Beldurra uxatzeko hasiera bat

Beldurra uxatzeko hasiera bat

Unai Zubeldia

Pausoak ematen hasi besterik ez da egin oraindik, proiektu jaioberria da, baina pixkanaka sendotzen joateko ziurtasuna dauka. 2018an jaio zen Poesialdia, Donostia Kulturaren ekimenez, eta aurten laugarren urtea izango du jada, nahiz eta, COVID-19aren pandemiaren eraginez, bidean gelditu zen iazkoa. Etzi izango da Poesiaren Nazioarteko Eguna, eta biharamunean hasiko da Donostiako jaialdia, Itxaro Borda idazlearen Hitzen abaroan emanaldiarekin —19:00etan hasiko da saioa, Ernest Lluch kultur etxeko areto nagusian—. Iratxe Retolaza izango da elkarrizketatzailea. Bere obra poetikoaren gako nagusiak azalduko ditu Bordak, eta bere poema batzuk ere irakurriko ditu.

Bukatu, berriz, ostiralean bukatuko da Poesialdia, martxoaren 26an, Ulu, ala, ele, Abere ba, Bigara (Itziar Aranburu eta Jon Ander Garcia), Amorante (Iban Urizar) eta Okene Abregoren saioarekin.

Urtero, martxoaren 21ean izaten da Poesiaren Nazioarteko Eguna, eta iaz astebete lehenago iritsi zen koronabirusak eragindako alerta egoera. Arantxa Arzamendi Donostiako Udal Liburutegi Nagusiko arduradunak ziurtatu du ordurako ondo lotuta zeukatela den-dena —martxoaren 22tik 25era ziren egitekoak iazkoa—. “Baina, itxialdiaren eraginez, bertan behera utzi behar izan genuen egitarau guztia”. Urtebete geroago, eta oraindik ere pandemia egoera betean, baina iaz bidean gelditutako Ulu, ala, ele, Abere ba ikuskizuna berreskuratu ahal izan dute antolatzaileek.

Berreskuratu eta bikoiztu. Izan ere, asteartean izango da lehen emanaldia, 19:00etan, Viktoria Eugenia Klub aretoan. “Berehala agortu ziren saio horretarako gonbidapen guztiak, eta beste emanaldi bat antolatzea merezi zuela erabaki genuen”. Ostiralekoa. Aurrez gonbidapenak eskuratu beharko dira Ulu, ala, ele, Abere ba emanaldiaren bigarren txanda horretarako ere, donostiakoliburutegiak@donostia.eus helbidera idatzita. Saio guztietan gehienez ere edukieraren erdia beteko dute antolatzaileek. Arzamendik azpimarratu du “kultur saio guztietan osasun neurriak zorrotz errespetatzen” ari direla. “Eta hala egingo dugu Poesialdian ere”.

Aurreneko bi saioen ondoren, Luis Garcia Montero poetaren txanda izango da asteazkenean. Los versos libres emanaldia eskainiko du, gaztelaniaz, Itziar Minguez poetak elkarrizketatuta —19:00etan, Ernest Lluch kultur etxeko areto nagusian—. Haren obrari eta ibilbideari buruz hitz egingo du Garcia Monterok ere.

Biharamunean, berriz, IV. Donostia Kultura Poesia Lehiaketaren sari banaketa egingo dute, liburutegi nagusian, 11:00etan; Donostia Kulturak eta Balea Zuria argitaletxeak elkarlanean antolatzen dute sariketa hori. “Euskarazko poesia zabaltzeko eta 35 urte bete gabe dituzten idazle gazteen lanari bultzada emateko asmoz sortutako lehiaketa da”, zehaztu du Arzamendik. Imanol Larrinagaren margolan bat eta 1.000 euro jasoko ditu irabazleak, eta Balea Zuria argitaletxeak argitaratuko du haren poema lana.

Genero asko uztartuta

Poesia da, izatez, askori kontsumitzea gehien kostatzen zaion literatur generoa, baina Arzamendik uste du “norberaren gustuen araberakoa” dela hori. “Poesiazaleak badaude, eta literatur sorkuntzari dagokionez oso ariketa interesgarria da poesia idaztea; puntako idazle askok poemak idatziz ekin zioten bideari, eta guk babestu egin behar ditugu sorkuntza lan horiek”. Donostiako Udal Liburutegi Nagusiko arduradunak gonbita bidali die herritar guztiei. “Poesia, musika… Poemak oinarri hartuta, genero asko uztartzen ditugu gaur egun, eta ariketa interesgarria izango da Poesialdia”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.