Historia digitalizatzeko

Historia digitalizatzeko

Unai Zubeldia

Digitalizazioa da erronka. “Tolosar gehienok inauteriei buruzko ikus-entzunezko material asko daukagu etxean: VHSak, Video-8ak… Dena galtzeko arriskua daukagu, eta material hori desagertuz gero, historiaren zati bat ere galduko genuke”. Izarne Iglesias Tolosako Udaleko Kultura zinegotziak horregatik egin die dei berezia “tolosarrei eta tolosar ez direnei”, Tolosako inauterien inguruko ikus-entzunezko materiala udalaren esku uzteko, eduki hori dena digitalizatu eta aztertu ahal izateko.

Herritarrek etxean daukaten ikus-entzunezko materiala digitalizatzeaz gain, ondoren lanketa bat egin eta dokumental bat sortzea da Tolosako Udalaren egitasmoaren bigarren xede nagusia. “Material asko bilduko dugu, ziur gaude, eta ezingo dugu den-dena erabili. Baina antropologoen eta historialarien esku utziko dugu baliagarria izan daitekeen material hori guztia”. Herritarren adierazpenak edo bizipenak bilduta osatutako dokumental soil bat izan gabe, “inauterien inguruko ikerketa lan bat egitea” da udalaren helburua. “Nola sortu ziren inauteriak, nondik datozen, zein bilakaera izan duten, inauteriek zein ikuspuntu desberdin izan dituzten… Hori guztia landu nahi dugu bigarren fase batean”.

Bilduko duten materiala aztertzen hastean zehaztuko dute zenbateko antropologo, historialari eta soziologo taldea beharko duten ikerketa lana egiteko. “Aurretik ere bilduta daukagu material dezente, Jeiki Jeiki ekimenari esker, baina bereziki argazkiak bildu genituen orduko hartan; argazkiak… eta herritarren bizipenak”. Otsailaren 11tik martxoaren 6ra ikusgai egon zen prozesu horretan bildutako materialarekin Aranburu jauregian prestatu zuten erakusketa.

Urteetan atzera eginda

Dokumentala egiteko epeak zehazten hasita, Iglesiasek azpimarratu du neurri batean “edukien araberakoa” izango dela hori. “Baina 2022ko inauterietarako prest eduki nahiko genuke dena. Urtebeteko lanketa aurreikusi dugu, gutxi gorabehera”. Balizko materialari buruz, berriz, Tolosako Udaleko Kultura zinegotziak uste du “denboran atzera egiteko aukera” eskainiko duela. “Ez dakigu zein urtetakoa izango den ikus-entzunezko edukirik zaharrena, baina gure etxean bertan bideo pila bat dauzka aitonak, eta 84 urte dauzka hark”. Iglesiasek azpimarratu du “oso inauterizalea den adineko jende asko” dagoela Tolosan: “Eta euren eduki propioak edukiko dituzte gehienek. Denboran oso atzera joango garela uste dut, eta polita eta hunkigarria izan daiteke prozesua guretzat, baina baita adinekoentzat ere”. Zinegotziak esan du “gaur egungo inauteriak” ezagutzen dituztela eurek: “Baina gogotsu gaude garai bateko eduki horiek eskuratzeko”.

Astelehenean hasi ziren materiala biltzen, Tolosako kultur etxean, eta ekainera arte egongo da aukera material hori aurkezteko, “San Joan bezperara arte”. Zehazki, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:30era egongo da zabalik kultur etxea. “Baina Aste Santuan goizez bakarrik egongo da aukera materiala eramateko”, esan du Iglesiasek. Ikus-entzunezko edukiak entregatzearekin batera, orri bat sinatu beharko dute herritarrek, zein material eraman duten zehazteko. “Eta material hori ez da aterako kultur etxetik: bertan egingo dute digitalizazio prozesu guztia, eta, utzitako ikus-entzunezkoak jasotzean, digitalizatutako materiala ere jasoko dute opari, USB batean”.

Tolosarrei, esker on hitzak

Iglesiasek aitortu du udal bakoitzak norberaren herriari ematen diola garrantzia. “Baina Tolosako inauteriek sona handia daukate Gipuzkoa osoan, eta gero eta indar handiagoa hartzen ari dira”. Pandemiaren eraginez, iaz “justu-justuan” ospatu ahal izan zituzten inauteriak, eta aurten ez da izan ospakizunik. “Zentzu horretan, herritarrei eskerrak eman beharrean gaude, oso lasai igaro zirelako berez inauteriak ospatu behar genituen egunak, eta oso harro gaude”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.