Gogoeta bat ijitoen iruditeriaz

Gogoeta bat ijitoen iruditeriaz

Miren Garate

Hamar bakarrik aukeratu behar izanez gero, zein izango lirateke norbere buruaz hitz egitean bakoitzak aipatuko lituzkeen hamar kontzeptuak? Hausnarketa hori egin dute Agifugi Gipuzkoako Etorkizunaren Aldeko Ijito Elkarteak eta Labrit Ondarea elkarteak Gipuzkoako ijito herriaren imajinario kolektiboa proiektuan, elkarlanean. Iruditeria lantzea izan da helburu nagusia, eta, horrekin batera, lanketa horren emaitzak gizarteratzea; alegia, ez izatea elkarte barrura mugatutako zerbait. Joan den astean aurkeztu zuten egindako lana, Donostian, eta datozen hilabeteetan Gipuzkoako beste herri batzuetan erakusteko asmoa dute. Izan ere, gurpil batean bildu dituzte aukeratutako kontzeptuak, azalpen labur banarekin.

Bea Gallego Labrit Ondareako langile eta proiektuaren dinamizatzaileak azaldu duenez, saio parte hartzaile baten bidez aukeratu zituzten ijitoen iruditeriari lotutako kontzeptuak. Hain zuzen, hauek izan ziren hautatutako hamarrak: adinekoak, espiritualitatea, justizia, familia, erresistentzia, funtsa, hitza, begirunea eta gizalegea, historia eta emakumea.

Esate baterako, espiritualtasunari lotuta, kontzeptuari lotutako testuak dio ijitoentzat orainaldiaz gozatzea bezain garrantzitsua dela bizitzaren zikloaren beste eremu batzuetan pentsatzea, eta bizitzarekiko begirada edo heriotza sentitzeko modu berezi hori errituetan islatzen dutela. “Partekatutako ohiturak direlako daude hain errotuak, eta horregatik dira horren adierazgarriak”. Justiziari dagokion zatian, berriz, honako hau ageri da: “Komunitatearen ongizatea xede, ohituretan oinarrituz, ijitoen arteko gatazkak ijitoen artean konpontzen dira. Konponbide bila arrazoidun pertsonengana jotzen dugu, horiek justizia egin dezaten”.

Iazko urrian egin zuten partaidetza saioa, Agifugiren egoitzan. Elkarteak zenbait lagun deitu zituen parte hartzera, eta prozesua moderatzea izan zen Labrit Ondarearen rola; hau da, ijitoek bakarrik aukeratu zituzten kontzeptuak. Gallegoren esanetan, dinamika hori beste leku batean, beste momentu batean, beste nonbaiteko jendearekin edo pertsona horiekin baina beste egun batean egin izan balitz, bestelako ideiak aterako ziratekeen, akaso. Hain zuzen, horixe zen jolasaren zati bat: “Hari moduko bat dira kontzeptuak, tiraka hasteko eta norberak bere buruari galdetzeko ea ijito gisa bere burua hor ikusten duen edo ijitoekiko izan ditzakeen iritzi edo aurreiritzietan kontzeptu horiek sartuko lituzkeen”.

Mugimenduari lotuta

Gallegok zehaztu du “hausnarketa egiteko aitzakia” bat izan dela proiektua, posible delako noizbait norbere kulturaren gaineko iruditeriari buruz pentsatu izana, edo ez. Horrekin batera, ordea, aukeratutako kontzeptuei balioa emateko helburua ere bazuten.

Labritekoak arduratu dira egindako lanari forma emateaz, eta termino horiek gurpil batean bildu izanak ere badu bere arrazoia: alde batetik, Agifugiren armarrian gurpil bat ageri da; bestetik, Gallegoren esanetan, gurpilak badauka “ebokazio indarra” ere. “Helburua zen hau ez interpretatzea geldirik dagoen zerbaiten moduan, baizik eta abian egon daitekeen zerbaiten moduan hartzea. Ideia horri lotuta, eta ikusita armarrian ageri zela, ikusi genuen gurpilaren ideiak bazeukala indarra edo zentzua”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.