Erkuden Aldaz: “Usurbilen zaintza ekosistema bat eratzea da helburua”

Erkuden Aldaz: “Usurbilen zaintza ekosistema bat eratzea da helburua”

Miren Garate

Egungo zaintza ereduari buruzko gogoeta kolektibo bat egiteko prozesu parte hartzaile bat abiatuko du Usurbilgo Udalak, eta Matia Fundazioa izango du lagun bide horretan. Bi galdera nagusi izango dituzte ardatz: “Nola zaindu nahi dugu”, batetik; eta, “nola zainduak izan nahi dugu”, bestetik. Erkuden Aldaz Matia Institutuko zuzendaritzako kideak (Urdiain, Nafarroa, 1983) dio zaintza eredua eraldatzeko beharrezkoa dela herriko eragile guztiak inplikatzea.

Zaintzari buruzko prozesu parte hartzaile bat hastekotan da Usurbilgo Udala, Matia Fundazioarekin elkarlanean. Zein da haren helburua?

Usurbilek zaintza arloan dituen beharren eta arlo horretan duen eskaintzaren diagnosi bat eginda dago aurrez. Pertsona ardatz duen zaintza ereduaren norabidea zein den ere badakigu, baditugu printzipio argi batzuk: duintasuna, autonomia, pertsona osotasunean ikustea eta abar. Eta Eusko Jaurlaritzaren Etxean Ondo eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etxean Bizi proiektuetako esperientzietatik lortutako ezagutza ere badugu. Diagnosi eta norabide orokor horiek kontuan hartuta, zaintza ekosistema bat eratzea da helburua orain, parte hartze prozesu baten bidez herriko agenteak inplikatuta.

Nork osatu behar luke ekosistema hori?

Gakoetako bat iraupen luzeko zaintzan inplikatutako herriko agente guztiak biltzea dela iruditzen zaigu, hori gabe zaintzaren eraldaketa ez delako posible. Zaintzaren kontzeptua zabala da, eta, Matiaren begiradatik, mendekotasunen bat izan edo ez, beren egunerokoa antolatzeko babesa behar duten horiek hartzen ditugu zaintza behar duten pertsonatzat. Horiez gain, zaintza behar dutenen senideak, zaintzaile profesionalak, etxez etxeko arretan dabiltzanak, eguneko zentroak, egoitzak, herriko osasun zentroko mediku eta erizainak, gizarte langileak eta abar daude ekosistema horretan, eta garrantzitsua da komunitatearen parte hartzea, boluntario elkarteena-eta, nahiz gertuko zerbitzuena. Helburua da identifikatzea eragile bakoitzak zer eman dezakeen zaintza ekosisteman.

Nola gauzatuko duzue parte hartze prozesua?

Orain arte, beharrak testatzeko fasean, bost deialdi ireki ditugu, eta talde eragile bat sortuko dugu orain. Aipatutako ekosistema hori osatzen duten aldeen ordezkaritza moduko bat izango da. Beste esperientzia batzuetatik ateratako ikasgaiak, diagnosian ateratako beharrak, dagoen ezagutza eta abar artikulatzea izango da haren lana, herriak dituen baliabideak kontuan hartuta, herriak berak erabakitzeko nolako zaintza nahi duen eta hori lortzeko bidean zer pauso eman behar dituen.

Bi galdera nagusi jarriko dituzue mahai gainean: “Nola zaindu nahi dugu?” eta “nola zainduak izan nahi dugu?”.

Horri lotuta, badago ebidentzia bat: galdeketa guztietan %90ek aipatzen dute, zaintza behar izanda ere, etxean bizi nahi dutela. Hori horrela bada, nola egin dezakegu? Zer behar dugu horretarako? Eta zaintza behar duena etxean ez bizita ere, zer egin dezakegu etxean bezala egoteko? Zaintza ekosistema sortu beharreko zerbait da, eta sortze horretan aukera ezberdinak daude; hau da, printzipioak berberak izanda ere, aukerak aldatu egiten dira herri batetik bestera, herri bakoitzak bere zerbitzu, elkarte eta abarrak dituelako.

Jar dezakezu adibideren bat zaintza ekosistema horrek ekar dezakeena azaltzeko?

Adibidez, gaur egun pertsonari arreta emateko modua hau izaten da: pertsonak bere mendekotasunaren balorazio bat izaten du, eta, graduaren arabera, zerbitzu eta prestazio batzuk jasotzen ditu. Gizarte langileak horiek martxan jartzen ditu, eta jarraipen bat egiten die. Hau da, mendekotasunean oinarritutako balorazioa izaten da, eta gutxi sakontzen du pertsonari zentzua ematen dion horretan: pertsonaren nahiak, desioak, gaitasunak, bizi proiektua…

Pertsona ardatz hartzen duen zaintzak pertsona haren beharretatik harago ikusarazten digu, ikuspegia zabalagoa da, handizaleagoa: kontuan hartzen du pertsona batek zer behar dituen, baina, horrez gain, baita zer nahi duen ere. Profesionala bera ere beste ikuspegi batean jartzen du: begirada zabaltzen du, eta begiratzen du herriak zer gehiago eskain diezaiokeen pertsona horri ondo egon dadin.

Beharretatik harago begiratzea da gakoa?

Guk aukerak eskaini behar ditugu, eta pertsonak erabaki behar du zer nahi duen. Gako bat dago: herria nola konfiguratzen den laguntza beharrean dauden pertsonen nahiak betetzeko. Eta pertsona horiek ez baditugu hartzen gaitasunak, nahiak, bizi proiektuak eta desioak dituzten pertsonatzat, ez dugu sortuko horiek asetzera bideratutako aukerarik. Aukeretan oinarritutako ikuspuntu hori adosteko aukera emango digu partaidetzak, zaintza behar duen pertsona eta zaintza eskaintzen duten guztiak kontuan hartuz.

Leave a Reply

Your email address will not be published.