“Denbora gehiegi igaro da”

“Denbora gehiegi igaro da”

Unai Zubeldia

Luis Miguel Arkonada alde batean eta Juan Antonio Larrañaga bestean. Zaragozako (Espainia) Romareda futbol zelaian. Espainiako Kopa eskuetan. 1987ko ekainaren 27a zen. “Oso gogorra izan zen finala”, gogoratu du Larrañagak berak. “Bero handia egiten zuen egun hartan, tentsio handia nabari zen, luzapena jokatu genuen, penaltiak ondoren…”. Bina amaitu zen Atletico Madrilen eta Realaren arteko partida, eta txuri-urdinek 2-4 irabazi zuten penaltietan, Jose Mari Bakero, Juan Mari Mujika, Martin Begiristain eta Larrañagaren golekin. Jorge da Silvak kanpora jaurti zuen madrildarren bigarren penaltia eta Arkonadak laugarren jaurtiketa gelditu egin zion Quique Ramosi. Orduan lehertu zen festa.

“Zer oroitzapen dauzkagun? Ederra izan zela eguna; finala irabazi ondoren, batez ere!”. Luis Fernando Dadie (Pasaia, 1966) dauka ondoan Larrañagak (Azpeitia, 1958), final hartan taldekide izan zuenetako bat. Dadie ez da ageri argazki askotan. “Eromena izan zen. Realeko zaleak zeuden atearen atzera joan nintzen ospatzera, pare bat lagunek berdegunera salto egin zuten, eta, ohartu nintzenerako, argazkiak ateratzen ari ziren denak. Berandu iritsi nintzen, baina baten batean ageri naiz, behintzat!”.

Pasaitarrak badauka despiste hura azaltzeko arrazoi bat: “Final bat irabazita, atzetik gehiago ere iritsiko zirela pentsatu nuen, eta erotu egin nintzen. Horregatik, momentu hartan argazkiak ateratzen hastea ez zela egokiena pentsatu nuen, baina, noski, atzetik ez ziren iritsi titulu gehiago”, amaitu du, barrez. “Denbora gehiegi igaro da Realaren azken titulutik”, gogoratu du Dadiek. Ia 34 urte. “Taldeko gazteenetakoa nintzen ni orduan, eta lehen aldiz bizi izan nuen horrelako zerbait”.

ESPAINIAKO_KOPA_-_REALA

Realarekin 1987-1988koan eta Celtarekin 1993-1994koan, pasaitarrak beste bi final ere jokatu zituen gerora, baina biak galdu zituen. “Kopako hori da nire titulu bakarra, eta niretzat horregatik da hain berezia”. Realeko zaleen belaunaldi batek finalik eta antzekorik ez duela bizi izan gaineratu du Dadiek. “Eta horregatik da hain berezia momentu hau”. Athleticek eta Realak apirilaren 3an jokatuko dute aurreko denboraldian koronabirusaren eraginez atzeratutako Espainiako Kopako finala, Sevillako Cartuja futbol zelaian (21:30).

Kopa, jangelan ahaztuta

1987ko ospakizunak ere berezitik dezente izan zuen: “Hotelera iritsi, afaltzera joan, eta mundua zegoen han!”, gogoratu du Larrañagak. “Familiako kideak, familiakoak ez zirenak…”. Afaldu ondoren, berriz, “kalera” joan ziren, “taberna eta pubetan zaleekin ospatzera. Gaur egun pentsaezina da hori”, onartu du Dadiek. Joan ziren zaleekin ospatzera… baina titulua bazter batean ahaztuta utzi zuten! Barrez kontatu du Larrañagak: “Ospakizun giroan, jangelan gelditu zen kopa. Inor ez zen gogoratu harekin. Zerbitzari bat etorri zitzaigun koparekin zer egingo zuen galdezka. Eskerrak konturatu zen! Berehala igo zuten logela batera”.

Larrañagak azpimarratu du gaur egun badirudiela final batek mundua aldatuko duela. “Baina guk desberdin bizi izaten genituen horrelako partidak. Lasaitasunez aurre egin behar zaio horrelako egoera bati”. 1980-1981ekoan eta 1981-1982koan Espainiako Liga irabazita zegoen Reala, eta Espainiako Superkopa ere irabazi zuen talde hark 1982an. “Lasaiagoa zen dena orduan, ezerk ez zeukan gaur egungo oihartzunik; komunikabideak, sare sozialak… gaur egun oso desberdina da dena”. Urtebete lehenago gozatua hartuta, Realak galdu egin zuen 1987-1988ko Kopako finala, Bartzelonaren aurka, 1-0. “Guk huts egin genuen. Ligan Bartzelonari ondo irabazita geunden, eta faborito gisa iritsi ginen final hartara, baina ez genuen eman gure mailarik. Amorru handia sentitu genuen”, azaldu du Larrañagak.

