“Gustura ari bazara, zergatik utzi behar duzu gustuko duzun hori?”

“Gustura ari bazara, zergatik utzi behar duzu gustuko duzun hori?”

Beñat Alberdi

Lau aldiz izan zen Mendiko Lasterketako Espainiako txapeldun, eta hamarnaka proba irabazi zituen etxean ere. Aitor Zabaletaren ibilbideari (Bergara, 1962) ezinbestean lotu behar zaio motorra, gaur egun, lehiatzeaz gain, mekanikari lanetan ari delako. 1981ean lehiatzen hasi zenetik Euskal Herriko automobilismoaren errealitatea asko aldatu dela azaldu du.

Baserrian jaioa zara, eta baserrian jarduna. Olio artean bukatu duzu, ordea. Txikitatik ikasi al zenuen eskuak zikintzen?

Gurasoak ez ziren baserritik bizi, baina izeba eta osaba, bai. Ortua eta animaliak zituzten haiek, eta beti ibili izan gara saltsan, kaka artean.

Ez al datorkizu familiatik motorrarekiko afizio hori?

Lau anaia gara, eta gertukoena autozalea da, bai. Mekanika gustatzen zitzaion, baina trakets samarra zen, eta nik egiten nizkien lantxoak hari eta haren kuadrillakoei. Txikitatik mobileta motorrarekin jardundakoa naiz ni; gaur egun gazteek ordenagailuekin duten abileziaren antzekoa nuen nik mobiletarekin. Gaurko gazteek, aurrean jarri edozein tramankulu, eta erraz jartzen dute martxan; nik, berriz, orduak beharko nituzke ordenagailu bat pizteko…

Zenbat urterekin heldu zenion lehenengo aldiz bolante bati?

Ni Bergarako Bolintxo okindegian hasi nintzen lanean, eta han bazuten autoa. Noiz edo noiz, konpondu ere egiten nuen. Nagusiak esaten zidan edozer egingo nuela autoa gidatzearren. Hark irakatsi zizkidan hainbat kontu: enbragea zer zen, martxak nola aldatu behar ziren… 8 edo 9 urte izango nituen. 10en bueltan, jada, autoan ibiltzen ginen.

Motozikletekin aritua zara. 10 urteren bueltan hori ere?

Ez, geroago izan zen hori; 13, 14, 15 urterekin eduki genuen mobileta. Aurretik, bizikletekin egiten genituen lasterketak, baina ziklo-krosean aritzetik mobi-krosak egitera pasatu ginen.

Mekanikarako gaitasuna eskolan ikasia da edo esperientziak irakatsia?

Esperientziak irakatsia da. Autoa ezin bada martxan jarri, akatsa aurkitu eta konpondu egin behar da; saiatu hau edo hura kentzen, edo bestea aldatzen. Gaizki eginez ikasi dut gauzak ondo egiten. Beste gauza guztiekin gertatzen den moduan, ibilian ikasten da gurean ere.

1981ean iritsi zen lehen lasterketa. Nola otu zitzaizun parte hartzea?

Anaiaren autoa konpontzen aritzen nintzenez, beti ibiltzen nintzen tartean, eta nik ere probatzen nuen autoa. 18 urte bete eta berehala lortu nuen gidabaimena. Urrakiko igoera izan zen lehenengo proba.

Baserri girokoa izanda, etxean begi onez ikusten al zuten zu auto lasterketetan aritzea?

Lehiaketetara nindoanean gurasoei esaten nien nagusiari laguntzera nindoala. Hura ona zen gure aldean, eta auto ona zeukan, gainera. Ahal genuena egiten genuen guk.

Gezurrak, ordea, hanka motza du, ezta?

Noski. Entzun behar izan nituenak! “Autoa edo zu” ere esan zidaten, baina, azkenean, heldu ginen akordio batera. Ederki borrokatu eta gero, hori bai.

Garai haietan ez zen egongo gaur egungo auto aukerarik, ezta? Edo bai?

50, 60 edo 100 zaldiko autoak izaten ziren lehengoak, eta antzeko maila izaten zuten denek. Egun, ekar zenezake 100 zaldiko auto bat, baina 200 zaldikoa ekarriko du ondokoak eta 600ekoa besteak. Lehen ez zen izaten gaur egungo zaldi alderik autoetan.

Lehia ere asko aldatu al da?

