Gozamenari ateak zabalduta

Gozamenari ateak zabalduta

Unai Zubeldia

“Kulturaren aldeko apustu argia egin dugu”. Mikel Serrano Zumarragako alkateak onartu du “garai zailak” direla kulturaren sektorearentzat. “Baina Urretxuko eta Zumarragako udalek kultur arloko lanpostuei eusteko konpromisoa hartu genuen pandemiaren hasieratik. Aktoreak, produkzioko langileak, aretoko teknikariak, musikariak… Ez dira garai errazak horientzat guztientzat”. Horren jakitun, “ahalik eta kultur egitaraurik osoena” prestatzen saiatu dira bi udalak, eta elkarlanak aurten ere eman ditu bere fruituak.

Zailtasunak zailtasun, helduentzat bederatzi ikuskizun eta haur eta gazteentzat beste zazpi prestatu dituzte Urretxu eta Zumarragako 2021eko arte eszenikoen programazioaren barruan. Gaur eskainiko dute lehenengo emanaldia, Xake Produkzioak konpainiaren Fadoak entzuten zituen gizona —19:00etan, Zelai Arizti kultur etxean—, eta abendura bitartean ia hilabetero izango da gutxienez ikuskizun bat Zelai Arizti kultur etxean, Labeaga aretoan edo Ederrena pilotalekuan.

PIRRITX,_PORROTX_ETA_MARIMOTOTS

Xake Produkzioak konpainia 2020ko Donostia Saria irabazi berritan iritsiko da, gaur, Zumarragara. Donostiako aretoetan urte osoan eskainitako euskarazko antzezlanik onena saritzen dute Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak, eta hurrengo asteartean, martxoaren 9an, emango dituzte argibide gehiago.

Mario (Iñigo Aranbarri) eta Ander (Kepa Errasti) umetatik elkar ezagutzen duten baina aspaldi elkarren berri izan ez duten bi lagunen arteko bidaia kontatzen du Fadoak entzuten zituen gizona obrak. Gaztelako (Espainia) lurretan barrena joango dira bidaian, kamioi batean, eta bidaia horretan agertuko zaie hirugarren pertsonaia: Masku (Ane Gabarain). “Maskulinitateari buruzko hausnarketak egingo ditugu, umoretik, oso umore erotik eta surrealismotik”.

Errastik, konpainiaren sortzaile eta aktoreetako batek, gogoratu du iazko irailean estreinatu zutela ikuskizuna, Tolosan. “Eta, gutxi gorabehera, 30. saioa izango da Zumarragakoa. Zalantzaren bat edo beste bageneukan, baina oso ondo funtzionatu du orain arte. Azken finean, publikoak beste edozein genero baino askoz errazago hartzen du komedia lan bat”. Errastik, Aranbarrik eta Gabarainek pandemia betean ekin zioten bideari. “Eta emanaldirik izango ote genuen, mamu hori gainean izan dugu beti, antzokiak ixteko arriskua eduki dugulako azken urte honetan. Baina jende asko etorri da antzokietara”, azaldu du Errastik.

Maskaren traba eta algarak

Aktoreek publikoarekin izaten duten feedback horrek bihurtzen du berezi antzezleen ogibidea, eta Errastik onartu du “ohitu” egin behar izan dutela parean maskarak ikustera eta irribarrerik ez nabaritzera. “Baina egia da obra honetan barre algara asko entzuten dela, eta entzumena, behintzat, ez digute kendu, zorionez. Hori bai, hotzagoa da dena”.

Pandemia garaia izanik ere, ez Errastiri eta ez Aranbarriri, konpainiaren bigarren makuluari, ez zaie falta lanik. “Abantaila bat daukagu guk: Xake Produkzioak konpainiara dedikatzeaz gain, geure lana daukagula bakoitzak, eta konpainia lasaitasunez bizitzen laguntzen digula horrek”. Mami Lebrun (2016) eta Lur (2018) sortu zituzten aurretik, eta hirugarren lana dute Fadoak entzuten zituen gizona (2020). “Buruan badauzkagu ideia gehiago, baina su txikitan egosten ditugu gauzak, presa handirik gabe, eta horrela jarraitzeko asmoa daukagu; luze gabe, momentuz, ez daukagu beste obrarik arrapaladan sortzeko asmorik”.