Gazte iritsi berria izanagatik, “beteranoen ondoan ibiltzen ohituta” zegoen Dadie. “Kontzentrazioetan, hasieratik, Arkonada, Larrañaga eta Bixio Gorrizekin esertzen nintzen mahaiaren inguruan”. Haiek hartu zuten hitza finalaren atarian. “Baina ez genuen egin aparteko ezer; ez musikarik eta ez ezer. Kopako finala ez da partida bat gehiago, baina aste hartan ez genuen egin aurrekoetan egin ez genuen ezer”, ziurtatu du Larrañagak.

“Aste zaila” izan zen Dadierentzat, John Benjamin Toshack orduko Realeko entrenatzaileak “lauzpabost egun lehenago” esan ziolako finalean hasieratik ariko zela. “Baina inori ez esateko agindu zidan; ez familiako inori, ez lagunei… Min hartuta ibili nintzen aurretik, eta finaleko sorpresatxoa zen nirea”. Berari “mesede” egin zion aurrez finala hasieratik jokatuko zuela jakiteak. “Ez dakidalako 21 urterekin albiste hori nola jasoko nukeen finalaren egunean bertan esanez gero”. 1987ko finalaren egunean, 29 urte zeuzkan Larrañagak, eta 21 Dadiek.

Arauzko 90 minutuak eta luzapena binakoarekin amaituta, iritsi zen penaltien garaia ere. “Eta ez pentsa oso argi zeudenik gauzak”, esanez hasi du azalpena Larrañagak. “Toshack galdezka etorri zitzaidan, ea penaltia jaurtiko nuen, eta nik ez nuen zalantzarik izan. Bakerok ere berehala eskaini zuen bere burua”. Baina izan zen ezustekoren bat edo beste. “Momentu horretan berehala nabaritzen da nor dagoen penaltia jaurtitzeko prest eta nor ez. Elastikoa kentzen hasten dira batzuk, lurrean jarri eta luzaketak egiten beste batzuk… Seinale txarra izaten da hori”. Musti Mujika eta Martin Begiristain aukeratu zituen entrenatzaileak. “Eta ondo atera zen dena, nahiz eta normalean penaltirik jaurtitzen ez zuten gazte batzuen aldeko apustua egin zuen Toshackek”. Final hartan 22 urte zeuzkan Martin Begiristainek.

“Gozatzeko” asteak

Zikloi baten ondorengo barealdia nabari da Reale Arena futbol zelaian. Bartzelonak Realari astindua eman (1-6) eta ordu gutxira elkartu dira Larrañaga eta Dadie berdegunean bertan. Parez pare daukate 1987ko titulua. “Pisutsua da, ez pentsa!”, esan du Dadiek, irribarrea ahoan. Galtzailearen etxean neurri horretakoa izango da apirilaren 4a, Kopako finala bakarrik ez, Athleticen eta Realaren arteko finala izango delako zortzi egun barrukoa.

Dadiek ez du uste Bartzelonaren aurkako joan den igandeko partidak ondoriorik utziko duenik. “Erabat lehiaketa desberdinak dira, eta Kopako finalak ez du zerikusirik izango ligako azken partidarekin. Baina, noski, taldea bere onera ekarri beharko da alor psikologikoari dagokionez”. Larrañagaren ustez ere “denbora asko” dago Athleticen aurkako finala ondo prestatzeko. “Inork ez zuen uste Bartzelonak halako astindua emango zionik Realari, baina burua freskatu eta jokalariek ondo lan egin behar dute Zubietan. Animikoki indartsu egon behar da finalean”.

Taldea horixe izaten da gehienean, taldea. “Baina ezin da ukatu [David] Silvak talde honetan daukan eragina; jokalari berezia da, desberdina”, esan du Dadiek. “Imanolek berak ere esan izan du [Imanol Alguacil, Realeko entrenatzailea] Silva dela berak jokatu nahi duen moduan jokatzeko jokalaririk garrantzitsuena, eta finalera ondo iritsiko dela uste dut”. Pasaitarrak Silvaren ondoan jarri du Nacho Monreal ere. “Esperientzia handiko jokalariak dira, eta horrelako egunetan garrantzitsua da hori”.

“Beste garai batzuk” ziren 1986, 1987 eta 1988. urteetakoak. “Baina ez da erraza finalaren atarian partidarik gabeko bi aste ondo kudeatzea”, ohartarazi du Larrañagak. “Komunikabideak, zaleak… Kalera irten eta denek gauza bera esaten dizute, eta hala izan behar du. Baina buruan landu egin behar da hori”. Biek aholku bat daukate jokalarientzat: “Oso egun politak izango dira, jendea ondoan izango dutelako, baina ondo kudeatu dezatela egoera, betekada sentituko dutelako. Ahalik eta naturaltasunik handienarekin bizi dezatela dena”.

Larrañagak argi dauka ez dela izango partida erraza, “ez talde batentzat eta ez bestearentzat. Muga-mugan ibiliko dira”. Dadieren ustez, Reala eta Athletic sinetsita daude irabaz dezaketela. “Horrelako finaletan parean Bartzelona edo Real Madril izanez gero, aldatu egin behar izaten da jokamoldea, beste taldea, berez, hobea delako. Baina, kasu honetan, antzeko maila eta presioa daukate bi taldeek. Errespetu handia diote elkarri”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.