Lehen politagoa zen dena. Lehia hobea egoten zen pilotuen artean. Azken finean, auto guztiek izaten zuten maila bera, eta ia-ia berdinak izaten ziren auto guztiak. Orain, berriz, 30 auto mota daude. Gazte jendea hasten da lehian eta autorik onena nahi izaten dute denek. Gu parte hartzearekin konformatzen ginen lehen. Mobileta izaten zen gure lehenengo motorra, eta Kawasaki batekin hasten dira orain. Konformistak ginen gu; oraingoarekin alderatuta behintzat, bai.

1980ko hamarkadako automobilek ez zuten izango teknologiarik onena, ezta?

Ez. Gaur egungo materialak eta lehengoak ez dira berdinak. Adibide gisa, danbor galgak izaten zituzten lehengo autoek, eta gaur egungoek dena egiten dute: ibili, frenatu, heldu… Garai batean, auto onik izan ezean…

Errepideak hobeto egoten ziren lehen?

Denak ez, baina asko, bai; okerrago, behintzat, ez.

Zuen inguruan bazegoen motor kontuetarako zaletasunik?

Izugarria. Ez dut alderatuko orain futbolak daukanarekin, baina orduan futbol zelaietara joaten ziren zaleak beste edo gehiago joaten ginen gu lasterketak ikustera. Izan auto-krosa edo moto-krosa, beti izaten zen atzetik kros zeukan zerbait. Gaur egun jaitsita dago dena; trabak besterik ez dauzkagu. Esaterako, ekologistak edo lurren jabeak. Ez da erraza.

Noiz heldu zen zure lehenengo garaipena?

Urrakin bertan. Junior mailako txapela lortu nuen. Aurrera egiteko bultzada polita izan zen lehia hura irabaztea.

1988an hasi zinen Espainiako Txapelketan parte hartzen. Nolatan eman zenuen salto hori?

[Andres] Vilariño ezagutu nuen, eta lagunak egin ginen. Autoa aldatzekoa zen, eta berea eskaini zidan. Garestiak ziren autoak, baina hor izan nuen aukera aurrera egin edo ez erabakitzeko; arre edo so egin erabaki beharra neukan, eta arre egin nuen.

Auto lasterketetan lehiatzea bihurtu zen zure ofizioa?

%100ean ez, baina bai %70ean. Guk laguntza behar izaten genuen materiala lortzeko. Autoak apurtzen genituen, eta nekeza izaten zen ordezko piezak lortzea.

Nola lortzen zenituzten ordezko pieza horiek?

Gauzak erdipurdi egin beharrean, ganoraz egiten hasi ginen lagunen artean. Lagun batek badauka enpresa garrantzitsu bat Bergaran, eta tornua eta fresatzeko makina dauzka bertan. Behar nituen pieza guztiak egiten laguntzen zidan, eta lasaitasun galanta eman zidan horrek. Autoa ingelesa bazen, zaila izaten zen beharrezko gauzak erraz lortzea. Orain, berriz, Internetetik eskatu, eta etxean izaten dira pare bat egunen bueltan.

Mekanika kontuetan gaitasunik ba al zeneukaten?

Ez zen gaitasun kontua, behar kontua baizik. Autoa apurtu eta pieza Ameriketan bazegoen, zer egin behar genuen? Ameriketara deitu, hamabost eguneko bidaia egin eta astakeria bat ordaindu? Dena hartu behar zen kontuan, eta, horregatik, bultzada handia izan zen lagunaren enpresarena.

1995ean irabazi zenuen, lehenengoz, Espainiako Txapelketa. Esperientziak lagundu zizun?

Espainiako piloturik onenak zeuden orduan, zortzi edo bederatzi. Lehenengo urtean bosgarren egin nuen; hurrena, hirugarren; eta gero, lau urtez jarraian, bigarren. Ez da marka makala. Besteek baino motor txikiagoa neukan nik, eta 1995ean jarri nuen parekoa.

1993an Gorlako igoera ere sartu zenuten Espainiako Txapelketan. Antolakuntza lanetan sartzeko asmoa zenuten?

Beste lasterketak ikusten genituen, eta, “gu gutxiago al gara?”, pentsatzen genuen. Espainiako Federazioari baimena eskatu genion, eta laguntza Bergarako Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari; primeran portatu ziren gurekin. Ez geneukan dirua xahutu genuen, ordea. Guk jarri behar izan genuen gure poltsikotik, eta diru kontuak tartean sartzen direnean, harremanak kaltetzen hasten dira. Euskadiko Txapelketan sartuko genuela erabaki genuen eta kito.

Espainiako Txapelketa lau aldiz irabazi eta lehia uztea erabaki zenuen. Zer dela eta?

