“Ikusten ez dugun horrek ez digu eragiten inolako erreakziorik”

“Ikusten ez dugun horrek ez digu eragiten inolako erreakziorik”

Unai Zubeldia

Mina eta ezinegona nabari zaizkio begiradan. Iazko urriaren 29tik Hernanin dago Angel Olaran misiolaria (Hernani, 1938), baina Wukron dauka burua, Etiopian. Azaroaren 4an Abiy Ahmed herrialdeko lehen ministroak iragarri zuen operazio militar bati ekingo ziotela iparraldeko Tigray eskualdean gobernatzen duen TPLF Tigray Askatzeko Herri Frontearen aurka, eta gerra giroan murgilduta dabiltza ordutik. Olaranek ezjakintasunez eta amorruz bizi du egoera. Hernaniarrak hogei urte egin zituen Tanzanian, eta 28 daramatza Wukron. “Gizatasunik gabeko gerrari aurre egiteko” laguntza eskatu dio gizarteari.

“Angel Olaran etxean dago”. Abisu hori eman zuten zure senideek joan den astean. Baina non sentitzen zara zu etxean: Euskal Herrian edo Etiopian?

Etiopian dago nire etxea, eta nire familiak ere badaki hori; hangoaren baitan egiten dut hemen egiten dudan guztia. Hori bai, oso gustura nago Hernanin, nire arrebarekin, ilobekin… Ez naiz aspertzen. Hemen daude nire sustraiak, baina bi txerto sendo jarrita dauzkat han; bata, Tanzanian, hogei urte igaro bainituen bertan, eta bestea, Wukron, 28 urte baitaramatzat han. Wukron dago nire hilerria, nahiz eta ez dakidan onartuko nauten edo ez.

82 urte dituzu. Zer moduz zaude osasunez eta animoz?

Ondo nago. Asko laguntzen didate hango klimak, janariak eta konpainiak. Egunerokoan pertsona gazte asko izaten dut inguruan; nire lana ez da bulegokoa, kanpoan ibiltzen naiz gehienean, eta horrek asko laguntzen dit izaera gazte horri eusten. Hemen ospitale geriatriko batean egon izan banintz, bat gehiago izango nintzatekeen, giroak asko eragiten baitu norberaren garapenean.

Pandemia betean, beldurrik badiozu koronabirusari?

Urrian, Euskal Herrira etortzekoa nintzenean, ingurukoek esaten zidaten ez etortzeko, koronabirus kasu asko zeudela Europan eta kontuz ibiltzeko. Eta gaur egun ere, Wukron daudenekin hitz egiten dudanean, haiek ahaztuta daukate koronabirusa; ez da arazoaren parte. Eurite urrien eraginez izan duten uzta txar-txarra eta otiaren izurria, horiek dira Wukroko bi arazo nagusiak. Baserritarrak dira Tigray eskualdeko herritarren %85, eta familia bakoitzak hektarea bat lur dauka, gutxi gorabehera; oso gutxi. Kanpotik iristen den janariaren mende igarotzen dute urte erdia.

Nola bizi dute heriotza Etiopian?

Han ez zara jabetzen gaixotasunaz, baina norbait hiltzen denean ehun lagun elkartzen dira bat-batean etxeko atarian. Ez dakit nola egiten duten, baina heriotzarik ez da pasatzen inor ohartu gabe. Euskal Herrian desberdina da dena: askotan ohartu ere ez gara egiten norbait hil dela.

COVID-19aren aurkako txertoak sortzen ari dira, baina ba al dago gerraren aurkako txertorik?

Ez, ez; ahaztu horrekin. Kazetari bati entzun diot duela gutxi, txertoari buruz hizketan ari zela, ezin garela ahaztu Afrikarekin. “Zein ondo!”, pentsatu nuen hasieran neurekiko. Baina ondorengoa aipatu zuen segidan: “Kongotik dator koltana, eta koltanik gabe ezin dugu lortu txertorik. Beraz, Kongorekin ondo moldatzea komeni zaigu, guk koltana eduki ahal izateko, hil egingo baikara bestela”. Pentsa nola gauden! Beldurgarria da. Izan ere, hiru milioi haur euripean esklabo gisa ari dira lanean koltana lortzeko, egunean 0,70 euro kobratuz, eta aberastasun hori hona ekartzen dugu gero. Lehengaiei dagokienez, Afrika da kontinenterik aberatsena, baina hemen aberastasuna eta han miseria sortzen ari gara. Guk daukagu irtenbidea.

