“Musikatik bizitzea zen nire ametsa, eta betetzen ari naiz”

“Musikatik bizitzea zen nire ametsa, eta betetzen ari naiz”

Aitziber Arzallus

Musikazalea, musikaria eta musika ekoizlea da Eñaut Gaztañaga (Zestoa, 1984). Hogei urte daramatza Grises taldearekin hara eta hona, baina ez da esku artean duen proiektu bakarra. Bere ibilbideaz, proiektuez, pandemiaz eta panorama musikalaz jardun du.

Arreba [Amancay Gaztañaga], aktorea; zu, musikaria… Zer jaten da zuen etxean?

Gurasoek txikitatik eraman izan gaituzte musika klasikoko kontzertuak ikustera, aitak gitarra jotzen zuen, amak pianoa… Etxean betidanik egon da musikarako eta zinemarako zaletasuna, eta uste dut horrek eragingo zigula. Arreba txikia ere arkitektoa da, eta hark ere badauka sortzailetik zerbait.

Txikitatik izan duzu musikarako joera. Nola gogoratzen dituzu hasiera haiek?

10 bat urte genituela, eskolako lagun batzuen artean sortu genuen lehen musika taldea: Amets Gaizto. Aitak gitarra jotzen zuenez, nik ere gitarra jotzea erabaki nuen. Aitak irakatsi zizkidan pare bat akorde, eta segituan katigatu nintzen; gitarra jo beharra sentitzen nuen. Hasieran, ahal genuena egiten genuen; beste taldeen abestien bertsioak-eta jotzen genituen, eta 1996an, 11 bat urterekin, herriko eskolan eman genuen lehen kontzertua. Harrezkero, ez naiz gelditu.

Beste talde bat sortu, eta 13 urterekin grabatu genuen lehen maketa, eta 14 urterekin, Azido izeneko taldea sortu genuen. Harekin ibilbidetxoa egin genuen: maketa bat grabatu genuen, eta kontzertu mordoxka bat eman genituen inguruko herrietan-eta; La Pollarekin jotzeko aukera ere izan genuen. Denborarekin, ni eta nire musika ere eboluzionatzen joan gara, eta azken urteetan Grises eta Ezpalak taldeetan nabil. Zaharra ez naiz, baina 10 urterekin hasi eta gaur arte, dezenteko bidea egin dut musikaren munduan.

Zerk katigatu zintuen musikara?

Zuzenekoetan jendearekin sortzen den feedback edo indar hori da gehien gustatzen zaidana. Zaila da hitzez azaltzen, baina hor sortzen da zerbait katigatu egiten duena. Musika sortzea eta grabatzea ere beti gustatu izan zait, baina gero zuzenekoetan jotzeko helburuarekin.

Batxilergoa bukatu eta Arte Ederrak ikasi zenituen. Zer intentziorekin?

Batxilergoko lehenengo mailan Arte irakasgaia eman genuen lehendabiziko aldiz, eta pintura asko interesatzen hasi zitzaidan. Azidoren ibilbidea bukatutzat emanda, batxilergo guztia pinturan zentratuta pasatu nuen, Arte Ederrak ikasteko asmoz. Baina gauza bitxia izan zen, artearekiko interesak unibertsitateko ikasketek iraun zutena iraun baitzidan; ikasketak bukatu nituenetik ez dut margotu. Hala ere, egia da orduan ikasitakoek gerora asko balio izan didatela. Teknika baino gehiago, sormena lantzen ikasi genuen unibertsitatean, eta hori oso ondo etorri zait musika egiteko garaian.

Arte Ederrak bukatu ostean, zer egin zenuen?

