Ahaldundu, zaintza duintzeko

Ahaldundu, zaintza duintzeko

Ikerne Zarate

Mira instalazio artistikoa zabalduko dute Errenteriako Emakumeen Etxearen kanpoaldean hurrengo asteartean, martxoaren 9an. Espazio publikoaren eta pribatuaren arteko muga sinbolizatu nahi duen ate bat da, eta etxeko lanetan ari diren emakume migratzaileen testigantzak bilduko dituzte han.

Mugimendu feministaren aldarrietako bati egingo dio keinu ateak eta hark sinbolizatzen duenak: pertsonala politikoa dela, alegia. Bitamine Irungo artisten kolektiboak sortu du Mira, eta anbizio handiko proiektu baten parte da: Koop Denontzat. Egitasmo horretan lanean ari dira Olatukoop eta Talaioskoop sareak, Parean elkartea, eta Hiritik At eta Sorburu kooperatibak.

Parean elkarteko kide da Miren Lanz irundarra, eta hark azaldu du duela hiru urte ekin ziola bideari Koop Denontzat proiektuak: “Olatukoopek ekintzailetza eta ekonomia sozial eraldatzailea sustatzen ditu hainbat dinamika eta tailerren bidez, baina ohartu ginen sektore prekarizatuenetara heltzeko hutsunea genuela. Etxeko lanetan eta zaintza arloan lanean ari diren langileek dauzkate baldintzarik prekarioenak, eta horien artetik emakume migratzaileek dute egoera lazgarriena”. Testigantza gehientsuenak “latzak” direla esan du Lanzek, “erdi esklabotzan ari direlako langile horietako asko”.

Etxeko lanetan eta zaintzan diharduten emakume migratzaileen errealitatea ezagututa, ekonomia sozialetik abiatuta zer alternatiba eskain dezaketen aztertzea du helburu Koop Denontzat proiektuak: “Aztertu nahi dugu ea kooperatiba bat, forma juridiko gisa, alternatiba bat izan daitekeen langileen lan baldintzak duintzeko”. Horretarako, ezinbestekotzat jo dute emakume migratzaileen sareak sortzea eta ahalduntzea. “Zaila izaten ari da bidea”; hala aitortu du irundarrak. “Zaila… emakume kolektibo horrek dituen lan baldintzengatik, ordutegi zabalengatik, eta haien artean apenas daukatelako sarerik ehunduta”, zehaztu du Lanzek. “Proiektu honetan emakume kolektibo hori da protagonista, eta sareak sortzera eta ahalduntzera iritsi nahi dugu”.

Erakundeen inplikazio eske

Parean elkarteko kideak gaineratu du halako proiektu bat aurrera eramateko “subjektuak berak” egon behar duela inplikatuta, baina beste bi oinarri “ezinbestekoak” direla gaineratu du: “Erakundeak eta tokiko ehun ekonomikoa. Zaintza lanak defizitarioak dira ezinbestean, eta apustu politiko eta instituzionala behar da”. Lanzek azaldu duenez, kooperatiba ez da irtenbide magiko bat. “Baina gaur egungoa baino justuagoa eta duinagoa izango da langileentzat. Erakunde publikoen apustua, sostengu ekonomikoa eta azpiegiturak ezinbesteko dira aurrera egiteko; bestela, ez da bideragarria”.

Sentsibilizazioan eragiten ari dira bitartean, eta bitarteko bat da instalazio artistikoa. Martxoaren 18an, Mira instalazioa Errenterian egongo den azken egunean, Talaioskoopek emakume migratzaileen testigantzekin ondu duen ordu laurden bateko dokumental bat eskainiko dute, eta mahai inguru bat ere egingo dute, Emakumeen Etxean, 18:00etan. Errenteriako SOS Arrazakeriaren barruan saretuta dagoen etxeko langileen lantaldeko kideak izango dira hizlari nagusiak. Errenterian bidea zabalduta, Goierrira, Buruntzaldera eta Donostiara ere eramango dute aurten Mira.

Leave a Reply

Your email address will not be published.