Alde zaharra modernizatzeko

Alde zaharra modernizatzeko

Beñat Alberdi

2010ean jarri zuten zuntz optikoa Arrasaten, baina ez toki guztietan: alde zaharrean, ez. Harrezkero, asko luzatu den korapiloa izan da sarea modernizatzearena. Luzatu dena, harik eta COVID-19aren konfinamenduan, egunerokoan, sarearen beharra gailendu zen arte. Alde zaharreko biztanleek Zuntza2021 plataforma sortu zuten urtarrilean, eta Ibai-arte dendarien elkartea ere batu zaie.

2021eko irailerako Arrasateko alde zaharrean zuntz optikoaren zerbitzua izatea, hori da bizilagunen eskaera, eta horretarako kablea sartzeko eskatu diote udalari. Arrasateko egungo udal ordenantzari jarraikiz, mugatua legoke aukera hori. “Baina beste herri batzuetako alde zaharretan badaukate zuntz optikoa”, azaldu du Josu Zugasti Zuntza2021eko kideak. “Esan dezatela, beraz, zer alde daukan gureak Bergarako alde zaharrarekin edo Oñatikoarekin alderatuta, han badago eta”.

Elkartearen eskaera ordenantza aldatzea litzateke, zuntza etxeetara iristeko beharrezkoak diren aldaketak gauzatu ahal izateko. Eta ez hori bakarrik: “Irtenbide kolektibo bat eman nahi diogu arazoari, bai dendarien, bai zerbitzuen eta bai herritarren beharrak beteko dituena”, esan du Zuntza2021eko kide Zugastik. Aurtengo irailaren data ere hausnarketa baten ondoren zehaztu zuten, “behin-behineko konponbide baten bidez bada ere”.

Udalak argitu du behar hori ez dela gaurkoa, azken hamar urteetan bizi izan dutela egoera. Nabarmendu du harremanetan dagoela plataformarekin eta arazoa bideratzeko aukerak aztertzen ari dela. 2010ean zuntz optikorako jauzia eginda, Arrasateko alde zaharrean hasiera batean ez zegoen bestelako beharrik, ADSL zerbitzuak aise betetzen zituelako erabiltzaileen beharrak. Hala ere, zuntza jartzearen aldeko mugimenduak izan dira azken hamarkadan.

Garaiak berak, unean uneko beharrak, gailu kopurua, lanerako ohiturak… aldatu egin dira, ordea, azkeneko hamar urteotan. “Orain denerako erabiltzen dugu sarea: lanerako, ikasteko…”, esan du Zugastik. “Eta oraintxe daukagun konexioak ez digu bermatzen hori”. Eskaera aurretikoa izanda ere, konfinamenduak azaleratu egin du beharra. Azken finean, etxe barruan denbora gehiago pasatzearen eraginez, hainbat erabilera berri aurkitu zaizkio Interneti; kuadrillako bilguneak kamera bidez egitea, esaterako. Sarearen mugak direla medio, zenbait ikaslek ezin izan zituzten hartu klaseak, adibidez.

Mugimenduaren sorrera

Arrasateko alde zaharreko lau akademiak piztu zuten euren artean elkartu eta antolatu beharraren txispa. Izan ere, lanerako bitartekoa ordenagailua izanda, klaseak ezin izan zituzten eman behar bezala. Egoerari buruzko manifestua jarri zuten auzoko hainbat gunetan, eta bilera batera deitu urtarrilerako. Bertara azaldutako denak ezin izan ziren sartu bileran, baina orduan sortu zen plataforma. Hogei lagun baino gehiago ari dira aktibo lanean.

Zuntz optikoaren zerbitzutik kanpo, auzotarrei beste konpainia batek eskaini zien antzeko kalitatea zeukan konexioa, uhin bidez. Hileko, dena den, 60 euro baino gehiago balio zuen, eta Interneteko zerbitzua besterik ez zegoen barruan. Kopuru hori komertzioentzat edo enpresentzat “ordaintzeko modukoa” izan daitekeela nabarmendu du Zugastik; ez, ordea, familientzat. “Horregatik diogu irtenbide kolektiboa behar dugula, ez gutxi batzuena bakarrik”.

Azken hamar urteetan konexioa hobetzeko “borondate politikoa” falta izan dela esan du Zugastik. “Guk lan egingo dugu zuntz optikoa jartzeko promesa ez dadin hitz hutsetan gelditu”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.