Urtebete atzera eginda, Urretxuko eta Zumarragako udalak iaz hasi, hasi ziren emanaldiak eskaintzen. Atx Teatroaren 7ak bat, gaiztoetan gaiztoenak taularatu zuten 2020ko otsailaren 7an, eta Riki Lopez musikariak kontzertu bat eskaini zuen martxoaren 6an. “Baina alarma egoera iritsi zen gero, eta hankaz gora joan zen dena”, esan du Serranok. “Hankaz gora joateak, ordea, ez du esan nahi saioak bertan behera uztea; emanaldiak berrantolatu eta atzeratu egin behar izan genituen, eta irailetik aurrera programatu genituen. 2020an ez genuen utzi bertan behera antzezlanik”. Saio bakarraren data falta zaie zehazteko: Baserri dantza emanaldiarena.

_EZ_DOK_ERO__-_TARTEAN

Azken urteotan bezala, aurten ere saioz saioko sarrerak eros daitezke, baina baita emanaldi guztietarako bonuak ere. “Eta, hain zuzen ere, horrek erakusten digu Zumarragan eta Urretxun badagoela kulturarekiko eta antzerkiarekiko interes hori”. 328 ikusle sartzen dira Zelai Ariztin, eta urtero “137 bonu inguru” saltzen dituztela argitu du Serranok. “Heren bat baino gehiago, beraz”. Pandemia egoeran, bonua erosita zeukatenei aukera eman genien mantentzeko edo itzultzeko. “Eta 98k jarraitzea erabaki dute. Horrez gain, beste bederatzik euskarazko emanaldietara joateko fideltasuna agertu dute”. Zumarragako alkatearen hitzetan, horrek esan nahi du, “segurtasun neurri guztiak hartuta”, herritarrek ondo erantzuten diotela udalek egindako apustuari.

Kultur emanaldiei dagokienez, “ia-ia herri bakar gisa” funtzionatzen dute Urretxuk eta Zumarragak, baina helduentzat saioak izango dira Zumarragan, eta haur eta gazteentzat ikuskizunak Urretxun. Maialen Fidalgo Urretxuko Sustapen Soziokulturaleko zinegotziak azaldu duenez, haur eta gazteen ikuskizunei dagokienez ere iaztik kontratatuta zeuzkaten emanaldiei datak aurkitzea izan da lanik nekezena. “Azken batean, iaztik zenbat geneuzkan lotuta eta zenbat berri kontratatu behar genituen zehaztea izan zen lehenengo lana, baina nahiko ondo moldatu gara”.

Helduen emanaldiekin ez bezala, haur eta gazteen saioetarako ez dute atera bonurik. “Ez dakigu, koronabirusaren eraginez, emanaldi guztiak izango diren edo ez; guraso batzuek,berriz, euren seme-alabak ez dituzte bidali nahi izaten maskararekin… Banaka joatea hobe dela pentsatu dugu”, dio Fidalgok.

Bi herriak, bereizita

Egoera berezi asko sortu ditu koronabirusak; Urretxutik Zumarragara eta Zumarragatik Urretxura ezin joan ahal izatea, horietako bat. “Guretzat arazo handia izan zen itxialdi hori, eta, Zumarragako Udalarekin elkarlanean, programazioa bertan behera uztea erabaki genuen”. Gaur Labik hartuko dituen erabakien zain, Fidalgok ez du uste horrek askorik eragingo dienik eurei. “Gure kultur eskaintza bi herrietako publikoarentzako izaten da beti”. Urretxuko Udaleko zinegotziak uste du herritarrek “gero eta beldur gutxiago” daukatela kultur aretoetan sartzeko. “Azken batean, kutsatzerik ez delako izan horrelako espazioetan”. Horregatik, Fidalgok eta Serranok abendura arteko emanaldiekin “gozatzeko” dei egin diete herritarrei.

Leave a Reply

Your email address will not be published.