Euskal kantak, historiaren ate

Euskal kantak, historiaren ate

Beñat Alberdi

Punkaren erreferentea izan zen herriko gazteek ez ei dakite zer izan zen 1980ko eta 1990eko hamarkadan jazotakoa: drogak, hiesa, punk kultura… Adibide bat besterik ez da hori; ez da hutsune bakarra. Horri helduta, Arrasateko Arizmendi ikastolan, Gaztelupe eta Almen guneetan, Kantatzen duen herri bat proiektua jarri dute martxan, historia garai berrietara egokitzeko. Kontua ez da historia aulkian eserita soilik irakastea, ikasleentzat erakargarri egitea baizik. Abestiak moldatuta, euskara, historia eta musika landuko dituzte. Eta ez da izango ikasturte honetan prestatuko duten proiektu bakarra.

Proiektua ez da ohikoa, ezta egitasmoaren hasiera ere. Arizmendi ikastolako irakasleak La casa de papel telesaileko aktore gisa jantzi ziren, eta ikasleak bahitu egin zituzten. “Euskal kantagintza askea lortzea” zen haien aldarrikapena. Bella ciao kantua ezagun egin du telesailak, eta kantu hori hartu zuten oinarri gisa. Hor sortu zen ikasleentzat lehen lana: abestiaren jatorria eta arrazoiak ezagutzea.

“Aldarrikapen abesti bat da”, nabarmendu du Aitor Ziardegik, proiektuaren koordinatzaileak. “Euskal Herrian badauzkagu hainbat kantu aldarrikapenerako edo gaiak ezagutarazteko balio izan dutenak”. Ikasleei euskal abestien zerrenda bat eskaintzea izan zen hurrengo pausoa. Launaka jarri, talde bakoitzak abesti bat aukeratu, aztertu eta moldatu egin behar zuen. Ziardegik azaldu duenez, gaitasunak gaitasun, “bakoitzak bere moldaketak egitea” zen ariketa horren gakoa.

Adibide gisa balio dute Irati Pineda, Aratz Etxebarria eta Amaiur Gallastegi DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. mailako ikasleen lanek. Huntzaren Harro gaude abestia hartu zuen Pinedaren taldeak, plazetan jardun duten emakumeak goraipatzen dituen abestia. Amaiera moldatu zuten, esanguratsuak iruditu zitzaizkien zatiak errepikatuta.

Etxebarria eta Gallastegiren kasuan, berriz, Mikel Urdangarinen Badira hiru aste hautatu zuten. Trikitia jotzen du Gallastegik, eta taldeak bazuen musikarako gaitasuna. Zortzi trikiti pieza hartu, eta doinu horiekin osatu zuten abestia, Urdangarinen letrarekin.

Moldaketak batean, moldaketak bestean… Baina, ariketa horrekin, nola lantzen dira historia eta euskara? “Tokatu zitzaien kantua ikertu egin behar zuten ikasleek”, esan du Ziardegik. Noiz konposatu zuten, zeri buruz mintzo den, zergatik… Hori guztia ikertu beharra zeukaten ikasleek. “Testuliburuetatik kanpo jardun dira. Horrela, ziurrenik, buruan geldituko zaie kantua moldatzeko ikasi duten hori”. 1990eko hamarkadako abestiek balio izan diete ikasleei Arrasateko gertaerak ikasteko. Urte horietan herrian zer jazo zen ikertuta, ikaskideei azaldu behar izan diete gero. Euskara, berriz, “kantuetako letrak aztertuta” landu dute, erabiltzen dituzten baliabideak ikertuz.

Batu proiektuaren barruan dago Kantatzen duen herri bat egitasmoa. Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailak eta DBHko 1. eta 2. mailak elkartu nahi dituzte ziklo bakarrean. “Ikasturte bukaeran izan beharko lituzketen konpetentziak edo gaitasunak hartzen ditugu, eta proiektuen bidez nola landu ditzakegun aztertzen dugu”, azaldu du koordinatzaileak.

Proiektuen amalgama

Beste bi proiektu ere garatu dituzte ikasturte honetan: batetik, Batzen, kirolari buruzkoa. Osasunari kalterik egin gabe kirolean nola aritu aztertu zuten ikasleek. Bestetik, estralurtarrek Lurrari buruz zer dokumental prestatuko luketen aztertu zuten, ingurumena eta astronomia lantzeko. EkoHerria lantzen ari dira orain, jasangarritasunari buruzkoa, eta beste hiru ere gauzatuko dituzte.

Lehen urtea dute proiektuarekin —LH 5ean eta DBH 1ean lantzen ari dira—, eta hurrengo urtean osatuko dute zikloa.

Leave a Reply

Your email address will not be published.