Izarraitz alderik alde, pantailan

Izarraitz alderik alde, pantailan

Aitziber Arzallus

Jendeak mendirako sekula baino joera handiagoa duen garaiotan, erreminta ezin aproposagoa kaleratu du Xabier Beristainek (Azkoitia, 1982): Izarraitzmendigunea.eus, Izarraitz mendigunea alderik alde ezagutzeko aukera ematen duen Interneteko ataria. Informazio orokorra, argazkiak eta bideoak biltzen ditu webguneak, eta parterik garrantzitsuena: hamasei ibilbide, xehetasun guztiekin azalduta, hasiberriek zein ibilitakoek galbiderik izan ez dezaten. Eta dena euskara hutsean.

Mendizalea derrigor izan behar horrelako proiektu batean sartzeko, eta baietz dio Beristainek, mendian gustura ibiltzen dela. Lanbidez, baina, irakaslea da, eta webgunetik ez du bizibiderik edo aparteko etekinik ateratzerik espero. Hortaz, zerk bultzatu ote du Izarraitz mendigunea pantailaratzera? “2008an, Ingeniaritza Teknikoko ikasketak amaitu, eta irakasle hasi nintzen. 2014an, ordea, Geografiako gradua ikasten hasi nintzen, eta ikasketak lanarekin uztartzeko asmoz, Gasteizera joan nintzen bizitzera. Gradu Amaierako Lanerako Arabako mendiei buruzko webgune bat egin nuen, eta behin hura eginda eta neu azkoitiarra izanda, polita irudi zitzaidan antzeko zerbait egitea, baina Izarraitzekin”. Iazko martxoan argitaratu zuen Arabakomendiak.eus ataria, eta hura bukatu orduko heldu zion proiektu berriari. “Urtebeteko lana izan da, eta mendi buelta asko eta ordenagailuaren aurrean ordu mordo bat igaro dut”.

Izarraitz ezagutzen zuela uste zuen arren, oker zebilela ohartzeko balio izan dio urtebete honetako lanak. “Izarraitz beti lotu izan dut Kakuterekin, Xoxoterekin eta Erlorekin. Kito. Baina webgunerako materiala biltzen jardun naizenean konturatu naiz hori baino askoz zabalagoa dela Izarraitz”. Izan ere, Deba, Zumaia, Zestoa, Azpeiti, Azkoiti eta Mendaroren artean dagoen lur eremu guztia da Izarraitz, dozenaka tontor eta ibilbiderekin. “Alde horretatik, ustekabe atsegina izan da, leku berri eta ikusgarri asko ezagutzeko aukera izan dudalako. Eta uste dut gauza bera gertatuko zaiela nik proposatzen ditudan ibilaldiak egitera animatzen diren askori”.

“Askotariko ibilaldiak” biltzen saiatu dela dio, ezagunak eta horren ezagunak ez direnak. “Agian, norbaiti ondo etor dakioke azkenaldian mendian izaten ari diren jende pilaketak saihesteko ere”.

Ibilbideak, lau eratara

Beristainek bakar-bakarrik bildu eta editatu du webgunean jaso duen material guztia. Horretarako, “gutxienez, bi edo hiru aldiz” egin behar izan du ibilaldi bakoitza, eta lau eratara aurkeztu du gero. Batetik, hasiberrientzako gida gisa, bidegurutzeak markatuta eta argazkiz lagunduta, ez galtzeko eta paperean inprimatuta eramateko moduan. Bestetik, “jende profesionalagoarentzat”, Wikiloc bidezko mapa batean jaso du ibilbidea. Orientazioa gustuko dutenentzat da hirugarren aukera: ibilbidea bideoz grabatuta ageri da, hiru dimentsiotako animazio gisara. Eta, azkenik, dronearekin grabatutako bideoan erakusten du ibilbide guztia.

“Nahikoa ondo” moldatu den arren, bidean oztoporik ere izan duela dio; batez ere, teknikoak: “Ibilbidea dronearekin grabatu, etxera etorri eta kamera oker jarrita zegoela konturatzea; irudiak argi kontra hartzea; grabazioen kalitatea nire ordenagailuak onar zezakeena baino hobea izatea; grabatzeko egun haizetsuegia aukeratzea; horrelakoak gertatu zaizkit”.

Gainera, saiatu da mendian zebilen jendeari “ahalik eta trabarik gutxien” egiten. “Eta gertatu izan zait eguraldi ederrarekin mendira abiatu, egundoko jende pila topatu, eta nire asmoak bertan behera utzi behar izatea ere”. Horiek gaindituta, webgunea programatzea izan du azken lana Beristainek, eta Gaizka Alberdi herrikideak lagundu dio horretan. “Eskerrak hari”.

Astebete pasatxo da atariak argia ikusi duela, eta gustura dago izan duen harrerarekin. “Google Analyticsen arabera, aurreneko zortzi egunetan 2.000 pertsona sartu dira webgunera; bada zerbait. Zorion mezuren batzuk ere iritsi zaizkit, eta turismo bulego batetik eta ikastetxe batetik ere idatzi didate webguneko materiala erabil dezaketen galdetuz. Ez nuen horrelakorik espero, eta izugarrizko poza eman dit”. Horrek antzeko beste proiekturen batean hastera bultzatuko ote duen galdetuta, ezezkorik ez du esan, baina denbora pixka bat eskatu du. “Buruan baditut pare bat ideia, baina bolada batez, behintzat, atseden hartu nahi dut, eta mendiaz gozatu, bestelako presiorik gabe”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.