Amets egiteko iturri berrien bila, sarean

Amets egiteko iturri berrien bila, sarean

Beñat Alberdi

Bi ideia dira, bi aukera, bi proiektu. Batetik, Jone Arriola elgoibartarra zuzendari duen Larrugorritan seriea: gazteei zuzendutako eta gazteen gaiak lantzen dituen produkzio bat sortu nahi du. Bestetik, Eñaut Zubizarreta aretxabaletarraren Poliedroa Vol. 1: biolontxelo jotzaileak musika klasikotik kanpo dauden bideak erakutsi nahi ditu. Bi ideia dira, bi ilusio eta etorkizuneko bi ogibide. Sarean jasotako diru iturriaren arabera gauzatuko dituzte.

Itsulapikoa.eus webgunean zintzilikatu dituzte laguntza eskaerak. Funtsean, lana aurkeztu dute bertan eta diru ekarpenak egiteko hainbat aukera eskaini. Kopuruaren arabera, bueltan sari jakin bat jasoko du kolaboratzaileak; elastikoren bat, poltsaren bat, figurante papera…

Gaur egun sareak elkartzen dituen arren, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxea izan zen abiapuntua, Batera. Kultur ekintzak elkarrekin bekaren barruan. Bi proiektu horiek hortik jaso zuten itsulapikoa proiektuarekin bat egiteko bultzada. Beste lan batek ere lortu zuen beka: Loa loa, laguna Maider Lasa gasteiztarraren helduentzako sexu lo kanten proiektuak.

Larrugorritan serieak bost gazte jarriko ditu pantailan: Mai, Ali, Lara, Ena eta Niko. Emakumeek fikzioan izaten dituzten estereotipo eta klixeekin hautsi nahi du Arriolak: “Fikzioan ez dira erakusten benetako jokamoldeak”. Gertaerak jazoko liratekeen moduan erakutsiko dituzte, “filtrorik gabe”. Lehen kapituluan parrandan aterako dira bostak. Gaua bukatzear denean, ordea, Ena ezingo dute aurkitu. Pertsonaiak “larrugorrian” jarriko dituzte bakoitzaren atzean zer dagoen ikusteko. Apirilean hasiko dituzte grabaketak.

EÑAUT ZUBIZARRETA

Bestelakoa da Poliedroa Vol. 1 proiektua. Zubizarretak txikitatik du harremana biolontxeloarekin. “Ohiko” bidea amaitutakoan, ordea, beste teknika batzuk ikasten jarraitu zuen aretxabaletarrak; hau da, musika klasikotik kanpo biolontxeloak izan ditzakeen erabilerak aztertu zituen. Ikerketa horien emaitza da Poliedroa Vol. 1. “Euskaraz apenas dagoen gaiari buruzko libururik; erreferentziak falta dira”, azaldu du Zubizarretak. Beste bide horiek jorratzeko euskarazko materiala sortzea du helburu.

Itsulapikoa, mahai gainera

Behin proiektuak definituta, horiek nola gauzatu zehaztea da hurrengo pausoa, eta horretarako behar dute herritarren laguntza. “Proiektuan parte hartzen dutenei soldata duin bat eman nahi diegu, ez eskerrak emateko detaile bat bakarrik”, azaldu du Arriolak. Hiru lagun dira sustatzaileak: Uxue Botas, Ane Nafarrate eta Arriola bera. Hala ere, lantaldea osatzen ari dira oraindik: argi arduraduna, makillaje burua… “Hasten ari direnei aukera eskaini nahi diegu”, esan du Arriolak. Itsulapikoak zehaztuko du, ordea, taldearen tamaina. Hori bai, emakumeak, seriean ez ezik, taldean ere protagonista izan daitezen nahi dute. “Bestela lortu ezingo lituzketen edo zaila izango luketen postuetan jarri nahi ditugu emakume horiek”.

Musikariaren kasuan, dagoeneko grabatuta dauzka hemeretzi abesti. Hainbat estilo landu ditu biolontxeloarekin; hala nola, flamenkoa, punk-rocka eta metala. Zubizarretak irakasteko materiala jarri du laguntzaren truke: partituretan idatzita dauzka bere lanak, diskoa dauka, liburua, deskarga digitala…

Musika klasikotik kanpoko eskolak ere eskaintzen ditu aretxabaletarrak bere proiektua sustatzearen truke, eta baita zuzeneko kontzertuak ere. “Askori garestia irudituko zaie, agian, baina ahaztu egiten dugu kultur lanek atzean duten lan eskerga”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.