Gordinik saldu ahal izateko, analisi gehiago

Gordinik saldu ahal izateko, analisi gehiago

Miren Garate

“Zergatik zigortu behar da arazorik ematen ez duen produktu bat?”. Esne gordinaz ari dira hizketan Nagore Kortajarena Gipuzkoako EHNEko teknikaria eta Lorea Muguruza komunikazio arduraduna. Espainiako Gobernuaren 1086/2020 dekretuak zorroztu egin ditu hura komertzializatu ahal izateko baldintzak; besteak beste, gaur egun egiten dituzten analisiez gain, beste analisi osagarri batzuk ere eskatuko dituzte esne gordina saldu ahal izateko, eta sindikatuak kalkulatu du baserritarrei hilean 400 euro inguruko kostua eragingo diela betekizun horrek. Aztertu beharreko laginak, gainera, kanpora bidali beharko dituztela salatu du EHNEk, Hego Euskal Herrian ez dagoelako analisi horiek egiteko homologatutako laborategirik. “Askorentzat oso zaila izango da dekretuak ezarritako baldintzak betetzea, eta ezingo dute saltzen jarraitu”.

Batez ere mamia egiteko saltzen da ardi esne gordina. Horri lotuta, Kortajarenak eta Muguruzak azaldu dute eremu bakoitzean ohikoak izan diren jarduerak sustatu egin behar direla esaten duela Europako Batasunak. “Baina Espainiak irizpide hori ez du aintzatetsi, eta neurri erabat murriztaileak ezarri ditu. Legeen hierarkia bat ikusten dugu, eta Espainia Europa baino askoz zorrotzagoa da”.

Dekretuak aipatzen du, hainbat erakundek egindako txostenak ikusita, “agerian” geratzen dela araudia egokitzeko premia dagoela. Baina bestelako iritzia dute EHNEko kideek. Gaur egun ere, saldu aurretik, esneari hainbat azterketa egiten zaizkiola gogoratu dute. “Baserriko produktu guztiak kontrol neurriak pasatuta saltzen dira. Barazkiak izan daitezke salbuespena, baina horiei ere egiten zaizkie kontrol batzuk”. Ez diote aparteko arriskurik ikusten esne gordinari. Osasun arloan izandako intzidentzien berri ematen duen erregistro bat badagoela kontatu dute, eta nabarmendu esne gordinarekin inoiz ez dela arazorik izan.

Entzun dute AEBetan badagoela esne gordina zuzenean edateko moda moduko bat. “Baina artzainok ordaindu behar dugu hori? Jendeak badaki egosi egin behar dela esnea, xerra bat ez dela gordinik jan behar dakien bezalaxe. Eta hala ere hartu nahi badute, beren ardura izan dadila”. Gainera, etiketan bertan ere esnea egosi egin behar dela zehazteko obligazioa izaten dutela aipatu dute.

Bost lagin, aztertzera

EHNEko kideen esanetan, bost lagin bidali beharko dira laborategira, eta horregatik ateratzen da hain garesti analisiak egitea. “Gure ustez, lagin bakarra nahikoa litzateke, esnea oso produktu homogeneoa baita”. Laginak hilero bidali behar izatearekin ere ez daude ados. “Europako markoak esaten du norberak zehaztu dezakeela maiztasun hori, zenbat esne maneiatzen duen, zer instalazio dituen eta abar kontuan hartuta. Baina Espainiak hileroko maiztasuna nahi du, astakeria bat izan arren”.

Iraungitze datarena da dekretuak dakarren beste aldaketa esanguratsu bat. Ardiak jezten zirenetik hasita, sei egunean zegoen finkatuta orain arte iraungitze data, eta hirura murrizten du. Epeak estutzeak errentagarritasunean ikaragarrizko eragina duela diote, bai artzainentzat, bai salduko duen dendariarentzat. “Demagun etxean botilaratzen duzula esnea, eta banaketa ez duzula egunean bertan egiten, biharamunean baizik. Jendeak erosi eta etxera eramateko egun bateko edo biko marjina bakarrik geratzen da”.

Esne gordinaren salmenta jarduera osagarri bat izaten da baserritar gehientzat; hau da, gazta egiteko erabiltzen dute ardi esne gehiena, eta zati bat bakarrik saltzen dute. Horregatik, litro gutxi saltzen dituztenez, gehienek halako gastuetan sartzerik ez dutela izango esan dute EHNEko ordezkariek. “Jarri dituzten baldintzekin, esnea pasteurizatzera derrigortzen zaituzte ia”.

Pasteurizatzea ere garesti

Alabaina, pasteurizatzea ere ez dela oso irtenbide erraza adierazi dute. “Ehun litro pasteurizatzeko makinak 20.000 euro balio ditu”. Gunea egokitzeak dakarren gastua eta beste gastu batzuk ere gehitu behar zaizkio horri. “Guztiari buelta emateko esne pila bat saldu beharra dago, eta denbora askoan”.

Esne gordinari dagokionaz gain, bestelako neurri batzuk ere biltzen ditu dekretuak, eta horietako batzuk ondo ikusten ditu sindikatuak, malgutu egiten dituelako baldintza batzuk. Besteak beste, animalia batzuk etxean bertan hiltzeko atea zabaltzen du dekretuak. “Edozeinek ezingo du egin, edozein animalia ere ez, eta edozein buru kopuru ere ez. Baina malgutasun neurri horiek ondo ikusten ditugu. Ezin dena egin da, esne gordinarekin bezala, orain arte egin dugun jarduera baten kontra joan”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.