Orrazi arteko arte galeria

Orrazi arteko arte galeria

Josune Zarandona

Legazpiko Kale Nagusian dagoen Juan Kruz ile apaindegiak ez dauka Bilboko Guggenheim museoaren izenik, ezta MOMA New Yorkeko (AEB) Arte Modernoko Museoaren osperik ere; are gutxiago, Parisko Louvreren sonarik. Baina guztiek badute batzen dituen zerbait: artea. Izan ere, Juan Kruz ile apaindegia arte erakustoki ere bada; bertako nagusi Juan Kruz Fernandez Pelu-k zehaztu duenez, hamabi urte daramatza bere lokalean erakusketak antolatzen.

JUAN KRUZ ILE APAINDEGIA

Fernandezek Legazpiko eta inguruko 50 bat artistaren lanak eskegi ditu ile apaindegian azken hamabi urteetan. “Urtean sei erakusketa antolatzen ditut”, adierazi du. Oraintxe bertan eta maiatz amaierara arte, Legazpiko Txo! Kolektiboko emakumeen lanak daude ikusgai, Txo!Koak izenburupean. Fernandezek betidanik gustuko izan du artea. “Beti erakarri izan nau, eta lagunen artean artistaren bat edo beste izateak gehiago gerturatu nau mundu horretara”, azaldu du.

JUAN KRUZ ILE APAINDEGIA

Txo! Kolektiboa 1989. urtean sortu zuten Carlos Ausserladscheider eta Gorka Salmeronek. Diseinu grafikoa, publizitatea, pintura, argazkigintza, serigrafia, eskultura eta musika landu zituzten, batez ere, hasierako urte haietan. Dena den, sortu zutenetik, artista, diziplina, ideia eta pentsaera guztiei irekita egon da kolektiboa. Ordu hartan, poliki-poliki artistak batuz joan ziren taldera, eta kolektiboa hazi egin zen. 1994ra bitartean urte emankorrak izan ziren. Hamalau urte luzeko geldialdia etorri zen gero, 2008an Ausserladscheiderrek Txokolektibo.com webgunea sortzeko erabakia hartu eta kolektiboa berpizteko hautua egin zuen arte.

JUAN KRUZ ILE APAINDEGIA

Emakumeen artelanak

1991n Olatz Goiburu batu zitzaien kolektibora; taldeko hirugarren kidea izan zen. Hasierako urte haiek nostalgiaz oroitu ditu. “Oso gaztea nintzen artean, artista moduan neure buruaren bila ari nintzen”. Aro berri honetan oparoa da taldearen errealitatea. “Ia berrogei bat lagunek osatzen dugu kolektiboa”, zehaztu du.

JUAN KRUZ ILE APAINDEGIA

Taldeko emakumeen lanekin erakusketa bat antolatzeko ideia urteetan izan du Goiburuk buruan. Eta, azkenean, argia ikusi du egitasmoak. Sofia Arostegi, Oihana Insausti, Ana Cabezas, Gema Duran, Susi J. R., Oaia Peruarena, Nagore Olarra, Lu Sanchez eta Goibururen beraren lanek osatzen dute erakusketa. Pintura, argazkiak, zeramika eta grabatuak ikus daitezke, besteak beste. “Diziplina anitzeko erakusketa da, taldea bera bezala”, dio Goiburuk.

JUAN KRUZ ILE APAINDEGIA

Txo! Kolektiboaren eta Juan Kruz ile apaindegiaren arteko elkarlanak ez du etenik izan taldearen bigarren aroan. “Salmeron eta biok lagunak gara betidanik, eta oso modu naturalean sortu zitzaigun ile apaindegian erakusketak antolatzeko ideia”, oroitu du Fernandezek. Ez da, ziurrenik, artelanak erakusteko lekurik aproposena, baina badu berezia den zerbait bertako eta inguruko artistentzat. Goibururentzat, adibidez, Fernandezena “esperimentatzeko leku bat” da. “Beste inon erakusten ausartuko ez nintzatekeen lanak eraman ohi ditut bertara”.

Margolanak daude ikusgai, besteak beste. Testura askokoak batzuk, kolore bizikoak besteak, errealistagoak… Grabatuak ere bai, plastikozko xaflez egindakoak; edo zeramika lanak, teknika jakinak erabilita egindakoak. Baita argazkiak ere.

Fernandez gustura dago ile apaindegian sortu duen arte galeriarekin. “Bezeroek ere oso gustura hartzen dute, ohituta daude jada”, esan du, eta aurrerantzean ere erakusketak antolatzen jarraitzeko asmoa duela ziurtatu du. “Erakusketa bereziren bat prestatzeko asmotan nabil aurten”. Hark dioenez, arteak “edertu” egiten du. “Edo, txarrenean, galderak eragiten dizkio ikusten ari den horri”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.