Urriaren 29an etorri zinen zu Wukrotik Hernanira, eta azaroaren 4an lehertu zen gerra Tigrayn. Zer ari da gertatzen Etiopian?

Komunikatzeko aukera daukagunean, egunean sei-zazpi pertsonarekin hitz egiten dut, eta informazio pixka bat lortzen dugu, behintzat. Arreba hil berri zait, eta, gerran zer gertatzen ari zen galdetuz deitzen nienean, ni eta nire arreba, besterik ez zuten aipatzen. “Gu hemen oso ondo, baina zuek hor zer moduz?”, galdetzen zidaten beti. Ahaztu egiten zaie inguruan zer gertatzen ari den, baina zentzugabea da gertatzen ari dena.

1991n, ia 30 urteko gerra amaitu berritan iritsi zinen Mekelle hirira, Etiopiara, eta, ia oharkabean, gerratik ihesi etorri zara orain, ia 30 urte geroago.

Baina gerra ofiziala zen ordukoa, kakotx artean: humanoa, soldaduen artekoa. Gerra bat izan zen Wukron, baina muino batekoak bestekoen kontra aritu ziren orduan; herriak ez zuen sufritu. Bonbardatze bakarra izan zen Wukron, janaria banatzera zihoazela zabaldu zenean; umeen eskola bat bonbardatu zuten, eta 92 haur hil zituzten. Hausien herrian, berriz, Euskal Herriko Gernikan, nolabait esatearren, bonbardaketak izan ziren azoka egun batean, eta 2.000 lagun baino gehiago hil zituzten. 1988a zen.

Gaur egungo gerra desberdina da; nolabait esatearren, bi gazte talde daude aurrez aurre. Alde batekoei kanoi eta fusil bana jarri diete eskuetan, eta dena txikitzeko agindu diete. Etxeetara joaten ari dira, lapurtzen ari dira, jendea bortxatzen —baita neska gazteak eta mojak ere—, gauza guztiak erretzen… Izan daitekeen gerrarik ankerrena bizitzen ari dira Tigray eskualdean. Pertsona bat hiltzeko dirutza behar dute: kamioiak, autoak, hegazkinak, tankeak… daude hilketa bakoitzaren atzean. Beste gazte taldea, berriz, pertsonako 0,75 euro eskatzen ari zaigu egun osoko elikadura bermatzeko. Gosez ez, baina elikadura faltagatik gaixotuta ari dira hiltzen asko. Askoz garestiagoa da pertsona bat hiltzea hura elikatzea baino, baina…

Egoera horren jakitun, nola lagundu daiteke Gipuzkoatik, Euskal Herritik?

Tarteka irekitzen dute muga eta iristen dira elikagai batzuk; oso garesti, baina iristen dira. Euren lursailetan ureztatze sistema daukatenek elikagai pixka bat gehiago lortzen dute, baina behar gorria daukate. Dirua biltzen hasteko, ezin gara egon mugak irekitzeko zain; orain bildu behar dugu dirua, demagun 50.000 euro direla. Herrialdearen mugan egon behar du jada diru horrek, irekitzen dutenean berehala iristeko.

Mugak irekitzean, zertara bideratuko duzue diru hori?

Metrailadoreekin dena txikitzen ari dira gazte batzuk, eta fusilei aurre egiten ari den gazte talde bat antolatu egin da garbiketa kontuetarako, bertan behera utzita daudelako udaleko zerbitzu guztiak. 3.000 euro eskatzen ari zaizkigu soldatetarako eta zaborra garraiatzeko auto, kamioi edo karro batzuk alokatzeko; ura etxez etxe eramateko ere eskatu digute dirua, kamioi zisterna bat alokatzeko; eta, era berean, pertsonako eta hileko hamabost kilo ale —garia, garagarra…—, hiru kilo zereal —dilistak, babarrunak…— eta olio litro erdi bat eskatzen ari zaizkigu; 17 euroko kostua du horrek. Orain, gosea da arazo nagusia; gehitu horri ur gabezia eta higiene arazoak, eta kolera arrisku handia dagoela ondorioztatuko dugu. 1985ean milaka lagun hil ziren koleraren eraginez.

