idatzita ere.

Leave a Reply

Your email address will not be published.