Nekearen zama

Nekearen zama

M. Garate

Luze doa kontua, eta “nekea” da herritarrek gero eta gehiago aipatzen duten kontuetako bat. Felix Huizi tabernaria da, Beasaingo Plazape tabernakoa, eta azaldu du pandemia hasi zenetik bost hilabetean izan dituztela tabernak itxita herrian. Iazko udaberriko konfinamenduan izan zuten lehen eten luzea, guztiek bezala. Gero, azaroaren 6tik urtarrilaren 26ra bitartean, hiru egunean bakarrik izan zuten irekitzeko aukera, herriko egoeragatik: abenduaren 12an, 13an eta 14an. Azken neurrien arabera, 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:30era bakarrik har dezakete jendea barruan. “Erremate moduko zerbait izan da hori”.

Terraza badutenez, Huizik dio Plazapen “hainbestean” ari direla egoerari eusten, baina nabarmendu du herriko ostalari batzuk “oso larri” daudela. “Hiru bat taberna itxi dituzte dagoeneko, eta ez dakigu berriro irekiko dituzten”. Gainerako arlo batzuetan ere ikusten da egoera ekonomikoa okertzen ari dela. Goieki eskualdeko garapen agentziak emandako datuen arabera, iazko urtarrilean langabezia tasa %7,41ekoa zen eskualdean, eta urtea amaitzerako %8,37ra igo zen.

Orain arte ostalaritzari bideratutako laguntzak “barregarriak” direla iruditzen zaio Huiziri, eta argi du tabernak ez direla egoeraren errudunak. Esan du Beasain bera dela adibidea, hainbat astez itxita egon arren birusaren kasuek gora eta gora egin zutelako. Ilusiorik gabe ikusten ditu zenbait tabernari, eta herritarrak ere bai, elkar animatzen saiatzen badira ere: “Zerbait egiteko gogoa izanda ere, gero zerbait gertatzeko beldurra ere egoten da, eta azkenean nazkatu egiten da jendea. Tabernok ere 20:00etan itxi behar dugu, eta, oso eguraldi ona egin arren, etxera joatea ekartzen du horrek”.

Isidro Benitez Lagunkiro boluntarioen elkarteko presidenteak, berriz, adinekoen egoeraz ohartarazi du: “Bakartuta eta triste daude. Beldurrez ikusten ditut; beldurra diote pandemiari eta haren ondorioei. Oso gutxi dira ateratzera ausartzen direnak; etxe atarira eguzki pixka bat hartzera ere ez dira joaten asko”. Aisialdiko tarteak partekatzeak duen garrantzia aipatu du; esate baterako, Goazen Ordizia egitasmoa izaten zuten lehen ostegunetan, pasiera egiteko: “Ehun lagun inguru elkartzen ginen; salda hartzen genuen eta abar, edo jendea lagunekin elkartzen zen bingorako edo karta jokorako. Hori guztia amaitu da, eta gaizki ikusten ditut adinekoak”.

Boluntario gisa ere ezin dituzte lehen egiten zituzten gauza guztiak egin. Janari banaketari, irten ezin direnei etxeetara errezetak emateari eta halako oinarrizko zereginei bakarrik eusten diete. “Baina bakardadea da muinetako bat”. Beharrezko ikusten du herriko adinekoen erradiografia moduko bat egitea, jakiteko jendea zein egoeratan dagoen. Esan du gaur-gaurkoz txertoak ere ez duela argi izpi handirik eragiten: “Ematen ari diren informazio nahasiarekin, beldurra areagotu baino ez dute egiten”.

Eutsi, baina noiz arte?

Jendeak neke sentsazio hori izatea “erabat normala eta ulergarria” iruditzen zaio Saioa Otegi Ordiziako Saiatuz psikologia zentroko psikologoari: “Sentsazio hori sortzen da gauza bat denboran luzatzen denean, batez ere ohituak ez gauden bizimodu batean”. Uste du araudi bat bete behar izateak, hau da, kontsentsuatua izan ez den kontsentsu bat bete behar izateak baduela zerikusia: “Hasieran denok geunden kolaboratzeko prest, baina kolaborazio hori ez denez izan kontsentsuatua, nekea eragiten du”. Eta esan du neurriak hain aldakorrak izateak ere ez duela laguntzen, esfortzu handia eskatzen duelako araudia etengabe betetzeak eta aldakortasun horretan malguak izateak: “Denok ez dugu egokitzeko trebetasun bera, eta trebetasun hori falta zaigunean, nekea etortzen da”.

Neke horri noiz arte eutsi ahal izango zaion galdetuta, esan du ezin dela orokortu, ezin dela hilabete kopuru jakin batez hitz egin. “Konturatu gaitezke neke hori gainezka daukagula geure buruak egoera pixka bat larriagoa sentitzen duenean, antsietatea sentitzen dugunean, etorkizunari begira jarri eta ziurgabetasuna gainjartzen denean…”. Nabarmendu du gorputza ere neke horren isla bilaka daitekeela:”Somatizazio ugari gertatzen ari dira. Buruak kudeatu ezin dituen horiek gorputzetik askatzen saiatzen gara. Azkenean, gorputzak erakusten digu muga, gorputza burua barne duela ulertuta”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.