Euskal Herrira etorrita, sei anai-arrebatan bosgarrena zara zu. 36ko gerra betean jaio zinen, garai zailean, 1938an. Nolakoa izan zen zure ume garaia?

Aitak lana galdu zuen gerraren eraginez, eta kontuz ibili beharreko urteak izan ziren; ezin genuen gehiegi erakutsi euskaldunak ginela. Ezkutuan bezala bizi ginen. Ez geunden jazarrita, baina, familia EAJkoa zenez orduan, oposizioan bezala geunden. Ez ginen gu, eta marka uzten du horrek. Gainerakoan, oso haurtzaro polita izan nuen; oroitzapen onak besterik ez dauzkat.

Oso familia katolikoa zen zuena.

Bai. Aita igandean joaten zen elizara, garai hartan ia derrigorrezkoa baitzen mezetara joatea. Ni aitarekin joaten nintzen elizara, eta “gizonentzat gordetako lekua” irakurtzen nuen han. “Baina ni ez naiz gizona!”, pentsatzen nuen neurekiko; sakristaua dirua eskatuz pasatzen zenean, handik botako ote ninduen kezkatuta egoten nintzen. Arreba zaharrena erlijiosoa da; 95 urte dauzka, eta biok bakarrik geratzen gara etxean. Uztailean hil zen arreba gazteena, Begoña, 80 urterekin; eta duela bi aste, Maite, 86 urterekin.

Noiz erabaki zenuen misiolari lanetan hastea? Eta zergatik?

Ez dakit. Ez dut uste aurrez pentsatutako zerbait izan zenik, baina egunero mezetara joaten nintzen ni, bulkada hori sentitzen nuen, baita goizeko zortzietan lanera joaten nintzenean ere. Ez zen arau bat, etxean ez ninduten behartzen, baina gustura joaten nintzen. Gure gaztaroan, artean, ez zegoen gobernuz kanpoko erakunderik, baina bai euskal misioak. Misiolarien mugimendu handia zegoen orduan Euskal Herrian, eta lagun batzuk misioetara joan ziren bi urterako. Umetan, gainera, film bat ikusi nuen amarekin, La mies es mucha (Uzta bikaina da), misioei buruzkoa, eta ez dakit horregatik izan zen, baina Afrikarekiko interesa piztu zitzaidan pixkanaka. 18-19 urte neuzkan, eta, ia oharkabean, zerbait ukitu nuela sentitu nuen. Aita hil zitzaidan, kuadrilla desegiten hasi zen… Afrikako misiolariekin topo egin nuen, eta horrela ekin nion bideari.

Munduak ahaztuta al dauka Afrika?

Ekonomikoki, ez. Eutanasia “ofizial bihurtu den krimen bat” dela ere esan dute batzuek, baina munduan egunero 150.000 lagun hiltzen dira oinarrizkoena falta dutelako. Gure sistema ekonomikoarekin laguntzen dugu eutanasia deitzen ez diogun heriotzak gerta daitezen; herritar horien heriotzak aurreratzen ari gara, ez daukatelako babarrun plater bat parean. Egunero 150.000 lagun behar baino lehen hiltzea ez al da eutanasia aplikatzea? Eta antzeko zerbait gertatzen da abortuaren gaiarekin ere. Afrikan emakume gehienek ez dute abortatu nahi izaten, baina abortatu egin behar izaten dute, oinarrizkoena falta zaielako: janaria, energia. Abortatzera behartzen ari gara emakume horiek; guk kontrolatzen dugun abortua da hori.

Horrek guztiak min handia eta amorrua eragingo dizkizu, ezta?

Adjektiboak sobera daude jada. Hemen ume bat negarrez hasten denean, hunkitu egiten da jendea; edo bizilagunak, pandemiaren eraginez, janaria behar duenean, eraman egiten diogu. Oso sentimendu politak dira horiek. Baina ikusten ez dugun horrek ez digu eragiten inolako erreakziorik; bestelako dimentsio hori falta zaigu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.