Otañoren bizitza film batean

Otañoren bizitza film batean

Jon Miranda

Ombuaren itzala filmak Pello Mari Otaño bertsolariaren (1857-1910) bizitza jasoko du. Eguzki Art Zinema ekoiztetxearen egitasmoa da, eta auzolanean egin nahi dute filma. Bertsolari eta poetaren jaioterrian aurkeztu zuten proiektua, iazko urriaren 8an, eta ordutik Patxi Bisquert ekoizle eta aktorea herriz herri ari da egitasmoa aurkezten. Martxoaren hirugarren asterako hitzartuta dauzka hurrengo saioak, Tolosan, Villabona-Amasan eta Andoainen. Zizurkilgo Hernandorena kultur elkarteak lagunduko dio zeregin horretan Bisquerti.

Pello Mari Otaño herritarraren memoria eta lana zaintzea, gordetzea, gizarteratzea eta gaurkotzea da kultur elkarte horren zereginetako bat. Hala esan du elkarteko kide Joxin Azkuek, eta gogorarazi du Otañoren familiak oinordekotzat izendatua duela elkartea. Hernandorena elkartearen webgunean topa daitezke, hain zuzen, bertsolari eta idazlearen inguruko jakingarri guztiak —Hernandorena.eus/pmotano—. Otañoren oroimenaren gordailu izateko zeregin horretan beste urrats bat izango da Ombuaren itzala filma.

Zizurkilen jaioa da Bisquert, eta hura da Eguzki Art ekoiztetxeko burua. Aspalditik ari da Ombuaren itzala proiektua ondu nahian, bere iritzian “bakana” izan zelako Otaño: “Pello Mari aurpegi askoko gizona zen, bere modura modernoa eta oso pertsonaia interesgarria”. Haren bizitzako azken urteak kontatuko ditu filmak, 1890eko uztailean bigarrenez Euskal Herrira itzuli zenetik 1910ean Argentinan hil bitarteko hogei urteak. “Garai berezia zen: foruak desagertuta, herria hutsetik eraikitzen hasi behar izan zuten; nonahi agertzen ziren ideia berriak, eta XIX. mendearen bukaerako urteak pizkunde urteak izan ziren. Askotan pentsatzen dut ez ote gauden egoera berean, gure herriak dituen erronkei aurre egiteko bide berriak asmatu nahian”, esan du Bisquertek.

Patxi Bisquert

Filmaren proiektua aurkezten aritu da ekoizle eta aktorea azken urteotan, eta aipatu du ate asko itxita topatu dituela. “Telebista plataformei eta ekoiztetxe handiei ez zaizkie interesatzen horrelako proiektuak; Otaño ez dute ikusten pertsonaia garrantzitsu gisa”. Horregatik erabaki du Bisquertek filma auzolanean ekoiztea; Otañoren bertsoak gogoan, Limosnatxo bat eskatuz herriz herri ibiltzea: “Bere inguruan egingo den hirugarren auzolana izango da. Lehena, Iraola editoreak bultzatu zuen, zizurkildarraren Zerbait liburuxka argitaratzeko; eta bigarrena, Union Artesanako lagunek egin zioten. Dirurik gabe zegoela ikusita, garaiko 800 pezeta [4,80 euro] bildu zituzten familiarekin Argentinarako azken bidaia egin ahal izan zezan”.

Bi modutara egingo da filmaren proiektuak aurrera egiteko auzolana: mezenasgo legea baliatuta ekarpen bat eginda edo aurrez filma ikusteko sarrera 10 euroan erosita. Ekimenaren bultzatzaileek aurre-salmentan 30.000 sarrera saltzeko erronka jarri dute, eta hasiak dira herriz herriko lanean: 8.000 banatuta dauzkate dagoeneko. Egitasmoari buruzko atarian, Pellomariotañoauzolana.eus helbidean, ekarpena egiteko bideen berri ematen dute. “Herritarrek dirua jarriko dute filma egiteko, baina gero euren herrietara edo auzoetara eraman ahal izango dute. Ombuaren itzala filmak beste filmek ez duten hedapena izango du, beraz”.

Filmaketak, Argentinan

Filmaren gidoiaren egokitzapena Bisquertek berak egin du, Koldo Izagirreren testuetan oinarrituta. Filmaketak 30 egun iraungo du, eta lehen hiru asteak Argentinan egin nahi dituzte: “Asmoa da uztailean lantaldearen parte batek hara bidaiatzea eta lehen irudiak jasotzea, gero udazkenean filmaketarekin hemen, Euskal Herrian, jarraitu ahal izateko”. Hirurogei pertsonaia baino gehiago agertuko dira filmean, eta Bisquertek berak jokatuko du Pello Mari Otañoren rola.

2022ko udarako amaitu nahi dute Ombuaren itzala, 2022-2023ko ikasturtean ikastetxeetan filma erakutsi ahal izateko. Belaunaldi berriei Otañoren irudia ezagutarazteko borondatea dauka ekoizleak: “Haiek ezagut dezaten gure sortzaile handi honen historia”. Aita Zabalak zizurkildarrari buruz esandakoa gogora ekarri du Bisquertek: “Euskara bizi bada, Otañoren bertsoak ere biziko dira, eta hauek arnasarik badute, gure hizkuntzak ere izango du”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.