Zahartutako egituren zimendu berriak

Zahartutako egituren zimendu berriak

Olaia Gerendiain

Koronabirusak eragindako krisi sozialak gizartearen lehentasunak moldatu, eta agerian utzi ditu ordura arte ezkutuan zeuden gabezia batzuk. Politika publikoek edo haien aldarrikapenek indar handiagoa hartu dute. Ildo horretan, jazotakoa aztertu ahal izateko eta beste batzuek hortik ikasi ahal izateko, Pasaiako Udalak ezinbestekotzat jo du bizipenak euskarri fisiko batean ukigarri bihurtzea eta biltzea. Ideia horri segika sortu dute liburuxka bat, Pasaiako lau barrutietako emakumezkoek azkeneko urte luze honetan bizi, sufritu eta ikasi dutena komunean jarriz eta “etorkizun justuago baten oinarria” ukigarri bilakatuz.

Krisialdiak “are kalteberago” bihurtu ditu aurretik ere bereziki zaurgarri zirenak: besteak beste, emakumeak. Bekoz Beko elkarte feministako eta Pasaiako Udaleko Berdintasun Mahaiko kide Clara Barbierrek aitortu du COVID-19ak eragindako pandemiak bizitza “erabat” aldatu diela; hari ez ezik, baita bidaide dituen emakumeei ere.

Orokortutako errealitate horren jakitun, Berdintasun Mahaiak argi ikusi zuen birusak emakumeen bizimoduan, elkarbizitzan, ohituretan, harremantzeko moduan, lanean eta ekonomian izan duen eragina partekatu baino zerbait gehiago egin behar zutela. “Osasun emozional eta afektiboak” izan behar zuen ardatz, bizipen horiek guztiak jaso eta erronka berriak identifikatzeko. Pasaiako Udaleko Berdintasun teknikari Saioa Iraolak “kontakizun kolektiboa” izan du hizpide emakumeek historikoki izan duten “ahanzturari” galga jartzeko giltza moduan.

Tristura, kezka…

“Gutxitan aipatzen dugu besarkadarik, musurik eta gizartean parte hartzeko gunerik gabe gaudela”, esanez jarraitu du Gizarte Ekintzako zinegotzi Loreto Osak. Haren ustetan, “COVID-19a bera baino kaltegarriagoak diren beste hainbat birus” hedatu ditu horrek; hala nola tristura eta kezka, eta horiek, “txertatzeko zailak” izateaz gain, “prebenitzeko askoz ere zailagoak dira”.

Birusek mahai gainean jarri dituzte gizartearen ezkutuko zimenduak: osasuna, zaintza, sare afektibo-soziala… Eta, gehienetan, emakumeak dira horien sostengu; emakumeen gain eraikitako babes sareak dira.

Neurri handi batean, itxialdiak eguneroko egitekoak euren gain hartu ohi dituztenak erasan ditu bortitzen; baita bakarrik bizi diren adinekoak, baliabide ekonomiko gutxien dituztenak, lan ezegonkorra zutenak, zaintzan dihardutenak, merkataritzan eta garbiketan ari direnak eta baita etxean euren erasotzaileekin giltzapetuta gelditu direnak ere. Horietako gehienak emakumeak dira.

“Kasuak ez dira bakanak”, aitortu du Pasaiako emakume elkarteko kide Barbierrek. “Gure bizipenak banan-banan komunean jarrita, antzeko egoerak identifikatu genituen”. Horien artean aipatu ditu, besteak beste, bakardadea —sare sozialen beharra—, beldurra, gabezia ekonomikoak —askok eta askok lana galdu dute—, indarkeria matxista…

Azkeneko urtean gertatutakoaren aurrean estrategia berriak garatzeko, bizipen horien ondorioak aztertzea eta partekatzea da bidea, Iraolaren arabera. “Izan ere, irtenbide moduan martxan jarritako proposamen, neurri eta politika publikoek errealitate horiek guztiak bildu beharko lituzkete”.

Ezinbesteko egitekoak

Pasaiako Udaleko Berdintasun Arloak, premisa horretatik abiatuta, herriko hainbat emakumerekin lan saioak eta elkarrizketak eginez osatu du liburuxka; hurrengo astean dira aurkeztekoak. Dokumentu horretan balioan jarri dute orain artean nagusiki emakumeen egitekoak izan diren lanetako batzuk funtsezkoak direla —zaintza, hezkuntza, garbiketa…—: “Ikusezinak eta gaizki baloratuak izan badira ere, argi gelditu da zein beharrezkoak diren eguneroko bizimoduari eusteko”.

Idatziak nolabaiteko aitortza izatea du xede, norberak bere baitan eta bere kabuz egindako prozesu eta borroka pertsonalaren froga eta ikasbidea: “Pasaiako ia emakume guztiek izan duten bizipenaren testigantza izango da idatziz jaso duguna”, esan du, hunkituta, Barbierrek.

Gertatu dena eta gertatzen ari dena dokumentatuta, eta ahotsak eta memoria euskarri berean uztartuta, errelato kolektiboa osatu dute Pasaiako emakumeek, “zaharkitutako egiturak ezbaian jarri eta eraldaketarako bidea irekiz”. Berdintasun teknikariak azaldu du liburuxka bera “gizarte berdinzaleago bat” lortzeko ahalegina dela. “Eta erronka eta desafio berriak identifikatzeko ezinbestekoa da bizitzen ari garen dimentsio askoko krisi hau genero ikuspegitik aztertzea eta lantzea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.