Ikasketak bukatzerako, neure kasa jarduten nuen grabaketak egiten. Gero, Estanis Elorza ezagutu nuen. Andoaingo Natural Project taldeko kidea zen bera, soinu irakaslea, eta masterizazioak egiteko estudio txiki bat zeukan Donostian. Harekin hasi nintzen nahasketak-eta egiten, eta hark lagundu zidan mundu honetan sartzen. Ordurako Grises taldearekin disko batzuk aterata genituen, eta Espainian kontzertuak ematen hasita geunden. Musikatik bizitzea zen nire ametsa, eta alde horretatik betetzen ari naiz, baina sekula ez nuen pentsatuko grabaketa estudio batetik biziko nintzenik.

Baina gaur egun hala bizi zara; Zestoako Gaztain estudioen jabea zara. Noiz erabaki zenuen zeure estudioak martxan jartzea?

Estanisekin lan batzuk egiten nituen bitartean, Zestoan estudio txiki bat muntatu nuen neure gauzatxoak egiten joateko, eta konturatzerako, hori bihurtu zen nire lanbide. Hamar urte eta gero, beste urrats bat egitea erabaki nuen: herrian bertan beste lokal bat hartu eta estudio txukunagoa prestatzea erabaki nuen, eta hemen nabil joan den udatik.

Erraza egin al zaizu zeure lekua egitea?

Egia esan, bai; bakarrik etorri zait, pixkanaka, eta sekula ez dut lan bila ibili beharrik izan. Alde horretatik, zorteduna naiz. Gero badu beste aldea ere, autonomoa izatearena, eta horrek berekin duen ziurtasun falta; baina, momentuz, ezin naiteke kexatu.

Pandemiak bete-betean jo ditu musika teknikariak. Estudioetan antzeman duzue eraginik?

Itxialdi garaian geldirik egon ginen, baina, gero, kontzerturik ematerik ez zegoenez, jendeak sortzeari ekin zion, eta daten aldetik urte aldrebes samarra izan den arren, lan faltarik ez dut izan. Zuzeneko teknikarien egoera, ordea, oso bestelakoa da; oso larri daude. Ia bi urte daramatzate lanik egin ezinik eta diru sarrerarik gabe, eta uste dut badela zerbait egiteko garaia.

Izaro, Mikel Urdangarin, Bulego… entzute handiko sortzaileekin jarduten duzu. Erraza al da horiekin lan egitea?

Honetan hasi berria nintzenean, neuk ere horixe galdetzen nien beste ekoizleei; baina, denborarekin, ikusten joan naiz oso jende normala dela; inorekin ez dut eduki arazorik.

Orain arteko ibilbidean musika talde ugaritan parte hartu izan duzu, baina azken urteotan Grises eta Ezpalak taldeetan zabiltza buru-belarri. Zuretzat, zer da Grises? Eta zer da Ezpalak?

Grises taldea duela hogei bat urte sortu genuen, nahiz eta lehendabiziko diskoa 2011n kaleratu. Ordutik, denbora gehien eskaini diodan proiektua izan da; nire pentsamendu guztiak taldean jarriak izan ditut: gauzak nola egin, nola hobetu… Nire lehentasun nagusia izan da, eta baita gainontzeko taldekideena ere, Grisesen arabera antolatu behar izaten baikenuen bizitza. Kontzertu asko ematen genituen, batez ere Espainian, eta, ia asteburuero, ostegunetik igandera, hara eta hona ibiltzen ginen. Taldekide bakoitzak ahal genuen bezala moldatu behar izaten genuen taldea eta lana uztartzeko. Bost disko aterata eta ia hamar urtez horrela ibilita, nekatu egin ginen, eta erabaki genuen pare bat urteko atsedenaldia hartzea.

Baina, tarte horretan, geldirik ezin egon, eta tiraderan nituen abestiei begira hasi nintzen. Banituen beste estilo bateko kantuak, euskaraz, Euskal Herrian jotzeko modukoak, kanpora horrenbeste bidaia egin gabe… Baneukan hemengo aretoetan gehiago jotzeko gogoa, beste estilo bateko musika egitekoa, eta horrelaxe sortu nuen Ezpalak. Bi urterako proiektua izan behar zuen; sendotuz eta indartuz joan da gero, eta, Grisesekin batera, nire proiekturik garrantzitsuenetako bat da gaur egun.

