Ezer ez izateaz

Juan Luis Zabala
Gune «ez-arautua» dun hori: ez parke, ez aparkaleku, ez bide, ez baratze, ez… Ezer ez. Ezta ez-lekua ere. Ezer ez.

Juan Luis Zabala

Tabernak ireki ditiztek berriro —esan zidan—. Hartuko al dugu zerbait elkarrekin, aspaldiko partez?

—Nik badaezpada ere nahiago dinat paseo bat eman. Ez dinat lau pareta artean sartu nahi badaezpada ere, eta terrazarako eguraldirik ez zegon. Zer iruditzen zain?

—Nahi duan bezala. Gainera, paseatzeko gogoa piztu zidaan orain hurrengoan Iñigo Astizen artikulu batek.

—BERRIAn?

—Ez. Uribe Kostako Hiruka aldizkarian irakurri nian artikulua, sarean. Bikotekidearekin batera Erandioko Tartanga berdegunean egindako paseo bat ekartzen dik gogora Astizek testuan. Kontatzen duenez, gune “ez-arautua” duk hori: ez parke, ez aparkaleku, ez bide, ez baratze, ez… Ezer ez. Ezta ez-lekua ere. Ezer ez. Baina, jakina, Erandioko Udalak ba omen dik plan bat leku hori zerbait bihurtzeko. Astizek esaten dik horrelako espazioak gero eta urriagoak izatea, desagertzeko zorian egotea, beren belaunaldiaren ikurtzat jo zutela bikotekideak eta biek paseo hartan.

Entzun zer dioen —eta eskuko telefonoaren pantailari begira irakurri zidan—: “Erandioko Tartanga izeneko berdegune soilaren bueltan paseoan genbiltzala aritu ginen bikotea eta biok aurrekoan, halako gune ez-arautuen hasierako urritzeaz eta ondorengo desagerpenaz. Gure belaunaldiaren nondik norakoaren ikurtzat jo genuen. Bion haurtzaroko paisaiaren parte ziren legedi eta kode zehatzik gabeko hiri-gune zehaztugabe horiek: marra zuririk gabeko parking kaotikoak, eraikin arteko belardietako padurak, sastrakaz betetako belardi urbanoak… Ordea, nekez biziko dute halakorik gure seme-alabek geroz eta kodifikatuago dauden eta zurrunagoak diren hiriotan. Eta, bistan denez, koronabirusaren osasun krisiak nabarmen azeleratu du prozesua, agintariek ezarritako ordutegi muga, espazio bakoitzak har dezakeen gehienezko jende kopuru eta burbuila taldeekin”.

—Baditen bere xarma ezer ez diren lekuek, bai horixe! Peter Handkeren aipu bat ekarri zidan gogora —eta orain nik irakurri nion berari, pantailari begira—: “Lekuetan sinesten dut, ez handietan txikietan baizik, ezezagunetan. Sonarik ez duten, izenik ere ez duten lekuetan sinesten dut, inguruko leku guztiak zerbait izaki, ezaugarri nagusitzat ezer ez izatea duten lekuetan. Hutsaren oasietan sinesten dut, ez aparte daudenetan, hemengo ugaritasunaren erdian daudenetan baizik. Ez dugu han bizitzaren ura edango. Ez gara han sendatuko. Ez dugu inolako zeinurik ikusiko. Besterik gabe, han egonak izango gara”.

—Hara!

—Ez dun bakarra, hau ere bazeukanat jasoa, norena den ez badakit ere: “Ezer ez diren lekuak maite izan ditut beste ezeren gainetik, eta ez dut ezer ez dena ezer bihurtuko lukeen ezer egin nahi”. Eta, pentsatzen hasita, pertsonei ere aplikatuko nieken beharbada. Honela, adibidez: “Inor ez diren pertsonak maite izan ditut beste ezeren gainetik, eta ez dut inor ez dena inor bihurtuko lukeen inor izan nahi”.

—Ai, ama! Hi ez hago ondo! Zer erretzen ibili haiz, koitadu hori?

—Zer ba?

—Oso poetikoa geratu zaik, baina zerbait eta zerbaitetarako diren lekuak ere beharko ditiagu ba! Eta, zer esanik ez, inor diren pertsonak ere bai, ezta?

—Bai, seguru asko, baina zer moduz paseoa baliatzen badugu gure inguruan ezer ez diren lekuetan inor ez izatera jolasteko?