“Arrantza lanbide duina da, eta hori ikusarazi nahi dugu”

“Arrantza lanbide duina da, eta hori ikusarazi nahi dugu”

K. Uribesalgo Alzola

Duela 20 urte hasi zen arrantzale Borja Isturiz (Donostia, 1982). Baxura arrantzatzen du, amuarekin, itsasontzi txiki batean. Goizean itsasoratzen dira Donostiako portutik, eta, normalean, arratsalderako bueltan izaten dira. Urtaroaren arabera, arrain bat edo beste harrapatu ohi du. Udaberrian, esaterako, berdela arrantzatzen aritzen da; udan, berriz, hegaluzea, eta neguan, itsas aingira harrapatzen du, batez ere. Normalean, Donostia inguruko uretan ibiltzen da Isturiz, baina berdelarekin Kantabria aldera ere joan ohi da.

Zer egoeratan dago arrantza sektorea?

Gero eta hobeto dagoela esango nuke. Garai batean asko arrantzatzen zen, eta horrek prezioak jaistea eragin du, baina azken urteotan kuotak ezarri dituztenez, arrain gutxiago harrapatzen da, eta prezioari eusten diogu. Hori horrela, etekin ekonomikoa handiagoa da lan gutxiago eginda. Egia esan, nahiko ondo bizi gara orain.

Nabari duzue aldaketarik arrantzale kopuruan?

Duela urte batzuk baino arrantzale gutxiago daude orain portuan. Belaunaldi berrien falta dago. Oro har, gazteek ez dute bideragarritzat jotzen lehen sektorean lan egitea. Badirudi arrantzalea izanez gero ez daukazula inolako aisialdirik, baina esango nuke gaur egun ez dela horrela. Nik 20 urte daramatzat lanean sektore honetan, eta asko aldatu da langileen egoera. Asteburuetan ez dugu lanik egiten, eta, batez beste, astean ez ditugu 40 ordu baino gehiago lan egiten. Aste batzuetan 70 ordu sartu behar izaten ditugu; beste batzuetan, ordea, eguraldia kaskarra bada edo ez badago arrainik, ez gara itsasora irteten.

Nola dago Donostiako portua?

2004an hamazazpi arrainontzi zeuden. Gaur egun, hiru besterik ez dira gelditzen.

Pandemiak nolako eragina izan du zuen jardunean?

Gure itsasontziak txikiak izaten dira, eta ez dugu espazio handirik izaten. Hori horrela, neurriak hartzen saiatzen gara. Gainera, kontu handia izan behar dugu ez kutsatzeko. Izan ere, birusa barkuan sartuz gero, gelditu egin behar dugu gure jarduna.

Prezioetan ere izan du eragina izurriteak, ezta?

Iaz, batez beste, berdelaren kiloa 0,75 euroan saldu genuen. 2019an, berriz, 1,20 euroan aritu ginen saltzen. Arrantzatutako tonak antzekoak izan ziren, baina etekinean aldea dago.

Nola ikusten duzu sektorearen etorkizuna?

Gure sektoreak badu etorkizuna, eta langileen baldintzak onak dira. Oraingo erronka da gazteak arrantzarekin lotutako ikasketak egitera animatzea, prestatutako jendea behar baitugu. Arrantza lanbide duina da, eta hori ikusarazi nahi dugu. Patroi gehienak erretiroa hartzear daude jada, eta erreleborik gabe ezingo dira mantendu itsasontziak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.