Bi urteko atsedenaldiaren ondoren, duela gutxi kaleratu duzue Grisesen azken lan luzea. Nola promozionatzen da disko berri bat kontzerturik ia eman ezin den garaiotan?

Gogorra izan da, pandemiak bete-betean harrapatu gaituelako. Bi urteren ondoren, disko berria egitea erabaki genuen, eta gure asmoa zen iazko martxoan kaleratzea eta uda jaialdiz jaialdi pasatzea. Baina, dena prest genuenean, diskoa bukatuta eta udako kontzertu guztiak lotuta, pandemia iritsi zen. Aurkezpen kontzertuak bertan behera gelditzen hasi zirenean, lasai hartzea erabaki genuen, diskoa ez kaleratzea eta koronabirusaren zurrunbilo hura guztia pasatu arte egotea,zerbait motza izango zelakoan. Baina, kontua luzatzen ari zela ikusita, irailean diskoa ateratzea erabaki genuen, jakitun izanda ez zuela izango aurreko diskoek izandako ibilbiderik.

Kontzerturik gehienak jaialdietan eta berandu eman ohi ditugu, dantza giroan, disko jartzaileen aurretik, 03:00ak aldera; eta orain ez dago horrelakorik. Azken hilabeteotan eman ditugu kontzertu batzuk eserita eta maskarekin, eta ondo, nahiago dut hori jo gabe egotea baino, baina Grisesen berezko zirkuitua ez da hori. Beraz, pazientziaz eta lasaitasunez hartzen ari gara kontua, eta ea egoerari buelta ematen diogun.

Ezpalak-ekin ere kanta berri batzuk atera dituzue dagoeneko. Prest duzue disko berria?

Bai, hori ere atzeratuz joan gara, baina, azkenean, apirilean aterako dugu. Egoeraren araberako ibilbidea izango du disko horrek ere.

Euskal Herriko panorama musikalari begira jarrita, zer moduzkoa da egoera?

Bete-betean ikusten dut Euskal Herriko eszena. Sormen handiko taldeak daude, eta musika asko egiten da. Estilo aldetik, berriz, zabaldu egin da aukera, eta azkenaldian elektronikarako eta poperako joera nabarmenduko nuke.

Musika zabaltzeko garaian ere joera aldaketa nabari da azken aldian, ezta?

Bai; taldeek, diskoak atera beharrean, kantuak ateratzen dituzte orain. Hamabi abestiko disko bat ateratzeak sekulako lana eskatzen du, eta, behin diskoa kaleratuta, kantu horietako batzuek soilik egiten dute aurrera. Singleak ateratzen joateak kantu bakoitza gehiago mimatzeko aukera ematen du, eta uste dut dena horren azkar kontsumitzen dugun garaiotarako musika zabaltzeko modu hobea dela. Aurrerantzean ere joera hori izango dela dirudi.

Pandemiak ekarriko al du aldaketarik?

Kontua asko luzatzen ari da, eta baliteke azken hilabeteotako zenbait ohitura betiko geratzea. Adibidez, lehen pentsaezina zen kontzertu bat eguerdian edo arratsaldean ematea, eta ikusi dugu funtziona dezakeela, jendea joaten dela ikustera eta ez dela horren aukera txarra. Agian, alde horretatik, zerbait geratuko da, eta, egia esan, guri ez liguke kalterik egingo; izan ere, lehen, jaialdi askotan, jotzen azkenak eta soinu probak egiten aurrenak izaten ginen. Baina, gainerakoan, bihartik dena egitea libre daukagula esango baligute, berehala bueltatuko ginateke lehengora.

Leave a Reply

Your email address will not be published.