Semea jaiotzear zegoen, eta aspertuta nengoen Espainian batera eta bestera ibiltzeaz. Nahiago nuen Euskadi mailan lehiatu, etxetik gertu.

Orduan zabaldu zenuten tailerra?

Etxetik gertu zegoen eraikina, eta urrutira joatea baino hobea zen tailerra gertu izatea. Hala ere, gure autoak konpontzeko erabiltzen genuen tailer hori, ez tailer ofizial moduan. Duela hamar-hamabi urte laguntza eskatu zidan lagun batek, autoa apurtu zitzaiola eta; lagundu egin nion, eta horrela joan gara lasterketetako autoak pixkanaka bazter uzten.

Lasterketetako autoekin ibilita, errazagoa izango da ohiko turismo auto bat konpontzea, ezta?

Bai. Hala ere, lehengo autoek bistan izaten zuten dena. Orain, berriz, auto berriekin, ahal den moduan sartu behar izaten da burua, eta hamabost egun geroago aurkitzen da akatsa.

Automobilen dotoreziak kalte egin al die mekanikariei?

Lehen, hamar-hamabost minututan ateratzen zen motorra, baina orain…

30 urte pasatu dituzu auto berdinarekin. Ondo moldatu zaren seinale…

1988tik dut auto hori, eta beste zortzi edo hamar urte zituen aurretik. Orduko gauza gutxi mantenduko dira barrutik, baina berdina da kanpotik.

Garrantzitsua da autoak eta gidariak harreman ona izatea?

Ikasi egin behar da autoa ulertzen: “Hau egin dut eta hobeto funtzionatzen du”, eta horrelakoak. Garestienak ez dauka zertan autoarentzat onena izan. Anaiarekin pasatu zitzaidan hori: luxuzko auto bat prestatu zuen, eta, probatzera joateko, beste lagun batek berea utzi zigun, normala. Anaia topera zihoan, eta ni azeleragailua pixka bat sakatuz. Lagunarena anaiarena baino askoz hobeto zebilen. Askotan hobeto da autoari oinarri on bat jartzea, frenoak kasurako, hamar zaldi gehitzea baino.

Zer gaitasun izan behar ditu gidari on batek?

Inoiz ez didate egin galdera hori! Batetik, pazientzia, guk ez daukaguna. Bestetik, auto ona. Adibidez, [George] Russell eta [Lewis] Hamiltonekin gertatu da 1 Formulan. Hamiltonek ezin zuen lehiatu, COVID-19agatik, eta Russelli utzi zioten bere autoa. Gutxigatik ez zuen irabazi, eta postu apaletan ibiltzen da bestela.

Mendi lasterketetan ezinezkoa da auto txarrarekin pilotu onak irabaztea?

Auto ona, auto ona da. Garrantzitsuagoa pilotua edo autoa, zein den aztertu, eta autoak irabaziko du. Nekeza da auto on bat prestatzea. Gaur egun, nahi duzun gisako autoa egiten dizute ingeniariek, baina kolpeka ikasten genuen lehen. Koadernoa zen gure ordenagailua: honek ondo funtzionatu du, hori aldatu egin behar da… Norbera izaten zen ingeniaria, gidaria, mekanikaria, eta apurtzen eta konpontzen zuena.

Nola ikusten duzu lasterketen etorkizuna?

Bi jarrera daude gaur egungo pilotuen artean: beti derrapatuz edo gogor frenatuz ibiltzen dena, eta denbora onak egin nahi dituena. Lehenengoak ikuskizuna emango du beti, baina denbora txarrak egingo ditu. Arriskutsua da, gainera. Behin edo birritan ondo aterako zaio, baina hirugarrenean… Bakoitzak jakingo du zer nahi duen.

Zure semea ere lehiatzen hasi berria da. Aitaren bidea jarraitzen ari al da?

Nik ez dut bultzatu bide horretara; are gehiago, frenatu egin dut. Nik gaizki egindakoak ez ditzala hark ere gaizki egin.

40 urte daramatzazu mendiko lasterketetan lehiatzen. Baduzu erretiratzeko asmorik?

Lan egiteko norbait dagoen bitartean, jarraitu egingo dut nik. Badakit ezin dudala beti irabazi. Guztiei irabazi diet eta guztiek irabazi didate. Niri berdin zait. Gustura ari bazara, zergatik utzi behar duzu gustuko duzun hori? Ez daukat uzteko asmorik, baina ikusiko dut gero bi, bost edo hamar lasterketa egiten ditudan. Autoa gurea da, eta inori ez diogu kalterik egiten erabilita.

Leave a Reply

Your email address will not be published.