Folk doinuen plaza berria

Folk doinuen plaza berria

Eneritz Maiz Etxarri

Tolosan kultur ekitaldiek beren garrantzia izan dute betidanik, eta, nahiz eta pandemia bete-betean egon, kultur elkarte berri bat sortu eta Tolofolk jaialdia antolatu dute, Tolosako Udalaren babesarekin eta laguntzarekin. Jeajeaka izena jarri diote kultur elkarte berriari, eta Pazko astean, hilaren 7tik 11ra, izango dira ekitaldiak. Zazpi emanaldi antolatu dituzte, eta herriko hainbat gune eta plazatan eskainiko dituzte.

Antolatzaileek esan dute “Tolosako kultur agenda biziberritzeko” sortu dutela jaialdia, eta Pazko astean zegoen “kultur arloko hutsunea betetzeko helburuarekin” eman dutela pausoa. Musika eta kulturaren bueltan dabiltzan hainbat lagun elkartuta sortu dute Jeajeaka kultur elkartea, eta egitasmoarekin bat egin nahi duten guztiek “zabalik” dauzkate elkartearen ateak. Bertako kideak dira Manex Urruzola, Garikoitz Llobregat, Xanti Nazabal eta Zigor Sagarna. “Kultura herrikoiaren eta munduko musiken jaialdia izango da Tolofolk, Tolosa erreferente bilakatzeko asmoz”, esan du Urruzolak. Musika “hizkuntza unibertsala” dela gogorarazi du, eta “askok uste baino aniztasun urriagoa” dagoela munduan, gehienek “antzeko ezaugarriak” dituztelako.

Tolosako, Tolosaldeko eta Gipuzkoako artistak gonbidatuko dituzte jaialdira, eta atzerriko artisten parte hartzea ere izango da. Urruzolak argitu duenez, “artisten artean sinergia sortzea” ere bada helburuetako bat. Bestalde, Llobregatek gehitu du “jarraitzeko bokazioarekin” prestatu dutela jaialdia, “folkaren inguruko artistei ikusgarritasuna emateko”. Poliki-poliki, herriko eta eskualdeko musikariei, artistei eta eragileei ikusgarritasuna ematea dute beste nahietako bat.

Horiez gain, jaialdiaren antolatzaileek hiru zutabe nagusi zehaztu dituzte kultur egitasmorako: “Ludikoa, didaktikoa, eta irekia eta parte hartzailea behar du izan”.

Nazabal arduratu da egitarauko xehetasunak zehazteaz, eta lehen ekitaldia “didaktikoa” izango dela azaldu du, Luis Astiazaran soinu konpontzailearen eskutik. Hortik aurrera hasiko da dantza eta musika festa.

Luis Antonio Pedraza Zamorako (Espainia) musikariarena izango da lehen saioa, ostegunean, apirilaren 8an. Hainbat instrumentu jotzen ditu Pedrazak, eta piano jotzaile bat eta bi dantzari izango ditu laguntzaile moduan. Zamorako herri dantzekin eta herri musikarekin gozatzeko aukera izango dela esan du Nazabalek.

Ostiralean, apirilaren 9an, Eneko Dorronsoro, Fredi Pelaez eta Peio Irigoienek emango dute kontzertua. Larunbat eguerdian, berriz, apirilaren 10ean, bakarkako kontzertua eskainiko du Hector Braga asturiarrak (Espainia). Hainbat instrumentu jotzen ditu hark ere, eta “ikuskizun berezia” eskainiko duela adierazi du Nazabalek. Arratsaldean, berriz, Oreka TX taldearen eskutik Koklea ikuskizuna izango da Leidor antzokian.

Azken egunerako utzi dute tolosarren txanda. Igandean, apirilaren 11n, lehenik, emanaldi berezia eskainiko du Udal Txistulari Bandak, eta Irlandako eta Euskal Herriko doinu zaharrekin itxiko dute jaialdia. Alan Griffin, Iraide Ansorena, Arkaitz Miner eta Juanjo Otxandorenak osatzen dute Turlach taldea, eta herriko artistak batuko zaizkie, berritasun moduan.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, gonbidapenak beharko dira kontzertu guztietarako, eta Bibe plataformaren bitartez edo kultur etxera joanda eskuratu beharko dira. Oreka TXren kontzerturako, berriz, sarrerak erosi beharko dira, Kutxabanken; 10 euro balio dute.

Kulturaren aldeko apustua

Olatz Peon Tolosako alkateak gogorarazi du “kulturaren aldeko apustu irmoa” egiten jarraitzen dutela eurek. Iaz, Suspertu Planaren barruan, “herri dinamizaziorako eta kultur eragileen lana babesteko kultur egitarau bereziak” antolatu zituzten herrian, eta aurten ere “kultura eta kirola babesten eta sustatzen” jarraituko dutela esan du.

Kultura Plazara egitasmoa, esaterako, zabaldu egingo dute denboran eta edukiari dagokionez; ekainetik urrira bitarteko iraupena izango du aurtengoak. “Tolosaren biziberritze sozioekonomiko eta kulturalerako ezinbestekoak dira Kultura Plazara, Tolofolk eta halako egitasmoak, Tolosak kultur arloan erreferente izaten jarrai dezan”, azpimarratu du alkateak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.