Perfekzioaren teknologia

Panelen bidez futbol jokalari bakoitzaren datuak jasotzeko sistema bat garatu du Futboltek enpresak. Duela hiru urte hasi ziren lanean Realarekin, eta "mundu osora" zabaltzeko erronka daukate orain.

Imanol Garcia Landa

Teknologiak gero eta garrantzi handiagoa du futbolean, eta horren adibide da Futboltek enpresa. 2015ean jarri zuten martxan, Xabier Sarriegiren ekimenez. Hala dio enpresako kudeatzaile Josu Arregi tolosarrak: “Xabier futboleko entrenatzailea izan da betidanik. Ikusi zuen teknologia jakin bat aplikatzen ari zirela golfean: sentsore batzuen bitartez hainbat datu neurtzen zituzten. Entrenatzailearen ikuspuntutik, teknologia hori futbolean ere aplika zitekeela jabetu zen”.

Prototipo batekin hasi zen lanean Sarriegi, Joseba Zubeldia ingeniariak lagunduta, eta egun zazpi kide dira enpresan. Origin izeneko produktua eskaintzen ari dira gaur egun; hilabete honetan plazaratu dute. “Erraz ulertzeko, sentsoreak dauzkaten panel harigabeak dira, eta launaka edo seinaka eskaintzen ditugu”, azaldu du Arregik. “Horri esker, futbol zelai batean nahi ditugun moduan jar ditzakegu panel horiek, eta nahi ditugun ariketa guztiak plantea ditzakegu, entrenatzaile bakoitzaren sormenaren arabera”. Futbolariak panelak jotzen ditu baloiarekin, eta hainbat datu jasotzen dira sentsoreen bidez: abiadura, prezisioa, erreakzio denbora… “Jokalari bakoitzaren saioa aztertzen dugu horri esker, eta entrenatzaileek jasotzen dute informazio hori guztia”. Arregik zehaztu du teknikariek horren araberako erabakiak har ditzaketela ondoren. “Besteak beste, jokalari bakoitzak zertan hobetu dezakeen ikusteko. Azken finean, datuen mundua da hau, eta gero eta garrantzitsuagoa da”.

FUTBOLTEK ENPRESA

Merkatuari begira

Atera berri duten Origin produktua “guztientzat” sortu dute. Orain arte zuten produktua, FTP Pro 6 izenekoa, “beste maila batekoa” da, maila altuko bezeroei zuzendua bereziki. “Origin produktuarekin, berriz, beste merkatu batera iristea da helburua: akademia eta teknifikazio zentroetara, edota gimnasioetara”, zehaztu du Arregik.

Entrenamenduetan, orain arte erabilitako metodologiatik —hau da, ariketak konoen bitartez-eta egitetik— aldentzen da produktu berria. “Askoz dibertigarriagoa da panel argidun batzuekin ariketak egitea”, esan du Arregik. “Estimulu bat sortzen zaio jokalariari, estimulu erakargarriagoa”. Bestalde, entrenatzaileentzako datu bilketa “objektiboa” dela gaineratu du, “ez du engainatzen”, eta jokalarien hobekuntzan “aurrera egiteko erreminta bat” dela gaineratu du. “Guk ez ditugu aldatu nahi entrenamenduak; erreminta bat eskaini nahi dugu entrenamenduak hobetzeko: sortzen den datu multzo horrek eragin positiboa izan dezan nahi dugu”.

Arregik dio metodo tradizionalak erabiltzen dituzten entrenatzaileek, agian, erreminta moduan ez dutela beharrezkotzat joko. “Baina oso garrantzitsua da datuen mundu hori, eta gero eta teknologia gehiago dago bai futbolean eta bai gainerako kiroletan”. Alde horretatik, Arregik adierazi du gero eta interes handiagoa dagoela jokalari bakoitza hobeto ezagutzeko. “Guri dagokigunez, jokalari bakoitzaren teknika lantzen dugu, eta hainbat baremo hartzen dira kontuan. Gure produktuak, beraz, osatu egiten du talde baten prestaketa”.

Gaur egun, futbol partida batean, mugimendu bakoitza neurtzen da, gero hortik datuak atera ahal izateko. Futboltek enpresak “beste gauza bat” egiten duela azpimarratu du Arregik: “Klub askok erosi egiten dituzte hainbat jokalariren datuak, baina, gure kasuan, guk sortutakoak dira gure produktuen bitartez lortzen ditugun datu guztiak”.

Txilen eta Argentinan

Realarekin “duela hiru bat urte” hasi ziren lanean, eta esperientzia hori, nolabait, Futboltek enpresaren I+G departamentua bezalakoa izan dela esan du Arregik. “Hasieratik izan dugu feedback hori: asko lagundu digute, eta geroko salmentarako ondo etorri zaigu esperientzia hori. Gure kide gisa ikusten ditugu”. Arregik azaldu du orain, koronabirusa dela eta, ez dagoela mugimendu handirik Zubietan, Realaren instalazioetan, baina gaineratu du “harreman ona” dutela harekin. Beste klub eta zentro batzuekin ere tratuan ari dira —tartean, Sevillarekin (Espainia)—, eta “mundu guztira” zabaltzeko asmoa dute: “Gehienbat, kanpoan ari gara lantzen. Txilen, adibidez, akordio bat lortu dugu, eta Argentinan ere bai; eta Dubaiko talde batekin ere hizketan ari gara”.