Begoña Beobide: “Fakturek zer dioten ulertzeak ahalduntzen lagunduko digu”

Begoña Beobide: “Fakturek zer dioten ulertzeak ahalduntzen lagunduko digu”

Miren Garate

Urola Erdiko energia mahaiak bultzatuta, iazko ikasturtean Euronet 50/50 programa lantzen hasi ziren Azkoitiko eta Azpeitiko ikastetxeetan, eta aurten, Errezilen ere bai. Iraurgi Berritzen agentziak koordinatzen du programa, eta haren helburua da ikastetxeetan energia gutxiago kontsumitzea, erabileran eta kudeaketan jardunbide egokiak ezarrita. Behin ikasleekin lanketa bat eginez gero, iruditu zitzaien komenigarria zela ohitura horiek etxera ere eramatea, eta horrela sortu zen Euronet Etxean egitasmoa, Euronet 50/50en barruan. Haren bidez, Azpeitian eta Azkoitian hitzaldiak eman dituzte, herritarrei argindarraren fakturak ulertzeko eta kontsumoa gutxitzeko aholkuak emateko. Begoña Beobide (Azpeitia, 1973) Iraurgi Berritzeneko zuzendariaren esanetan, kontratatutako potentzia izaten da kontuan hartu beharreko gakoetako bat.

Ulergaitzak izatearen fama dute argindarraren fakturek. Zergatik?

Kontsumoaz gain, beste zenbait kontzeptu ere sartzen direlako fakturan: potentzia, kontagailuaren alokairua, kontratatuta ditugun zerbitzuak, zergak eta abar. Gainera, ordutegiaren eta dataren arabera ere aldatu egin daiteke kontsumitutako energiaren prezioa. Hainbeste kontzeptu direnez, faktura sinpleena ere konplikatu egiten da. Baina fakturak zer dioen ulertzeak ahalduntzen lagunduko digu, eta gutxiago ordaintzeko zertan eragin dezakegun ikusi ahal izango dugu.

Hain zuzen, Euronet Etxean programako hitzaldietan, faktura ulertzen laguntzeko gakoak ematen dituzue. Zeri erreparatu behar zaio, batez ere?

Potentziarena da esplikatzen dugun kontuetako bat. Zenbat eta potentzia handiagoa kontratatu, orduan eta kostu finko handiagoa izango dugu. Etxeetan, ohikoena da 3,3 kW eta 4,6 kW artean izatea kontratatuta. 4,6 kW-era iristeko, ordea, garbigailua, ontzi garbigailua, labea eta bitrozeramika izan behar dira martxan momentu berean. Horrek ekar dezake behar baino gehiagoko potentzia izatea kontratatuta.

Nola jakin daiteke kontratatutako potentzia egokia den?

Badago aplikazio bat zure kontsumoa ikusteko aukera ematen duena: www.i-de.es. Aplikazio horren berri ematen dugu hitzaldietan. Momentu oro gure etxean dagoen kontsumoa aztertzen du, eta orduero zein den gure potentziarik handiena ere ikus dezakegu. Informazio hori izanda, adibidez, ordutegi diskriminazioko tarifak komeni zaizkigun jakin dezakegu. Kontagailu adimentsuak jarri zizkigutenetik kontsumoari buruzko informazio hori eskura dugu, baina gutxik dute beren kontsumoa begiratzeko ohitura.

Norberak nahi duenean alda dezake kontratatutako potentzia?

Tarte normalizatuak desagertu egin dira, eta orain 0,1 kW-eko edozein multiplo kontratatu daiteke. Hori bai, urtean behin bakarrik alda daiteke potentzia, eta potentzia jaisteak 11 euroko kostua du. Ekainaren 1ean aldaketak datoz, eta, ordutik aurrera, potentzia baten baino gehiagoren artean aukeratu ahalko da.

Zer ekarriko du aldaketa horrek?

Batetik, egun berean hiru tarte egongo dira, prezio ezberdinak kontratatu ahal izateko, eta, bestetik, egun berean bi potentzia kontratatzeko aukera ere izango da. Orain arte, kontsumo prezio ezberdinak kontratatzeko aukera bazegoen, baina potentzia bakar bat aukeratu behar zen.

Zein dira kontsumo ohiturak aldatzeari begira ematen dituzuen gomendioak?

Ematen ditugun aholkuek oso sinpleak dirudite, eta hala dira, baina aholku txiki horiek badute eragina kontsumoan. Asko izan daitezke: berokuntzari lotuta, gauez pertsianak jaistea, pertsianen kutxak ondo isolatzea, berogailuen gainean arroparik ez jartzea, eta abar; argiteriari dagokionez, berriz, kontsumo txikiko lanparak erabiltzea, argia gutxiago piztu behar izateko hormak kolore argiz margotzea, pasabideetan presentzia detektagailuak ipintzea, eta abar.

Hitzaldien ostean, zer galdera egin ohi ditu jendeak?

Adibidez, emandako aholku horiek zenbaterainoko eragina duten fakturan. Hitzaldietako batean bikote bat zegoen, eta kontatu zuten baserri batean bizi direla, eta, aurreko urtean izandako hitzaldi bateko gomendioak aplikatu ostean, %50 aurreztea lortu zutela. Neu ere harrituta geratu nintzen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.