Eremu gorrian kateatuta

Eremu gorrian kateatuta

Miren Garate

Zergatik ari da COVID-19a hainbesteko eragina izaten Goierrin? Behin baino gehiagotan egin diote galdera hori Leire Artola Beasaingo alkateari. “Eta udalean geuk ere egin diogu geure buruari, baina ez daukagu erantzunik. Nahiko genuke hipotesiren bat izatea, horrek aukera emango ligukeelako neurri zuzentzaileren batzuk jartzeko, baina ez daukagu halakorik”. Uste du herritarrek, oro har, babes eta distantzia neurriak errespetatzen dituztela, ez direla gauzak beste herrietan baino okerrago egiten ari. “Gaixotasun honek begiz jo-edo egin gaitu”, dio, erdi txantxetan. Gauza bat argi du alkateak: behin eremu gorrian sartutakoan, handik ateratzea “oso zaila” izaten da.

Beasainen, urriaren 11tik gaur arte, 50 egunetan bakarrik izan dute 100.000 biztanleko 400etik beherako intzidentzia tasa: hau da, sei hilabetean, hilabete eta erdi pasatxoan, otsailean izandako barealdiari esker. Orain arte 1.480 positibo izan dira, eta, biztanleriarekin konparaketa eginez gero, horrek esan nahi du %10,5 inguru gaixotu direla. Gipuzkoan, Andoain eta Bergara dira Beasainen parekoenak tamainan, eta haietan %7,4 eta %9,4 inguru gaixotu dira orain arte.

irudia_ikusi

Aurreko astean Goierriko alkateek bilera bat izan zuten Jaurlaritzako Osasun Saileko ordezkariekin, eta haiek esan zieten ez dutela koronabirusaren foku jakinik ikusten. “Familia eremuetan gaixotu da jendea gehienbat. Enpresetan ere egon dira kasuak, eta horrek senideak gaixotzea eragiten du gero. Aldaketa gisa, azkeneko kasuetan ikusi da jende gazteagoa ari dela kutsatzen orain, 18 urtetik beherako gehiago”.

Intzidentzia tasa 400dik gora dagoenez, asteartetik itxita dago Gipuzkoa, eta Goierrin, Beasain ez ezik, herri hauek ere bai: Itsasondo, Legorreta, Olaberria, Lazkao, Legazpi, Ordizia, Urretxu, Zaldibia, Zegama eta Zumarraga —aurreko astean itxita egon ostean, asteartean ireki zituzten Idiazabal, Ormaiztegi eta Segura—.

7.000tik gorako tasa

Baretzen ari dela ematen duen arren, egoera bereziki kezkagarria izan da Zaldibian, 7.000tik gorako intzidentzia tasa izan baitute. Atzoko datuetan 3.980ko tasa ageri zen, eta horrek esan nahi du azken bi asteetan 70 positibo baino gehiago izan direla —1.650 biztanle ditu herriak—. Udaleko ordezkariak haserre agertu dira Osasun Sailak izandako jarrerarekin, eta beharrezko neurriak ez hartzea egotzi diote. Positibo kopurua handitzen ari zela ikusita, herrian baheketa bat egitea proposatu zioten udaleko ordezkariek Osasun Sailari, argazki orokor bat izateko, baina hark ez zuen egoki ikusi. Eztitxu Mujika alkateak dioenez, baheketak “egin berriak” zituzten Lazkaon, Ataunen eta Legorretan, eta ez omen zuten emaitzarik ematen. “Atzerako aztarnaren bidea erabiltzea erabaki zuten”.

Haren esanetan, Aste Santuko oporrak hartzeko pare bat egun falta zirenean ikusi zuten egoera larritzen ari zela. “Eskolak protokolo bat du, eta eskerrak horri; bestela, auskalo zenbat kasu izango ziren”. Protokolo horren arabera, Haur Hezkuntzan kasuren bat egonez gero, konfinatu egiten dute gela osoa, eta probak egiten dizkiete haurrei; zaharragokoetan ere probak egiten dizkiete kutsatu denaren ingurukoei. “Horrelako herri txiki batean eskolan hainbeste kasu izanda, ikusten genuen herrian ere izugarri pila izango zirela kasuak. Hasieratik esan genuen egoera larria zela”.

Baheketarik egin ez zutenez, Mujikak azaldu du herritarrak beraiek izan direla hein batean aztarnariak, herri txikietan gutxi gorabehera jakiten dutelako zein dauden gaixorik. Arin pasatu dute gaitza batzuek, baina dozena erdi lagun inguru ospitalean egon dira. Beste bi astean gutxienez herria itxita egongo delakoan dago, eta udalak ere bertan behera utzi ditu egunotarako antolatutako ekitaldi guztiak. Bien bitartean, aurrena gaixotu zirenak hasi dira kalera ateratzen, baina asko eta asko konfinatuta daude oraindik euren etxeetan.

Beasaingo alkateak bezala, Zaldibiakoak ere ez daki zergatik dauden hainbeste kasu Goierrin, baina birusaren kutsagarritasuna nabarmendu du, eta esan du behin etxean sartzen denean, bakartuta egoten saiatu arren, zaila izaten dela ez gaixotzea. “Azken solairuko bi etxetako bizilagunen kasuan, igogailua erabili izana da gaixotzeko identifikatu den azalpen bakarra. Gainera, igogailua ez zuten beste batzuekin batera erabili. Etxetik lanera eta lanetik etxera joaten den jendea da, edo baratzetik etxera, eta gaixotu egin dira, halere”.

Sintomarik txikiena izanez gero edo positiboren batekin kontaktua izan dutela jakinez gero, ahalik eta azkarren osasun zerbitzuekin harremanetan jartzeko eskatu die Zaldibiako alkateak herritarrei.

Leave a Reply

Your email address will not be published.