“Sorpresa hartu nuen Fraisoron egindako lanaz jabetzean”

“Sorpresa hartu nuen Fraisoron egindako lanaz jabetzean”

Onintza Lete Arrieta

Eva Garciak (Donostia, 1966) 2011n argitaratu zuen Fraisoroko amak, Fraisoroko haurrak ikerketa lana, Manuel Larramendi Kultur Bazkunaren beka bati esker, eta orain gaztelaniaz plazaratu du lana —Mujeres de barro, infancias de cristal—, orduko informazioa zabalduta eta lekukotza gehiago bilduta. 1903tik, Gipuzkoako ume abandonatuak nahiz ama ezkongabeak hartu zituen mende batez Zizurkilgo Fraisoro sehaska etxeak, eta liburuaren hitzaurrean irakurleari azpimarratu nahi izan dio “gizartea bera” izan zela emakume eta haur haiei bizkarra eman ziena, eta erakundeetan aurkitu zutela babesa.

Zer testuingurutan sortu zuen foru aldundiak sehaska etxea?

Gipuzkoan XIX. mende hasieratik probintziako bost barruti judizialetan tornu bat zeukaten umeak modu anonimoan lagatzeko. Erakundearen helburua zen haur horiek lehenbailehen inude baten esku uztea. Gaixotasun kutsakorren eta osasun bermerik ezaren ondorioz, inudeen langintza oso marjinala zen garai hartan, eta, haur abandonatuen heriotza tasa, izugarria.

XIX. mendearen amaieran, bi egoera batu ziren: diputazioko politikari batzuk medikuak izatea, eta Aurrezki Kutxa Probintziala sortzea eta irabazien zati bat gizarte egitasmoetara bideratzea. Horri esker zabaldu zuten, 1903an, sehaska etxea Zizurkilen. Hasierako egitekoa zen tornuetan eta leku publikoetan abandonatutako haurrei babesa eta mediku arreta ematea. Baina 1913tik aurrera, haurdunaldia ezkutatu nahi zuten ezkongabeei ere harrera egin zieten, erditze seguru, anonimo eta doakoa eskainiz, eta haurra erakundean berme jakin batzuen pean uzteko aukera emanez.

12.000 haur eta 3.500 ama inguru pasatu ziren etxe hartatik.

Bai, kopuru handiak dira biak. Haur horietako asko Gipuzkoako familietan kokatu ziren. Mende hasieran, inudeen etxeetan. 1950az geroztik, fabrikako ama-esnearen (edo esne maternizatua-ren) emaitza onei esker, haur horiek seme-alabarik gabeko ezkontideei esleitu zizkieten. 1932an diru laguntzak ezarri zituzten beren haurra atxiki nahi zuten amentzat, eta, pixkanaka, gero eta gehiago izan ziren erakundea [Fraisoro] amarekin utzi zuten haurrak; %50,36. Erakundearen egitura eta lan egiteko prozedurak aztertzen ditu liburuak, eta haur eta ama haiek pasatutako hainbat egoera ere jasotzen ditu, testigantzen bidez.

Liburuan gizon bat nabarmendu duzu: Andres Izaskun. Zergatik?

Istorio bitxia eta hunkigarria da. Espositoen arloko —edo tornuetako— ikuskaria izan zen, eta kontsultatu nituen espedienteak haren oharrez josita daude; gizatasun handiz idatzi zituen. Haren familia elkarrizketatu nuenean, ia kasualitatez jakin nuen Fraisoron abandonatutako haurretako bat izan zela. Gerraostean, bera bezalakoen alde lan egitea erabaki zuen. Liburuan oso agerian geratzen da nolako lana egin zuen haurren eta amen alde. Testigantzek hala baieztatzen dute. Patuak ukatu ziona, besteei errazten saiatu zen.

Mujeres de barro, infancias de cristal lanak baditu berrikuntzak aurreko argitalpenaren aldean.

Hamar urteotan sehaska etxearekin lotura izan duen hainbat pertsona jarri da nirekin harremanetan; horietako batzuek testigantza eman zidaten, argitaratzeko. Beste batzuk beren jatorri biologikoaren bila ari ziren. Gai hori modu sakonagoan agertzen da azken kapituluan: Adopzioa, eta haurrak duen eskubidea jatorri biologikoa jakiteko; ikuspegi soziala eta legezkoa, bilaketa prozesuan izaten diren zailtasunak, haurra adopzioan eman zuten emakumeekiko begirada etikoa, eta, batez ere, horrelako prozesu bat abiarazteko beharrezkoa den laguntza profesionala.

Zer ondorio atera duzu Fraisorori buruz?

Uste dut garai hartan zegoen psikologiaren ezagutzarekin eta zeuzkaten baliabideekin saiatu zirela gai korapilatsu hau ahalik eta ondoen kudeatzen. Ezin dugu ahaztu gizarteak eta askotan familiak berak marjinatzen zuela ama ezkongabea, maiz baita bere haurra abandonatzera ere behartuz; etxera itzuli nahi bazuen, behintzat. Autokritika zintzoa ere egin behar dugu denok; estigma horrek gaia sekretupean eramatera bultzatzen zuen.

Egun, sekretu horrek susmo txarrak eragiten dizkie hainbati. 2011n haur lapurtuen gaia agertu zenetik, jatorri biologikoa jakiteko eskaera asko egin dizkiete administrazioei. Gipuzkoan, tornuko haurren kolektiboak du arrakasta izateko aukera gehien, funtzionarioak gogotik ahalegindu baitziren amen identifikazio datuak gorde eta familia biologikoarekin izandako kontaktuak espedienteetan erregistratzen. Beste administrazio batzuek kudeatutako adopzioetan asko dago jakiteko oraindik. Aurreiritzi asko dago mojez edo erakundeez, neuk ere banituen, baina sorpresa hartu nuen Fraisoron eginiko lanaz jabetzean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.