Gorka Zabaleta: “Gehigarri eta magazin berri bat prestatzen ari gara, ilusio handiz”

Gorka Zabaleta: “Gehigarri eta magazin berri bat prestatzen ari gara, ilusio handiz”

Onintza Lete Arrieta

Urola Kostako tokiko sei hedabidek kooperatiba bat sortu zuten 2019ko ekainean: UKT Urolako Komunikazio Taldea. Egunkaria, telebista, sei webgune eta lau herri aldizkari egitura bakarrean ari dira ordutik herri informazioa lantzen eta komunikazio zerbitzuak eskaintzen tokian tokiko merkatari, enpresa eta erakundeei. Urola Kostako Hitza, Erlo telebista, eta Baleike, Karkara, Maxixatzen eta Uztarria herri aldizkariak dira elkartu diren hedabideak, eta Gorka Zabaleta (Zumaia, 1973) da zuzendari nagusia, horiek guztiak ondo ezagutzen dituena, Baleike aldizkariko zuzendari izandakoa baita urte askoan.

Aurreneko galdera derrigorrezkoa da: zergatik batu, eta zergatik kooperatiba batean?

Abiapuntuan bazegoen denok partekatzen genuen diagnosi bat: bakarka bide luze eta emankorra egin dugun arren, egitura ahulegiak genituen gaur egungo komunikabideen mundu konplexu honetan aurrera sendo egin ahal izateko. Soluzio logikoa dirudi indarrak batzeak, baina ez pentsa bide erraza denik. Ausardia, pazientzia eta eskuzabaltasuna behar dira horrelako prozesuetan. Eta irabazi asmorik gabeko kooperatiba aukeratu genuen, elkarteen herri izaerari jarraipena emateko eta langileek ere erabakietan modu zuzenean parte hartu ahal izateko.

Egituraz talde bakarra sortu da, baina produktuak ez dira bateratu. Garrantzia eman diozue herri bakoitzari eta produktu bakoitzari.

Guk garrantzia eman diogu egitura sendo bat sortzeari, horrek emango digulako aukera gure gizarteak dauzkan informazio eta komunikazio beharrei erantzuteko. Mende laurdenez herrietan errotu diren marka eta produktu horiek dira gure oinarria. Horren gainean eraiki behar da etorriko dena.

UKT sortu zenutenetik, zer aurrerapauso nabarmenduko zenituzke urte eta erdi honetan?

Batik bat, barrura begirako lana egin dugu orain arte, oso konplexua delako sei hedabide bateratzea. Lehen, bakoitza bere aldetik zebilen, bere egiteko moduarekin; hori dena bateratzea da, oraindik, gure erronka handiena, ondo funtzionatzen duen lantalde bakarrean antolatzea. Baina denbora gutxian asko aurreratu dugu. Eta produktuetan ere eman ditugu aurrerapausoak: herrietako aldizkariak hobetu ditugu, webguneak ere bai, eta ikus-entzunezkoetan jauzi handia egin dugu; eskaintza komertzialean katalogo bateratuak ekarri duen abantaila ahaztu gabe.

Langile gutxi batzuk eta aurrekontu txiki batzuk edukitzetik, 33 profesionaleko lantaldea izatera pasatu zarete. Batez ere, ikus-entzunezko arloa indartzeko helburuarekin hasitako bideak zer erantzun jaso du eskualdeko eragile, udal eta enpresen partetik?

Aldaketa handia da, bai, eta oraindik denbora behar da denok bateratze honen garrantzia ulertzeko. Esango nuke, oro har, begi onez hartu dela, ikusten delako eskualdearentzat sekulako erreminta izan daitekeela komunikaziorako. Gaur egun eta aurrera begira, estrategikoa da gure gaiak guretik euskaraz kontatzeko eta zabaltzeko tresna indartsu bat edukitzea. Eta bertako proiektu bat da gurea, herritik sortua, izaera soziala duena eta urrutiko bestelako interesik ez duena. Zero kilometroko komunikabidea, zentzu horretan.

Bidea egiten hasi orduko, pandemiak bete-betean harrapatu du proiektua. Asmo asko gelditu dira bazterrean?

Etxe barruko lanak izan dira lehentasun, eta helburuak betetzen ari garela uste dut. Okerrena izan da pandemiak zaildu egin digula elkarrekin gehiago egotea, eta hori funtsezkoa da talde izaera hori lantzeko. Eta, bestetik, gizarteratzeko genituen planak hankaz gora jarri dizkigu.

Pandemia garaian, tokiko hedabideek nabarmen gora egin dute sarean. Zure ustez, zein izan da horren gakoa?

Jendeak aurrena jakin nahi duela zer ari den gertatzen bere herrian, eguneroko martxan eragiten diolako. Jakin nahi du gaixotasunak gainezka egin digun; dendak eta tabernak irekita ote dauden; arazoren bat badu, zer egin behar duen; txertoa noiz eta nola jarri behar duen… Zerbitzutik asko du gertuko informazioak, eta pandemiak ederki erakutsi du zer garrantzia duen tokiko hedabide indartsuak izateak.

2021ean zertan jarriko ditu indarrak UKTk?

Oraindik baditugu hainbat lan egiteko etxe barrura begira, baina eskaintzan ere badatoz berrikuntzak. Martxoan hasiko gara lau aldizkariekin hamasei orrialdeko gehigarri bat argitaratzen, eta telebistarako ordubeteko magazina ekoizten, Guka markapean biak. Gaur egun herriz herri eskaintzen duguna osatuko du horrek, eta ilusio handiarekin ari gara prestatzen. Eta, horrekin batera, herritarrak gure proiektura batzeko bideak landuko ditugu. Ekonomikoki bideragarri izateko herritarren babesa behar dugu, ohiko harpidetza formuletatik harago.

Jakina da elkartzeak indartu egiten duela. Alde horretatik, nola ikusten duzu euskarazko komunikabideen sektorea?

Azken hamar urteotan asko aurreratu dugu. Hekimenek euskarazko hedabide guztiak batu ditu, eta Tokikomek tokikoak. Nik Tokikom ezagutzen dut gehiago, eta esan dezaket goitik behera aldatu duela tokiko hedabideon panorama. Erreminta eta proiektu asko landu ditugu elkarrekin, baina, batez ere, etorkizunerako ikuspegi bat eman digu. Nik orain ezin dut ulertu tokiko hedabide bat elkarlan estu hori gabe.

Batzekotan diren entitateei zer aholku emango zenieke?

Kanpo aholkularitza lagungarria da oso; arbitro neutral bat. Eta eskuzabal jokatu behar da, ezkontzen garenean beti eman behar delako amore zerbaitetan; pazientzia eta kemena behar dira, egunak direlako gaur zuri eta bihar beltz; eta ausart jokatu. Aurrera egin behar da.

Leave a Reply

Your email address will not be published.